GAROÑA

CSNk ohartarazpen formala egin dio Nuclenorri, Garoñan izandako gertakari baten harira

Juanma Gallego 2021ko aza. 10a, 14:00

Zama bat mugitu aurretik bete beharreko protokoloa ez zen egin. NUCLENOR

Erakundeak bi hilabeteko epea eman dio enpresari, arauen urraketak "berriro gertatuko ez direla" ziurtatzeko. CSNko ikuskatzaileari ez zioten maniobra baten abisua eman, eta segurtasun kameren bitartez konturatu zen maniobra egina zegoela. 

CSN Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak ohartarazpen formala egin dio Santa Maria de Garoñako zentral nuklearra kudeatzen duen Nuclenor enpresari, erregai nuklearrak biltzen dituen ur-biltegiaren gainean hiru tonako zama bat mugitzeko beharrezkoak diren eskakizunak ez betetzeagatik. Erakunde arautzaileak bi hilabeteko epea eman dio Nuclenorri, horrelakoak "berriro gertatuko ez direla" ziurtatzeko hartuko dituen neurriak zehaztu diezaizkion. 

CSNk urriaren 27an hartu zuen erabaki hori, baina gaur goizera arte ez da ezagutarazi, erakundeak akta argitaratu duenean. 

Joan den apirilean jakini zen ur-biltegiaren gainean zama handi bat mugitu zutela. Orduan jakinarazi zen 816,5 kilogramo baino gehiagoko zama zela. CSNren ikuskaritza akten arabera, beharrezko ardurak aintzat hartu gabe mugitutako zama hiru tonako plataforma bat izan zen.

EUROATOM Europako Energia Atomikoaren Erkidegoko ikuskatzaileen lana errazteko plataforma osagarri bat jartzerakoan abiatu zen gertakaria. CSNren ikuskatzaile egoiliarrak eskatu zuen mugimendu hori ikusi ahal izatea, dena arauen arabera egiten zela ziurtatu aldera, baina ez zioten abisua eman. 

Abisurik ez zuela ikustean, kontrol gunera abiatu zen, eta bertan zirenei zamaren mugimenduaren inguruan galdetu zien. Horren berri ez zutela erantzun zioten, baina ikuskatzaileak "iradoki zien" mugimendua segurtasun kameretan jasota egongo zela. Kameren bitartez ikusi zuten maniobra hori egina zegoela. 

Maniobraren arduradunarengana jo zuen orduan, eta erantzun zion "ahaztu zitzaiola" abisatzea. Mugimendu hori egin aurretik Geldialdiko Funtzionamendurako Espezifikazio Teknikoetan beharrezkoak diren bi protokolo bete ote zituen galdetuta, lan aginduan jasota zegoena betea zutela erantzun zion. Ikuskariak aurretiko eskakizun horiek bete ote ziren "zalantza handiak" izanik, beste zenbait teknikarirengana jo zuen, eta horien bidez jakin zuen aurretiko eskakizun horiek bete ez zirela. Horien arabera, zama handi bat mugitu aurretik erreaktorearen tenperatura hartu behar da, eta garabiaren zutoinak egoera onean daudela egiaztatu behar da ere. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago