Amets Martinez de Heredita saritu dute Ikusgunen egindako lanagatik

Erredakzioa 2021ko urr. 14a, 18:00

Amets Mtz. de Heredita, Ikusgune LGTBIfobiaren aurkako behatokiko koordinatzailea. / ALEA

Trans Andaluzia Elkarteak Trans (T) saria eman dio Ikusguneko Amets Martinez de Hereditari, "LGTBI berdintasunaren aldeko aktibista eta kolektiboko pertsonenganako gorrotoaren aurkako borrokalaria izateagatik".

Amets Martinez de Hereditak, Ikusgune Gasteizko LGTBIfobiaren aurkako behatokiko koordinatzaileak, Trans Andaluzia - Sylvia Rivera Elkartearen Trans (T) saria jasoko du, Irene Montero Espainiako Berdintasun ministroarekin, Dragg Killer Queen-ekin, Carmen Ceballos mutil trans baten amarekin, Maria Dantas ERCko diputatuarekin eta Ripolleteko (Bartzelona) Udaleko LGTBI politiken errejidore Fran Sanchezekin batera.

"Ametsek ez ditu inoiz ahazten LGTBI kolektiboko pertsonarik ahulenak, hau da, transak", goraipatu du Mar Cambrolle Trans Andaluzia elkarteko presidenteak. Besteak beste, Martinez de Hereditak 2019ko maiatzetik —orduan eratu zen Ikusgune— egindako lana eta trans eragileek Espainiako Kongresura eraman zuten lege proposamenean izandako papera —euskal alderdi politikoen babesa lortzeko— aitortuko dute Trans (T) sarien zortzigarren edizioan, azaroaren 12an, Sevillan.

Trans (T) sarien helburua "gizarte bidezkoagoa, berdintasunezkoagoa eta demokratikoagoa eraikitzeko borrokan ari diren pertsonen lan tematia aitortzea da, LGTBI kolektiboaren eta, bereziki, trans pertsonen aurkako erasoen gorakada izugarria eragiten ari diren gorroto diskurtsoen goraldiko une honetan".

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago