Eman Zesarri Zesarrena. Jaurlaritzari gauza asko lepora dakizkioke, eta herrialdeaz egiten duen kudeaketari buruz askotarikoak izango dira iritzi eta ikuspuntuak. Baina gauzak izendatzean apartak direla ez dago ukatzerik. Bota duten azken zera ikustea besterik ez dago: Basque Net Zero Industrial Super Cluster. Izen hori aukeratu du Lakuak gaur arte arte klima aldaketari buruz Glasgown (Erresuma Batua) izan den COP26 bilkurara euskal industriaren "konpromisoa" eramateko.
Izan ere, Jaurlaritzak iragarri du klima aldaketaren aurkako "aurrerapauso eredugarri" bat eman duela super clusterra eratuz. EAE Euskal Autonomia Elkarteak Munduko Aliantzarekin bat egin, eta 2050. urtean CO2 0 isuri garbi lortzeko konpromisoa hartu du Glasgown. Jaurlaritzaren arabera, 2005etik 2020ra EAEko enpresek ia %50 murriztu dituzte berotegi efektuko isurien mailak. Ekonomia eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapiak "historikotzat" jo du euskal industria "aitzindaria" izatea klimaren aldaketaren aurkako konpromisoan.
Sinesgarria al da Tapiaren iragarpena? Klima aldaketaren aurkako politiketan ausardia gehiago eskatzen duen Fridays For Future gazte mugimenduko eledun Luca Sarobek zalantzak agertu ditu. "Ez dakit sinesgarria izango den, baina argi daukat ez dela erabilgarria izango", erantzun du. Sarobek mahai gainean jarri du IPCC Klima aldaketari buruzko Gobernuarteko Taldearen azken txostena. "Lan horretan mundu osoko 10.000 zientzia artikulutan baino gehiagotan oinarritu dira; hortaz, klimari buruzko zientziarik puntakoena jasota dago bertan, eta argi eta garbi esaten da ekiteko momentua orain dela, ez 2030, ezta 2050. urtea ere. Kontua da lehenbailehen emisioak jaistea".
Sarobek gogora ekarri du orain arteko promesak ez direla betetzen ari. "Esate baterako, Espainiako estatuan Parisko hitzarmena betetzeko, guri egokitu zitzaigun emisioen beherakada %7 baino gehiago izatea. Baina hori ez da betetzen ari. Urteak pasa ahala, argi geratzen ari da emisioen zenbakiek beti errekor berriak markatzen dituztela".
Ekintza gehiago
Fridays For Future mugimenduak deituta, joan den asteburuan mundu osoko milaka gaztek konpromiso gehiago hartzeko eskatu zieten agintariei. Horietako mobilizazio batzuk Glasgowtik bertatik egin zituzten. Horietan, "ele-mele gutxiago eta ekintza gehiago" galdegin zituzten.
COP26 bukatu aurretik ere, gazteek "porrotzat" jo dute bilera. Greta Thunberg ekintzaile gaztearen esanetan, "kontzientziak garbitzeko jaialdi" bat izan da Glasgowkoa.
Gasteiztik, Sarobek antzeko ikuspuntua agertu du. "Berez bilera hau garrantzitsua izan beharko litzateke, baina bilera bat bestearen atzetik egiten ikusi ditugun arren, inoiz ez da erabaki handirik hartu. Beti izan da joku edo pantomima bat; argazki sesio bat". Saroberen esanetan, gazteek ez dute "esperantza handirik" bileraren emaitzei dagokienez. "Horrek ez du esan nahi, noski, beharrezko neurriak har daitezen guk presionatzen jarraituko ez dugunik. Baina, berez, ez daukagu aparteko itxaropenik Glasgowtik aterako denarekiko".
Orain arte egindako aurrerapausoei dagokienez, "ezer gutxi" aurreratu dela dio. "Aurrerabideak, egotekotan, paperera mugatu dira". Adibidetzat jo du Espainiako Gobernuak onartu duen larrialdi klimatikorako legea. "Ea, lege hori 2010ean atera izan balitz, oso ondo dagoela esango nizukeen; baina 2021ean egonda, lege hori dagoeneko atzeratuta dago; ez dago besterik. Lege hori ez dator denborarekin bat, ez dago gaur egun egoerak eskatzen duen mailara egokitua", nabarmendu du.
Instituzioei eskatu die "herritarrei zein zientziari" entzun diezaietela. "Benetan zalantzan jarri behar da betiko jokabidearekin aurrera egiterik badagoen. Azken finean, enpresei eta betikoei etekina bideratzen zaie, irtenbide komunitarioetan inbertitu beharrean". Herritar arruntok egin dezakegunaz galdetuta, "beti esaten diren gauza horiez gain", funtsezkotzat jo du "benetan aldaketa sakona eta sendoak egiteko ahalmena duen jendeari gure kezka eta presioa helaraztea", laburbildu du.
Mugimendua, bueltan
Gasteizen, pandemia aurrekoak izan ziren gaiaren inguruan egindako azken mobilizazio handiak, baina Covid-19aren eragina mugimenduan ere nabaritu izan da. "Egia da pandemiaren harira geldiune bat egon zela, eta kostatu zaigu berriro martxa hartzea", azaldu du Sarobek. Baina mugimendua bueltan da Araban ere. Horren adibidetzat jarri du urriaren erdialdean Oihanederren antolatu zituzten klimaren aldeko jardunaldiak. "Horiek prestatzeko hainbat hilabetez lanean egon gara. Horren bitartez, nolabait gure itzuleraren berri eman nahi izan dugu".