"Albiste bikaina da, baina zuhur hartu behar dugu, Espainiako Gobernuak eta Estatuak jartzen dituzten oztopoak kontuan izanda". Baikor baina zuhur baloratu du Andoni Txasko Martxoak 3 Elkarteko kideak Martin Villa auzipetzeko Maria Servini epaileak hartutako erabakia. "Auto hau aurrerapausoa da zigorgabetasunaren aurkako borrokan; Espainiako estatuak babesa ematen die frankistei, eta agerian uzten du honek". Argentinako Kereilaren Plataformako kideek (CEAQUA) deitutako agerraldian egin du balorazioa Gasteizko sarraskiaren biktimen elkarteko bozeramaileak.
Servini epaileak bere ardurapeko indar polizialek egindako lau hilketa leporatu dizkio Villari; zehazki, 1978ko Sanferminetan hildako German Rodriguez eta 1976ko Martxoaren 3an, Gasteizko sarraskian, hildako hiru lagunen heriotzak: Pedro Maria Martinez Ocio, Romualdo Barroso Chaparro eta Francisco Aznar Clemente. "Horiekin hasi, eta besteekin jarraitu beharra dago. Odol arrasto ugari darama gainean Villak estatu guztian, eta horiek argitu behar dira; Estatuak ez du epaitzen, eta ez du epaitzen uzten, babesa ematen die giza eskubideen urraketak egin zituzten frankistei".
Estatu osoan "justizia" egin arte lanean jarraituko dutela esan du Txaskok, eta horretarako "denen bultzada" beharrezkoa izango dela berretsi. "Guztion arteko bultzadarekin estatuak hori zuzentzea lortu behar dugu; estatu osoan egin beharreko talde lana da hau".