Arabako trenbideak egokitzea eskatu dute Batzar Nagusietan

Erredakzioa 2021ko urr. 18a, 18:40

AHTren aurkako plataformetako bozeramaileak, Batzar Nagusietan. / AHTrik EZ LAUTADA

AHTren aurkako herri plataformek Araban dauden trenbide azpiegiturak egokitzea eta hobetzea eskatu dute, Batzar Nagusiei maiatzean sindikatuek aurkeztutako akordioarekin bat egiteko eskatuz.

Maiatzaren 14an plazaratutako Araban trenbide garraioaren alde akordioaren ildotik —SF Intersindical, CCOO Euskadi, CGT eta SCF sindikatuek sinatutakoa—, AHTren ordez Miranda Ebro eta Altsasu arteko trenbide-korridore "moderno eta eraginkorra" lortzeko aldarrikapena Arabako Batzar Nagusietara iritsi da astelehen honetan.

Bertan izan dira Lautada eta Arabako Haranetako trenaren aldeko plataformetako kideak, Batzar Nagusietan ordezkaritza duten indar politikoei akordioarekin bat egiteko gonbita helarazi diete. Azpimarratu dutenez, korridore horrek bidaiariak eta merkantziak garraiatu beharko lituzke, eta "Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioaren trenbide politika berriarekin eta Europako trenbide politikarekin bat etorriko litzateke".

Horrela, plataformako bozeramaile Iñigo Lezaren arabera, egokitutako trenbide sare berri horrek "lotura arina eta eraginkorra" bermatu ahal izango luke, bai Atlantikoko Ardatzarekin, bai Kantauriko Korridore-Mediterraneoarekin, eta baita Europako gainerako herrialdeekin ere. Gogorarazi duenez —Ministerioak berak adierazitakoa aipatuz—, Castejon-Logroño eta Teruel-Zaragoza tarteetarako iragarritakoen antzeko jarduera bat egiteak "prestazio handiko lineak epe laburrean hirietara iristeko" aukera emango luke.

AHTren aurkako plataformek aipatutako beste elementu bat geltokiak eta geralekuak berriro irekitzeko aukera da, "eskualdeko garraioa hobetuz eta, bestetik, merkantzien garraioa handituz, errepideekin alderatuta". Beren ustez, proiektu horiek egikaritze-epe "askoz ere txikiagoak" behar dituzte, baita orain arte egin nahi diren proiektuek baino inbertsio kostu txikiagoa ere: "Proposamena justifikatuta eta oso errentagarri bihurtzen da", nabarmendu dute.

"Garaiz gaude abiadura handiko plataforma berri bat eraikitzea saihesteko, diru publikoaren gastu izugarria ekarriko lukeena eta ingurumenean eta gizartean kalte atzeraezinak eragingo lituzkeena", ohartarazi du Lezak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago