Maite Agirre

"Talde artifizial bat izaten hasi, eta lagun bilakatzen dira taldekideak"

Anakoz Amenabar 2021ko urr. 31a, 08:00

Topaguneko mintzapraktika saileko koordinatzailea da Maite Agirre. / Euskaltzaleen Topagunea

Ikasturte berri bati ekin diote mintzalagun eta mintzalaguntzaileek, euskararen erabilera sustatu eta talde dinamikak lantzeko.

Artziniegan edo Oionen, Arabako hamaika txokotan daude mintzapraktika egitasmoak abian. Euskaraz aritzeko zailtasuna, ohitura falta, lotsa edota beste edozein oztopo gainditzeko helburua duen egitasmoa indarrez bueltatu da, pandemiak ekarritako motelaldiaren ostean. Euskaltzaleen Topaguneak kudeatzen ditu talde horietako asko Euskal Herrian, eta mintzapraktika saileko kudeatzailea da Maite Agirre.   

Etenaldiaren ostean, berriz ere hasi dira izen-emateak. 

Badoa, geldi zeuden talde asko berriz ere martxan daude. Gorbeialdean, esaterako, oso martxa onean hasi da, baita Gasteizen ere... Eta pozik gaude, azkeneko urtea zaila izan delako, ez dizut gezurrik esango. Egoerari aurre egiteko modua topatu arren, sarean bilatutako aukera bezala, momentu jakin baterako irtenbidea izan da, eta ez gustukoena... Talde batzuek behin behinean uztea erabaki zuten, eta beste askok jarraitu dute. Beldur pixkat ere bagenuen, bidean geratutako horiek bueltatuko ote ziren, baina ondo hasi da. Indar handia jarri dugu "mintza-poza" islatzen, berriro lengora itzultzeak ematen digun poza.

Berriz ere, bost bat laguneko taldeak euskaraz solasean...

Euskaraz hitz egiteko gune atseginak sortzen saiatzen gara, norberak motxilan dituen beldurrak, segurtasun faltak, jariotasun faltak... horiek albo batera utzi, eta gune seguru eta atseginean sentitzea. Horretarako talde txikiak sortzen dira, ez baita berdina hamabost lagunen aurrean hitz egin behar izatea, ditugun beldur eta lotsa horiekin. Aisialdian egitearen arrazoia ere hori da, gune atseginetan egitea: kafe bat hartzen, paseo bat ematen... Kontuan izan behar dugu, bizi garen eremuaren arabera, jende askok ez daukala egunerokoan euskaraz aritzeko gune asko, lanean ohiturarik ez dagoelako edo familian ez dakitelako. Horientzat euskaraz bizitzeko gunea da mintzalagun taldea eta antolatzen ditugun ekintzak.

Irati Iciarrek ALEAn aipatu du integraziorako erreminta indartsua dela mintzalagun kuadrilla.

Oso indartsua. Ni neu bidelaguna naiz taldean (Hondarribin), eta nire taldeari daukadan euskarazko sare hori ere eskaintzen diot, inguruko ezagunekin kalean elkartzean, euskaraz egiten duen talde bezala identifikatzen gaituztelako. Euskaraldia, adibidez, oso garrantzitsua izan zen eurentzat, euskaraz egiteko sarea ikaragarri zabaldu zutelako. Integraziorako oso garrantzitsuak dira antolatzen ditugun ekintza osagarriak, askotan herriko eskaintza baliatuta; antzerkira joaten banaiz, esate baterako, zubi lana egin dezaket, euskarazko eskaintza horretan lasai sentitzeko, bat gehiago izateko. Egitasmo hauen arrakastaren gakoetako bat da talde artifizial bat izaten hasten garela, ezezagunak askotan, baina dinamika horrekin poliki-poliki lagun bilakatzen garela.

"Askok egunerokoan ez dauka euskaraz aritzeko gunerik; horientzat euskaraz bizitzeko gunea da mintzalaguna"

Asko aldatu da egungoa hasiera bateko mintzalagun egitasmotik?

Esentzia bera da. Donostian bere momentuan Bagera elkarteak sortu zuenean, egoera jakin bati erantzuteko egin zen: euskaraz ikasten jende asko zebilen euskaltegietan, baina gero gela horietatik kanpo askok ez zuten hori bizitzara eramateko gunerik. Gerora, ez da soilik euskaltegietako ikasleentzat; baita euskara herdoilduta dutenentzat, bilobekin ikasi nahi duten aiton-amonentzat... Konturatu gara, bestalde, aldaera edo gai zehatz baten inguruan elkartzen garela, zaletasunek elkartzen gaituztela, eta hori ere oso baliagarria dela euskaraz bizitzeko pausoa emateko. Aspaldi hasi ziren mintzalagun orokorraren aldaerak sortzen; guraso edo familiei eskainitako aldaera da nagusia, oraintxe Gorbeialdean eta Arabako Errioxan indartzen ari garena, eta honen ardatza da familian euskaraz aritzeko guneak sortzea. Covid garai honetan, adibidez, sekulako  arrakasta izan duenetako bat mendi taldearena da, eta Izarran, esaterako, boxeo talde bat dute oso ondo funtzionatzen duena; boxeatzeko elkartzen dira, baina desberdintasuna da euskaraz aritzen direla, biak uztartzen dituzte, zaletasuna eta euskaraz bizitzeko hautua. Egitasmoa egokitzen joan da gizartea aldatu ahala.

Mintzalagun taldeetan izena emateko azkeneko egunak dira, ezta?

Urriaren amaieran amaitzen ditra izen-emateak; aurrerago ere egin ahal izango da, baina taldea aukeratzeko ez da hainbesteko aukerarik izango. 2019an 7.800 bat  mintzalagun aritu ziren Euskal Herrian, eta datu horiek gainditzea izango da ikasturte honetan erronka. Egitasmoen berri izateko, besteak beste, Aramaion eta Izarran "mintzatonbola" antolatu dute urriaren 30 eta 31rako, herriko azoketan ekinaldia aurkezteko, eta Gasteizen azaroaren 12an egingo dute aurkezpen ekitaldia, Dazz tabernan. Euskal Herriko mintzalagunak biltzeko egunik ere antolatu izan dugu, eta 2020an bertan behera utzi ostean, aurten berreskuratu nahiko genuke; topaketa hori Bergaran egiteko aukera aztertzen ari gara, abenduaren 18an. Dena dena, mintzapraktika talde guztien inguruko informazioa mintzalaguna.eus webgunean aurki daiteke.

2019an Lapuebla de Labarcan antolatu zuten Mintza Eguna. / Euskaltzaleen Topagunea

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago