Amets Mtz. de Heredita

"Etxera itzultzeak 'armairura' bueltatzea dakar batzuetan"

Anakoz Amenabar 2020ko mai. 8a, 07:49

Amets Martinez de Heredita, etxean lanean. / Amets Mtz. de Heredita

Madril eta Bartzelonako unibertsitateek egindako ikerlan baten arabera, familiaren etxera bueltatzen direnen %60k baino gehiagok etxekoek baztertzen dutela sumatu dute; konfinamendu garaiotan, babes-sarea indartzeko tresnak eskura jarri ditu Ikusgune LGTBI+fobiaren aurkako Behatokiak. 

Konfinamendu garaian ere, sexu-orientazioa edo genero-identitatea direla-eta izaten diren diskriminazioei adi daude Ikusgunen, Gasteizko LGTBI+fobiaren aurkako Behatokian. Izan ere, itxialdiak "babes gabe" utzi ditu komunitate honetako hainbat lagun, eta, besteak beste, are agerikoagoa da bazterketa familietan. Salaketa jartzeko pausoa ematea "zaila" dela aitortu badu ere, izan daitezkeen eraso edo kezken berri emateko telefono bat (633 309 653) eskura jarri dutela gogoratu du Amets Martinez de Heredita (Gasteiz, 1981) Ikusguneko bozeramaileak.

Zein da kezka nagusiena konfinamendu garaian?

LGTBI kolektiboari dagokionez, kezka handiena ikasleekin dugu. Ikasle asko beraien etxeetara bueltatu dira, eta horrek berriz armairura sartzea dakar kasu batzuetan, eta familian jasan behar duten diskriminazioa beste batzuetan; Gasteizen ere errealitate bat da hori. Itxialdiaren ondorioak pairatu ditzaketen beste kolektibo batzuk ere badira, eta kezka dugu GIBa dutenekin edota trans kolektiboarekin; tratamenduak jarraitzeko izan daitezkeen arazoekin gaude kezkatuta, erietxeak nola dauden ikusita. Sexu transmisioen bidezko gaixotasunen unitateak ere gelditu dira... alegia, pandemiak eragindako desastre honek LGTBI kolektiboan ere eragina izan du. 

'Pandemia heteroaraua da' dio Lumagorriren leloak.

Bai, dudarik gabe. Hartu izan diren neurri guztiek familia erdigunean jarri dute, eta ez dute aurreikusi badirela beste eredu asko eta harremantzeko modu asko. Pribilegio batetik planteatu dute, gainera: etxea dutenen pribilegiotik. Eta hartu diren neurriak heteroaraua  erdigunean jarriz egin dute.

"Ikusguneren telefonoa salaketa jarri nahi dutenentzat edo bakarrik hitz egin nahi dutenentzat ere bada"

Salaketarik jaso duzue itxialdi garai honetan?

Gehienetan Behatokira heltzen diren salaketak berandu iristen dira, batzuetan hilabete batzuk pasa direnean. Susmoa dugu hilabete edo aste batzuk barru, hau guztia pasatzen denean, gertatutakoaren berri izango dugula. Dena den, gure kolektiboan arazorik handienetako bat da salaketa jartzea ez dela ohikoa. Batzuek ez dute erasoa bera identifikatzeko gaitasunik, uste dute bizitza honetan eraso batzuk sufritzea tokatu zaiela maritxu, trans edo lesbiana izateagatik; beste batzuentzat arazoa da salaketa jartzea, horrek armairutik ateratzea esan nahi duelako eta badakite euren sexualitatea mahai gainean egongo dela. Horri eusteko indartsu egon behar  zara. Gure lana da eraso horiek ikusaraztea eta gure kolektiboari esatea erasoak ez ditugula onartu behar eta salatu egin behar ditugula; salaketa judiziala, baina baita soziala ere. Ikusgunek jarri duen telefonoa, hala ere, salaketa egin nahi duenarentzat eta beharbada bakarrik hitz egin nahi dutenentzat ere bada; bapatean harremanak moztu eta giro ez-hetero batzuetan elkartzeko aukera eteteak antsietatea eta estresa ere sor dezake, eta erantzun bat eskaintzen dugu.

Konfinamendu garai hauetan telebilerak ere antolatu ditu Lumagorrik.

Bai, hausnarketa gune bat izan da batez ere. Horietan "estigma" izan da solasgaietako bat. Izan ere, gay kolektiboak beste pandemia bati ere aurre egin behar izan zion: hiesari. Azken batean, marikoi eta jonkien pandemia zen hiesarena. Nolakoa izan zen estigma familian, lanean? Instituzioek bizkarra eman zieten, ez zioten inori balkoian txalo egin eta bakardadean aurre egin behar izan zioten... Askatasun sexualen inguruan ere aritu gara. Nolakoa izango dira normatiboak ez diren praktika sexualak pandemia honekin? Cruising-a nolakoa izango den, saunak irekiko dituzten, anbienteko tabernak nola egokituko diren… Hilaren 13an berriz elkartuko gara ekainaren 28ari buruzko gogoeta egiteko; webgunearen bitartez aurki daiteke lotura. 

Datorren astean, beste alde batetik, urteko erasoen inguruko txostena aurkeztu behar duzue. Zer joera antzeman daiteke?

Eraso gehiago jaso ditugu. Baina ez dugu uste kopuruak gora egin duenik gure jendartea LGTBIfobikoagoa delako, salaketa jarri ahal izateko baliabide gehiago daudelako baizik. Erraminta batzuk jarri ditugu eskura (telefonoa, webgunea, sare sozialak) eta erantzun ona izaten ari da; konturatu gara askok dutela gure telefonoa agendan gordeta eraso baten aurrean azkar erantzun ahal izateko. Biktima ez izan arren, erasoaren lekukoen mezuak ere jaso ditugu.

Lokal bat izango du laster Ikusgunek?

Udalak konpromisoa hartu du irailean lokal bat prestatzeko; guretzat beste erreminta ezinbesteko bat da hori. Pertsona jakin batzuengana heltzen gara, Interneten dabiltzan gazteengana batik bat, eta garrantzitsua da beste lagun batzuentzat ere erreferente izango den leku fisiko bat izatea.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago