LAB sindikatuak azaldu duenez, Gasteizko Elecnor enpresak —Movistarreko azpikontrata— sail sindikala osatzea ukatu zion 2020an. "Lan sindikala oztopatzeko asmoz, trikimailu bat erabili zuen: sekzio sindikala osatzeko, Espainiako Estatuko langile guztien %10 izatea eskatu zuen", salatu du LABek.
"Eskaera hori zentzugabea zen, Arabako langileak hartu behar ziren kontuan", azpimarratu du sindikatuak. Hain zuzen ere, horregatik auzitara jotzea erabaki zuen, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zion LAB sindikatuari; enpresak epaia errekurritu zuen, baina, orain, Espainiako Auzitegi Gorenak lehen epaia berretsi egin du: LABek sail sindikala osatzeko eskubidea du Elecnorren.
Sindikatu abertzalearen ustez, "mendekua" da enpresaren jarrera azaltzeko arrazoi argiena. "Sekulako irabaziak dituen enpresari lan baldintzak duintzea eskatzeko borrokan egon ziren langileak, eta 43 egun luzatu zen greba egin zuten, besteak beste. Grebari esker lan baldintzak hobetzea lortu zuten, eta oraingoa, beste garaipen bat da, juridikoa", txalotu dute.
Aurrera begira, LABek ohartarazi du "tresna guztiak" jarriko dituela, enpresetan antolatzen jarraituko duela eta lan baldintzak hobetzeko borrokatuko duela.