Euskal Herriko Hazien Sareak lehen pausoa eman du Gasteizko udalerriko ortu eta soroetako garai bateko koloreak lehengoratzeko; egon ziren landare barietateak berreskuratzeko. Bertako laborariek tradizionalki hazten zituzten, eta desagertzear edo desagertuta dauden 88 landare mota identifikatu ditu aipatu elkarteak Arabako hiriburuan, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren babespean egindako ikerlanean. "Jakin bagenekien espezie aniztasun handia egon zela, baina informazioa berreskuratzen hastean sorpresa hartzen duzu", azaldu du Joseba Ibargurengoitiak, proiektuko koordinatzaileak.
Aniztasuna, erabilera eta aldaera tradizionalen maneiua Gasteizko Udalerrian izeneko ikerlanean identifikatutako barietateen artean lekale, zereal, baratze-landare, sendagarri eta landare apaingarriak daude: bazka-aza, azakoba, andere-mahats gorria, txikoria, orezta sagarra… 88 horien artetik, baina, hamahirutan baino ez dute lortu landarea ugaltzeko materiala. Horiek berreskuratzen saiatzen jarraitzea da ikerlanaren beste adarretako bat.
Ibargurengoitiak azaldu du Gasteizen desagertuta dauden barietate horietako aleak inguruko udalerri batzuetan egon daitezkeela. Are gehiago, EHHS Euskal Herriko Hazien Sarearen helburu bertsuak dituzten beste erakundeetara jo dutela azaldu du, Baliabide Fitogenetikoak Zaintzeko Espainiako Zentrora kasu. "Zeozer lortu dugu, baina bigarren fasean saiatuko gara landare mota gehiago berreskuratzen".
Haziak, eta ezagutza
Esan bezala, barietate zerrenda luzea lortu dute EHHS kideek, ikerlanaren lehen fasean. Zerrenda hori osatzeko hamabost pertsona elkarrizketatu zituzten Ibargurengoitia proiektuko koordinatzaileak eta Violeta Furlan ikertzaile nagusiak. Are, nekazaritza tradizionala ezagutu zuten pertsona gehiago elkarrizketatuko dituztela aurreratu dute, ikerketaren bigarren faseari ekiten diotenean. "Hainbat kontzejutan ez dago nekazari zaharrik", ohartarazi du Ibargurengoitiak. "Lehenbailehen egin behar dira elkarrizketa horiek, eta topatzen dugun hori berreskuratzea, betirako galtzeko arriskua egon daitekeelako bestela".
Proiektuko koordinatzaileak zehaztu du arriskua dagoela barietate tradizionalen ezagutza baino gehiago galtzeko. "Askotan, gure baserritarren jakituria berreskuratzea garrantzitsuagoa da hazia bera berreskuratzea baino". Elkarrizketen bitartez, landare motaren izen eta ezaugarriez gain, hori hazteko jarraitutako irizpideak ere bildu izan dituzte: zer zainketa edo tratamendu egin behar zaizkien, noiz, nola, zertarako… "Informazio eta ezagutza hori ez badugu, ezin dugu balioan jarri espezie horren aukera guztiak". Izan ere, belaunaldiz belaunaldi pasatako informazio horrek urtetan luzatuko liratekeen ikerketak saihesten laguntzen du.
Maribel Lopez de Arroiabe proiektuaren barruan elkarrizketatu duten nekazarietako bat da. Armentiako bizilaguna da, eta Hazien Sareko ikerlariei garai bateko lanen nondik norakoak azaldu zizkien. "Gaur egun haziak erostean sailkatuta daude: R1, R2… Garai batean, baina, denbora asko ematen zen uzta baten ostean hurrengo aldirako haziak aukeratzen; etxean amak zereal ale onenak bereizten zituen, hurrengo urtean horiek ereiteko". Gainontzeko aleak abere edo haien kontsumorako bideratzen zituzten. Lopez de Arroiabek gogorarazi du ere nola gordetzen zuten azukre erremolatxa, adibidez. Menditik bost zentimetroko zopizar geruza bat jaisten zuten, eta belarrarekin kontaktuan gordetzen zuten, abereentzako jana zen hori denbora luzeagoan fresko mantentzeko.
Isidro Saenz de Urturirekin ere bildu ziren Ibargurengoitia eta Furlan. Etnografian aditua da, eta, besteak beste, nekazaritza zein elikaduraren gaiaren jarraipen sakona egin du Vasconiako Atlas Etnografikorako galdetegiak egiten Etnikerreko kide gisa. Nekazaritzan egondako bilakaera ikusi du, eta kezka puntu bat du egoeraz hausnartzerakoan. "Gazte batzuk herrietara bueltatzen ari dira, eta asko pozten nau horrek; hala ere, pena ematen dit haien lana ez delako errentagarria". Tokiko urazak haztea errentagarria izateko bi euroan saldu beharko lituzketela azaldu du, eta prezio horrekin egungo merkatuan nekez lehiatzea dagoela gaineratu.
