Esku-hartze Sozialeko langileak, hitzarmen duin baten alde borrokan

Erredakzioa 2021ko urr. 27a, 13:59
Esku-hartze sozialeko langileen bigarren mobilizazioa, Probintzia plazan. / Argazkia: ELA

Esku-hartze Sozialeko langileek mobilizazio dinamika abiatu dute, hitzarmen duina eta Aldundiaren inplikazioa eskatzeko. Gaur egin dute bigarren protesta eguna, eta Emilio Sola diputatuak haien beharrak entzuteko prest dagoela adierazi die.

Asteazken honetan, ELA, CCOO, LAB, ESK eta UGT sindikatuek abiatutako dinamikaren barruan, bigarren mobilizazio eguna izan dute Arabako Esku-hartze Sozialeko langileek, eta hitzarmen duinaren aldeko aldarria Aldundiak Probintzia plazan duen egoitzaraino eraman dute.

Gizarte Zerbitzuetako foru diputatu Emilio Sola langileekin hitz egitera jaitsi da, eta haien beharrak entzuteko prest dagoela adierazi die. Horretarako, bilera bat eskatzea proposatu die.

Sektore honen azken hitzarmena 2020ko abenduaren 31n amaitu zen. Orduz geroztik, 2021. urtean zehar, hainbat bilera egin dituzte AISA patronalarekin, baina oraingoz ez dute aurrerapausorik lortu.

Besteak beste, patronalak soldaten %4ko igoera planteatu du datozen hiru urteetan, baina sindikatuek ohartarazi dute "urte arteko KPIa dagoeneko %4koa dela". Horren aurrean, sindikatuek gogorarazi dute 2017an hiru eguneko grebari esker lortu zutela aurreko hitzarmena, eta mobilizazioei ekin diete berriro, hainbat eskakizun plazaratuz; oraingoz patronalak baztertu egin ditu:

  • Soldaten %6,5eko igoera
  • Urtean zortzi orduko lanaldi-murrizketa
  • Hobekuntzak aldi baterako ezintasunaren osagarrian
  • Lizentziak eta baimenak
  • Familia, gizartea eta lana bateragarri egiteko eskubideak
  • Plusen arteko bateraezintasunak
  • Txanda kontratua eskuratzeko eskubidea ezabatzea

Egoera desblokeatzeko eskatu diote AISAri, planteatutako baldintzak "lehenbailehen" adosteko. Bestalde, Arabako Foru Aldundiaren inplikazioa eskatu dute sindikatuek, esaterako, hobekuntzak finantzatzeko konpromisoaren bitartez.

Gaur egun, sektoreak 1.000 langile baino gehiago ditu Araban, hainbat enpresaren bitartez. Langile horien eginbehar nagusia gizarte-bazterkeriako arriskuan dauden pertsonak, babesgabetasun egoeran dauden adingabeak, familia kalteberak, indarkeria matxista jaso duten emakumeak eta osasun mentaleko arazoak edo mendekotasunak dituzten pertsonak artatzea da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide