La Palma: esnatu da lokartutako erraldoia

Juanma Gallego / Anakoz Amenabar 2021ko urr. 8a, 06:00

Duela hainbat urte zekiten erupzioa iristear zela, bolkanologoen lanari esker. M. A. RODRIGUEZ-PASCUA / IGME-CSIC

Cumbre Viejako sumendiaren erupzioak hankaz gora jarri ditu inguruko bizilagunen bizimoduak, tartean bertan bizi diren hainbat arabarrenak. Adituen esanetan, erupzio txikia izan da, guztiz normala jardun bolkanikoari dagokionez. Sumendiak kalte material ugari eragin ditu, baina, zorionez, ez da giza kalterik izan.  

Sorkuntza eta hondamendia. Bizitza eta heriotza. Biak ala biak hertsiki lotuta daude unibertsoan. Izarren hautsa garela esan ohi da, eta horrela da benetan. Supernoben ondorio da ikusten dugun gehiena. Gehien gorroto ditugunak eta erraietatik maite ditugunak; horiek barne. Eskala txikiagoan, planeta mailan, berdina gertatzen da. Zapaltzen dugun zoru gehiena infernuan egon da noizbait, orain, ekaitz ondorengo arratsaldetan, petrikor usaina darion arren. 

Lotura hori are nabariagoa da uharteetan, azken asteotan albistegietan luze eta zabal ikusi, entzun eta irakurri ahal izan den moduan. Itsas hondoaren gainean metatutako laben pilaketek sortu dute La Palma, eta baita gainerako Kanaria Uharteak ere. Teknikoki, luma gorakor izeneko eremuetan abiatzen da bertako bolkanismoa. Zabalduen dagoen teoriaren arabera, mantuari lotuta dauden zutabeak dira horiek, eta bertatik iristen da magma, eremu beroak eraginda. Noizean behin, sumendien bidez material horiek askatu egiten dira, erupzioak eraginez.

Denborarekin, hawaiiar motako erupzioa bilakatu da Cumbre Viejarena, laba jario azkar batekin. IGME/CSIC

 

Kanaria Uharteen kasuan, Lanzarote eta Fuerteventura dira modu horretan sortu ziren lehen uharteak, duela 20 milioi urte inguru. Horietan dagoeneko ahituta dago jardun bolkaniko gehiena, Afrikako plaka tektonikoa pixkanaka ekialdera mugitzen ari delako. Mugimendu horren ondorio dira uhartediaren erdialdean dauden irla gazteagoak. Haatik, are gazteagoak dira mendebaldeko muturrean kokatuta daudenak: La Palma eta El Hierro. Horiek daude orain lumaren goiko aldean; beraz, bertan erupzioak izateko arriskurik handiena dago.

Ikusgarri bezain suntsikorra izanik ere, erupzio nahiko txikia da asteotakoa. Halakoak neurtzen dituen nazioarteko adierazle bat bada: Sumendi Eztandagarriaren Indizea. Indize horrek 0tik 8ra arteko mailak bereizten ditu, eta, La Palmakoa, 2an kokatuta dagoela kalkulatu dute zientzialariek.

Arabako campuseko geologo Fernando Sarrionandia Ibarrak azaldu duenez, berez, arrisku txikikoa da egoera. "Erupzio mota hau nahiko txikia da. Izaera estronboliarrarekin hasi zen, eta, astiro astiro, izaera hawaiiar batera pasatzen ari da".

Delta berri bat

Bolkanologoek hainbat erupzio mota bereizten dituzte. Estronboliarraren kasuan, sortzen den laba ez da hain biguna, eta eztandak izaten dira. Erupzio mota horretan, piroklastoak erortzen direnean sortzen da arriskurik handiena, hau da, eztanda horien ondorioz sumenditik ateratzen diren materialak berriro zorura erortzean. Hawaiiar motaren kasuan, berriz, laba jariokorragoa da, tenperatura gehiago hartzen duelako; erupzio hauetan, laba bilakatzen da arrisku handiena. Sarrionandiaren arabera, itsasora iristean sor daitezke arazo gehienak, bertan sortzen den deltaren ondorioz. "Delta horrek tamaina handia hartzen baldin badu, tenperatura altuko kolada hori itsas barrenean sartzean, apur liteke. Itsasoko ura sartuz gero, ur hori berehalakoan lurrunduko da; gehiegizko presioa sor liteke, eta, ondorioz, leherketa freatomagmatiko deritzanak eman litezke". Dena dela, horrek ere ez dakar buruhauste gehiegirik, jendea oso gertu baldin ez badago. "Bi kilometroko perimetro bat ezartzea nahikoa izango litzateke arrisku hori ekiditeko".

Sarrionandiak nabarmendu duenez, bereziki inguruetan herriak eta bestelako azpiegiturak dituzten sumendiei gertuko jarraipena egiten zaie. Hortaz, sumendi horren oldarraldia ez da erabateko ezustekoa izan. 

"La Palmaren kasuan, INVOLCAN bolkanologia institutuko ikertzaile talde bat aspalditik dago bertan. Duela hamar bat urtetik dakite magma igotzen ari zela. Izan ere, hau prozesu luzea da". Modu berean, azken hilabeteotan tremor izeneko mugimenduak hauteman dituzte, jardun bolkanikoaren ondorioz sortzen diren lurrikara txikiak, hain justu. "Lurra neurtzean ere, ikusi da pixkanaka zorua puzten ari zela, eta hori erupzio baten adierazlea ere bada".

Bertan bizi diren lagunentzako ondorio ekonomiko eta psikologiko latzak izan arren, aipatzekoa da hondamendi horri lotutako biktimarik egon ez izana. Gaur egun normaltzat hartzen dugu hori, baina, esan beharrik ez dago, zientziaren eta teknologiaren alorrean azken hamarkadetan egindako aurrerapenei zor zaie hori. Noizean behin esnatzen diren erraldoi horiekin batera bizitzen ikasi du gizakiak. 

Horrelako erupzioak izan dira, eta egongo dira aurrerantzean ere. Oraintxe bertan, mundu osoan ari dira gertatzen horrelako prozesuak, askotan igartzen ez ditugun arren. "Bizi garen planetan, jardun bolkanikoa ohikoena da, eta etengabean erupzioak gertatzen ari dira", gogorarazi du adituak. "Erupzioak albiste bihurtzen dira aire zabalean gertatzen direnean; batez ere, inguruan herriak daudenean. Ikusten ez baditugu ere, kalkulatzen da itsaspean mila bat sumendi aktibo daudela".

Ikusita inguruko sumendiek historian zehar izan duten portaera, adituak dio litekeena dela hiruzpalau aste barru erupzioa bukatzea. "Laba emaria agortuko zaio, eta erupzioa eten egingo da". Ondoren, hainbat urtez berriro lokartuta egongo da sumendi hori. Epe erdi eta luzera begira, eta estatistikari erreparatuta, adituak dio 30-40 urte barru beste erupzio bat gerta daitekeela. "Irlaren hegoaldea oso aktiboa da orain, eta horrela jarraituko du izaten; gure bizitza eskalan, bederen". 

Bertako arabarrak

Geologoek diotenari adi jarraitzen diote, ezinbestean, Karlos Ortega eta Amaia Merino gasteiztarrek. Tragedia lehen lerroan bizi ez badute ere, uhartean ez dago beste alde batera ihes egiterik; senideak, lagunak, ezagunak... etxea galdu ez duenak lana kolokan du, eta zuzen nahiz zeharka Cumbre Viejako sumendiak denak elkartu ditu. "Kezkatuta gaude jendearekin, asko eta modu ezberdinetan kolpatu dituelako, eta eguneroko solasaldietan dago. Gogorra da, baina jarraitu beharra dago", azaldu du Ortegak. Azken egunetako informazio iturria El Pasoko Udalak sumendiaren inguruko etxeak nola dauden zaintzeko jarritako drone bat izan dela aipatu du. "Askok ez dakite beren etxea oraindik zutik dagoen ala ez, eta jakin-mina dago, baita irlatik kanpo bizi diren milaka uhartetarren artean ere". 

"Irlaren hegoaldea oso aktiboa da orain, eta horrela jarraituko du izaten". FERNANDO SARRIONANDIA

Duela hamabi urte heldu zen irlara Karlos Ortega, aurretik Tenerifen izan ostean, eta Santa Cruz de La Palman bizi da egun familiarekin. Iparraldera eta hegoaldera luzatzen den "zukugile" formarekin irudikatu du irla, 2.000 metro inguruko garailera duten tontorrak banatuta; sumendiaren beste aldetik arduraz begiratzen dio gertatutakoari. Artean txikizio handirik ez zegoela, erupzioa bertatik bertara ikustera ere gerturatu zen, "gertatutakoa historikoa baita", eta jakin-minak eraman zuen ingurura. "Baina gero ez dugu gogorik izan berriz joateko, gogorregia delako bertako jendearentzat; han argazkiak ateratzea mingarria izan daiteke". Beharrak aginduta, ordea, Los Llanos-era joan behar izan dute, familiak hutsik duen etxe bat altzariak gordetzeko biltegi modura baitute. "Oso ohikoa izaten ari da hau; milaka lagunek atera behar izan dute etxetik, eta inguruko etxebizitza eta garaje guztiak behar dira". Gehienak familia edo lagunekin bizitzera joan dira, baina landetxe, hotel eta zenbait itsasontzitan ere badaude Cumbre Vieja ingurutik ihes egin duten lagunak. 6.000 eta 10.000 artean izan daitezke.

Itsasora iristean sor litezkeen arriskuez jakitun, zientzialariek gertuko jarraipena egin diote fenomenoari, baita itsasotik bertatik ere. IGME/CSIC

 

Amaia Merinok ere lagunak zituen labak estali zuen lehendabiziko zonaldean. Sumendia lehertu baino bost egun lehenago mudantza egin zuten bera bizi den Breña Baja ingurura, "Alokairuan zeuden, eta giltzak eta azkeneko gauza batzuk eraman behar zituzten, baina etxea desagertu egin zen". Zonaldetik ihes egin behar izan dutenak edo erupzio berriekin etxea galduko ote duten beldurrez daudenak ere ezagutzen ditu Merinok. "Denok elkar ezagutzen dugu hemen, eta egunero dugu halako albisteren bat". Etxea galdu dutenekin batera, lana ere utzi behar izan dutenak ugari dira. Kanarietan landatzen diren platanoen  %38 inguru La Palmakoak dira, eta dagoeneko 1.200 hektarea inguru kaltetu ditu. "Jendeak uste du turismoaz bizi direla hemen, baina batez ere banana eta ahuakatea landatzeaz bizi dira, zeharka biztanle ugari ari dira horretan: paketetan sartu, kamioian eraman... Eta gehienak 55 urtetik gorako herritarrak", azaldu du Merinok. "Ez dira bigarren etxeak desagertutakoak, euren lana eta esfortzuarekin urteetan zaindutako etxeak baizik. Familia osoak geratu dira etxerik eta lanik gabe. Izorratuta gaude".

Errautsak, etxeraino

Duela bi urte heldu zen Merino Breña Bajara, sumenditik 30 bat kilometrora, etxea aurretik erosi eta tarteka bidaia egiten zuen arren. "Mendiaren alde honetan bizi garenok, zurrunbilotik ihes egiteko aukera pixkat izan dugu, nahiz eta sumendiaren orroa duela egun gutxira arte entzun... larri jartzen zaitu barruraino sartzen zaizun zarata beldurgarri horrek, ez dut imajinatu nahi gertuago lo egiten dutenak". Errauts piloa ere etxeraino heldu zaio Merinori, eta inguruko errepide eta kaleetan ikus dezake oraindik, "Kalimarekin batera heldu da hautsa egun batzuetan, eta buruko minez ibili naiz, benetan giro desatsegina izan da".

"Ez dira bigarren etxeak, euren lana eta esfortzuarekin urteetan zaindutako etxeak baizik". AMAIA MERINO

Uharteko zaharrenek gogoan dute Teneguia sumendia piztu zenekoa. 1971ko erupzioak 213 hektarea kaltetu zituen, eta Cumbre Viejakoak, berriz, 434 hektarea suntsitu ditu dagoeneko. "Herritarrek kontatzen digute ikusgarria izan zela, eta, onena, arriskurik gabekoa, itsasotik oso gertu eta inguruan etxerik ez duelako; begiratokiak ere jarri zituzten. Jendeak orain halako zeozer espero zuen, baina ez da hala izan…", gogoratu du Ortegak. Parekotasun gehiago du, aldiz, 1949an gertatutakoarekin; San Juan sumendiak hiru kilometroko pitzadura eragin zuen orduan, eta etxe eta soroak irentsi zituen. 

Mundu mailakoak

Bertan diren arabarrek kezkatzeko arrazoiak dituzten arren, gainerakoek ez lukete horrelako hondamendien inguruan aparteko kezkarik izan behar, jakina baita Araba ez dela eremu bolkanikoa. Alabaina, badira mundu mailan arriskua ekar dezaketen bestelako sumendiak; horiek bai, horiek ataka larrian jar litzakete bai Araba zein planeta osoa ere. Yellowstone (AEB) edota Campi Flegrei (Italia) bezalako eremuen azpian sumendi erraldoiak dautza, eta, estatistikari begira, horiek ez lukete aparteko arazorik sortu behar. Baina, berez, arriskua bada. "Kasu horietan, arrisku bolkanikoa mundu mailakoa da, eta eta erupzio oso leherkorrak eta bolumen handiko materialak askatzen direnean, horren eraginak planeta osoan izaten dira", gogora ekarri du geologoak.

"Ez dugu gogorik izan berriz joateko, gogorregia izan delako bertako jendearentzat". KARLOS ORTEGA

Sarrionandiak oinarrizko ikerketaren garrantzia azpimarratu du. Dioenez, pandemia garaian ikerkuntzan finantzazio gehiena osasun alorrera bideratu da, baina oinarrizko ikerketek duten balioa nabarmendu du. "Normalean geologian egiten den lanak  ez du oihartzun handirik, halako larrialdiak gertatu arte". Dioenez, geologoek gaur egun asko dakite halako prozesuen inguruan, ez sumendi aktiboak ikertzegatik, iraungitako sumendiak ikertzegatik baizik. "Oinarrizko zientziaren bitartez eskuratzen diren emaitzak erabilgarriak dira ere arriskuak eta kalteak gutxitzeko". 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago