Xahututako erregai nuklearrak biltzen dituen urpeko biltegiaren gainetik 816,5 kilo baino gehiagoko zama bat mugitu dute Garoñan, mugimendu hori egin baino lehen "beharrezko ikuskapena" egin gabe. Gertakariak geldirik dauden zentral nuklearretan jarraitu beharreko araua urratzen du. Zehazki, Geldialdiko Funtzionamendurako Espezifikazio Teknikoetan adierazitakoaren aurkakoa litzateke.
CSN Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak haren webgunean eman du gertakariaren berri, baina ez du horren inguruan aparteko informaziorik eman. Kalterik ez dela egon, eta mugimenduan erabilitako zubi-garabia bertan behera utzi dutela baino ez dute azaldu.
Talde ekologisten salaketa
"Nuclenorrek, Enresak eta CSNk gertatutakoa argitu behar dute, eta gardentasuna erakutsi", adierazi du Gasteizko Eguzkik ohar batean. "Gertakari bati buruz informatzen da, baina ez gertatu denari buruz", kritikatu dute. "Honek erakusten du [zentralaren] geldialdiak ez dituela arriskuak geratu, eta eraispen prozesuak izan behar duela gainbegiratua, segurua, publikoa, gardena eta osoa", erantsi dute ekologistek.
Eguzkik "informazio, gardentasun eta komunikazio fidagarria" eskatu du "herritarrei segurtasuna eskaintzeko".