Duela hilabete batzuk, lau makroproiekturen aurkako mugimenduek beren indarrak batu zituzten Araba Bizirik plataformaren inguruan: AHTrik Ez plataforma —gaur egungo trenbide sareak erabiltzearen alde—, Arabako Mendiak Aske —lurraldeko mendietan eraikitzekoak diren zentral eolikoen aurka—, Elikadura Iraunkorraren Aldeko Mugimendua —nekazaritza ekoizpena industrializatzearen zein negutegi erraldoien aurka eta elikadura sistema jasangarrien alde— eta Proiektu Honi Ez —Solariak Durako nekazal lurretan eraiki nahi duen parke fotovoltaiko erraldoiaren aurka—.
Plataforma sortzearekin batera, proiektu horiek geldiaraztea beharrezkoa dela aldarrikatzeko manifestazioa deitu zuten urriaren 23rako; 18:30ean abiatuko da Gasteizko Bilbo plazatik. "Arabaren defentsaren alde batu ginen, natura eta landa ingurunearen industrializazio proiektuek zekartzaten mehatxuen aurrean; pertsonen ondarea baitira, eta ez korporazio handien ondarea", azpimarratu dute plataformako bozeramaileek, gaur Gasteizen egindako prentsaurrekoan.
Salatu dutenez, "neurri handi batean", Eusko Jaurlaritzak berak eta Arabako Foru Aldundiak "onartu eta babestu" dituzte proiektu horiek, "trantsizio energetiko saihestezinaren, elikagaien berrikuntzaren, energia berriztagarrien bultzadaren eta trenbide garraioko azpiegituren hobekuntza" argudiatuta.
"Diskurtso horrek, hala ere, ez ditu inolaz ere kontuan hartzen Lurralde Plangintza Sektorialak (LPS) edo Lurralde Antolamenduko Gidalerroek (LAG) ezarri beharko luketen erregulazioa", ohartarazi dute. "Era berean, ez dira kontuan hartu proiektu horiek finkatuko diren inguruneetan egun egiten diren eta lurraldea egituratzen duten jarduerak; ezta lurraldean mugikortasuna inola ere hobetuko ez luketen azpiegiturak bikoiztearen kalteak ere; ezta energia proiektu erraldoiek ekarriko lituzketen galera izugarriak".
Oposizio mugimenduaren "gutxiespena"
"Ebidentzia" horien aurrean, erakundeek eta EAJk —Arantxa Tapia sailburuaren bitartez— proiektu horien aurkako mugimenduen aurka "deskalifikazioa erabiliz" erantzun dutela deritzo Araba Bizirik plataformak. "Arabarrak kexatu baino ez garela egiten argudiatu dute, eta oposizio guztia gutxietsi dute, Arabako Ahaldun Nagusiaren bitartez, alternatibarik ematen ez dugula esanez edo erretorikara hutsa erabiliz", salatu dute.
Horren aurrean, plataformak argi utzi nahi izan du: "Baietz, Araban kexatu egiten garela eta aurka gaudela, oraindik babesteko asko dugulako eta hala izaten jarraitzea nahi dugulako. Berezko ondare ukiezina dugu, eta mehatxu larri horien aurrean zaindu beharra dugu", ohartarazi dute.
"Enpresa handien onura baino ez" dakarten proiektuen ordez, "beharrezko trantsizio energetikoa planifikatu eta arautu egin behar dela" aldarrikatu dute, "iraganeko akatsak saihesteko"; besteak beste, Hiriko proiektua edo Noryeste ureztatze putzua jarri dituzte hutsean geratutako inbertsio industrialen adibide gisa.
Energia iturri berriztagarriak "modu ordenatuan eta planifikatuan" hedatzeko beharra azpimarratu dute, "pertsonak errespetatuz eta lurraldeko ingurumen balioen kontserbazioarekin bat etorriz". Horretarako, energia berriztagarrien Lurralde Plangintza Sektorial (LPS) bat onartzea "ezinbestekoa" dela deritzote.
"Proiektu horietako bakoitzaren aurrean alternatibak daude, eta behin eta berriz azaldu ditugu. Erakundeek entzute aktiboa eta akordioetara iristeko interesa izatea besterik ez da behar", gaineratu dute.
Atxikimenduak
Oraingoz, honako eragile sozial eta sindikal hauek atxiki dira urriaren 23rako Araba Bizirik plataformak deitutako mobilizaziora:
- Ekologistak Martxan
- LAB Sindikatua
- Berriztu
- ELA Sindikatua
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta - ESK Sindikatua
- Arabako Osasun Publikoaren aldeko plataforma
- STEILAS Sindikatua
- Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba
- CNT Sindikatua
- Errekaleor Bizirik
- CGT Sindikatua
- Sumendi Espazioa
- UAGA
- Askapena
- Kutxiko taskeroak
- Bachué Kolektiboa
- Olarizuko Gazte Asanblada
- Congreso de los pueblos
- EHkolektibo
- Mugimendu feminista
- Mugarik Gabe
- Arabako Pentsionisten mugimendua
- Judimendiko Gazte Asanblada
- Ernai
- Lamingorriak
- Auzoan bizi
- Ireki begiak
- Inor ez kale gorrian / Derecho a Techo
- Herrizoma Elikadura Sarea
- ADI! Ustelkeriaren aurkako elkartea
- Gasteizkoak Talde Antimilitarista
- Bioalai
- Mendiko Lagunak Mendi Taldea
- Salhaketa Araba
- Dikerik ez
- Sare
- Gasteizko Senideak
- Gure Esku Dago
- Setem Hego Haizea
- Goiena Mendi Taldea
- Elai Etxea Birding House
- Hontza
- Amalur
- Gasteizko Bilgune Feminista
- Salburuko Baso Jangarrien Elkartea (Basalburu)
- Erletxe (Irun)
- Stop Desahucios Bidasoa
- Asamblea Canaria por el reparto de la riqueza
- Espacio Sociocultural La Casa
- Radio Pimienta
- Iniciativa por la Orotava
- Blusas eta Nesken Batzordea