Espezieen desagerpenaren zergatia
Saenz de Urturik gaztarotik gogoratzen dituen espezie asko zerrendatu ditu: tuberkuluak, zerealak, ortukoak… "Espezie apartak zeuden, baina ez ziren egokiak produkzio handietarako; hori dela eta, leku batzuetan kontsumorako mantendu zituzten, saltzeko adina ekoiztea zaila bazen ere aparteko ezaugarriak zituztelako". Horien artean aipatu ditu babarrun txiki eta biribil bat, "Arabako babarrun pikarta baino finagoa", baita mendiko garia ere. "Lur gutxi zuten magaletan ereiten zuten, eta bertatik ateratako irinarekin egindako ogiak ez zuen parekorik".
Joseba Ibargurengoitiak espezieak desagertzearen atzean mundu osoan zabaldu den fenomeno bat dagoela iruzkindu du: nekazaritza industriala. Nekazaritza mota horren eskutik tokiko barietateek lekua galdu dute beste batzuen aldean. "Nekazaritza industrialak garrantzi gutxien duen lekuetan tokiko espezie tradizional gehiago antzeman ditugu, Aiaraldean, adibidez". Fruta-arbolen kasua ere adibidetzat jarri du proiektuko koordinatzaileak. "Partzelak elkartu zituzten lekuetan fruta-arbolen bioaniztasuna desagertu zen".
"Landare espezie apartak zeuden, baina ez egokiak produkziorako"
Isidro Saenz de Urturi
Ildo horretan, eskualde bateko espezie tradizionalak mantentzea "gizarte batentzat guztiz estrategikoa" dela nabarmendu du Ibargurengoitiak. "Bioaniztasuna berme bat da, aseguru bat gure elikadura subiranotasuna lortzeko". Espezie gutxi batzuen alde apustu egiteak izan ditzakeen ondorio txarrak ekarri ditu gogora, duela hiru urte Euskal Herrian jazotako gertaera baten bitartez: intsinis pinuen izurritea. Dothistroma pini eta Lecaonosticta acicola izeneko onddoek erasan zieten intsinis pinuen landaketa handiei, eta xingola gorria eta xingola marroia izeneko gaitzak areagotu eta zabaldu ziren, kalte handia eraginez.
"Gero eta aniztasun gehiago izan, orduan eta zailagoa izango da guztia galtzea", nabarmendu du EHHSko kideak. Hori dela-eta estrategikotzat jo du proiektua, landatutako bioaniztasunak ekoizpena bermatzen lagunduko duelako. "Zenbat eta bioaniztasun handiagoa egon orduan eta erresilienteagoak izango gara, gizarte bezala".
Aitzindaria, hiri handi batean
Ikerlanak 2020an hasi zuen lehen fasea, eta aurten amaitu du. Dena den, horren jatorria 2016. urtean dago. Garai horretan Euskal Herriko Hazien Sareak martxan zuen bertoko barietate tradizionalen gaineko informazioa lortzeko ikerketa, horiek kontserbatzeko, dibulgatzeko eta balioan jartzeko. Proiektu horrek ikuspuntu zabala zuen, Euskal Herri mailakoa. Aipatu urtean, baina, Gasteizko Udalari aurkeztu zioten proiektua; urte baten buruan, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren babesa jaso zuten. "Espainiako estatuan ez dago honen moduko proiekturik 200.000 biztanle baino gehiago dituen hiri batean, eta Europa mailan ez dut uste asko izango direnik", azaldu du Ibargurengoitiak, proiektuaren garrantzia nabarmentzeko.
Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak, Gasteizko jasangarritasunaren alde lan egiten duen udal erakunde autonomoak, Hazien Sareko proiektua sartu zuen Nekazaritzako Elikagai Jasangarrien Estrategiaren barruan. "Guretzat oso garrantzitsua da erakunde publiko horren babesa izatea, ingurumenarekin lotutako gaietan udalaren think tank-a delako, eta horrek ahalbidetzen du gure mezua eta ahotsa administrazioaren barruan entzutea", azaldu du Ibargurengoitiak. Entzuna izatearen garrantzia berretsi du EHHSreko kideak. "Orain arte gure baserritarren eta nekazarien ahotsak eta proposamenak ez dira gehiegi entzun".
Maribel Lopez de Arroiabe eta Isidro Saenz de Urturi irailaren 23an Olarizuko Etxaldean egon ziren, eta esker ona erakutsi zieten Euskal Herriko Hazien Sareko kideei. Lopez de Arroiabek "oso interesgarritzat" jo du ikerlana, eta eskertu die egiten ari diren "lan eskerga". Saenz de Urturik ere txalotu du proiektua. "Egiten duten lana aparta da; ezin ditugu garai bateko barazki eta landareak galtzen utzi", hausnartu du.
Bada, baserritarrei hitza emateaz gain, egindako lana ere eskertu die Euskal Herriko Hazien Sareak. Ikerlanaren lehen fasean parte hartu zutenei omenaldia egin eta esker ona adierazi zien irailaren 23an, Olarizuko Etxaldean egindako ekitaldian. Bertan, esker ona adierazteaz gain, lanean lortutako informazioa gizarteari itzuli zioten. "Ez dugu nahi ikertutako hori bulego baten kaxoi batean geratzea, baizik eta ikasitakoaren gizarteari itzultzea".