Aurpegia ikusita, agian, gutxik ezagutuko dute Gorka Etxabe Otadui (Aretxabaleta, 1972), baina haren ahotsa entzun bezain pronto, askok Deportivo Alavesekin lotuko dute jarraian. Mutilen taldeak Mendizorrotzean jokatutako partiduetako speaker-a da Etxabe; hain zuzen ere, besteak beste, partidetan zehar gertatzen dena harmailari zuzenean "kantatzeaz" arduratzen dena da. Baina ez bakarrik Alavesen partiduak. Futbol klubean bildutako esperientziari esker, Araban antolatzen diren bestelako askotariko jardueretan ere esatari moduan dabil. Aste bukaera honetan bertan, Araian izango da Hiru Handiak mendi-lasterketa girotzen eta haren berri ematen.
Zer da Alaves zuretzako?
Nire bizitzako zati inportante bat da, eta nire familiarentzat ere sekulako eragina izan duen klub bat. Asko bizi izan dut bertan, egoera mordoa bizi izan ditut taldearekin, eta asko sufritu eta poztu egin naiz berarekin. Maite dudan kluba da Alaves, nire ekipoa da eta oso eroso sentitzen naiz, gainera. Asko ikasi dut hemen, eta jasotakoa eta emandakoa ere asko da. Gaur egun oso gustura sentiarazten nau, eta, jendearekin dudan harremana ikusita, uste dut beraiek ere gustura sentitzen direla nirekin.
Urte asko daramatzazu bertan...
Urte asko dira, bai. Mendizorrotzean, esatari moduan, 24 urte daramatzat. Gaztetan, Radio Vitorian bekadun gisa nintzela, behar bat sortu zitzaion Alavesi: pertsona euskalduna behar zuten esatari moduan jarduteko, eta gogoan dut irratian bertan proposatu zidatela. Froga bat egin nuen, eta asteburu horretan bertan egin nuen debuta. Ordutik pentsa zenbat partidu jokatu diren, UEFAn, Kopan, Ligan, igoerak, jaitsierak, garaipenak, porrot mingarriak. Denetarik pasa dut. Alavesek aurten 100 urte betetzen baldin baditu, klubaren parte handi bat nik berarekin eman dut. Asko bizi izan dut; hemen ikusi ditut Milan, Real Madril eta Bartzelona, euskal derbi itzelak eta baita Izarra, Tudelano edo Barakaldo. Hiru kategoria ezagutu ditut.
Asko bizi izan dut; hemen ikusi ditut Milan, Real Madril eta Bartzelona, euskal derbi itzelak eta baita Izarra, Tudelano edo Barakaldo. Hiru kategoria ezagutu ditut.
Bizi izandako guztietatik, norgehiagokaren bat duzu bereziki gogoan?
Asko dira. Harreman berezia izan dut jokalariekin, normalean, gasteiztarrak edo arabarrak eta euskaldunak direnekin. Taldeko kapitaina izandako Manurekin harreman estua nuen, eta izugarri poztu nintzen Real Madrilen aurkako partidu hartan, amaieran, berak gola sartu zuenean eta norgehiagoka irabazi genuenean. Gogoan dut, baita ere, 2017. urtean Kopako finalerako pasea lortu genuenean, Celtaren kontra, Edgar Mendezek gola sartu zuenean. Horrelako asko izan dira, bai Mendizorrotzean eta baita kanpoan ere, askotan joan izan naizelako taldearekin.
Manu Garcia aipatzen duzula, bere ibilbideari buruzko ikus-entzunezko bat egin zenuen berarekin.
Bai, #Manu19 izeneko lana aurkeztu genuen 2017. urtean. Gainditze istorio bat kontatzen da bertan. Amets batena. Esfortzuari, pertseberantziari eta gaitasunari esker, txikitatik amesten zuena lortzeko gai izan den futbolari baten historia. Egia esan, pena handia hartu nuen Alaves utzi zuenean.
Alavesekin horrenbeste urte eman ostean, anekdota ugari izango dituzu buruan?
Mordoa. Mendizorrotzeko megafonian kantatu izan dira golak sartu ez dituztenen izenak golegile bezala, ez duzulako ikusten, zuzenean zaudelako eta bat-batean hartu behar duzun erabakia delako. Horrelako asko, eta hanka sartzeak ere. Anekdota horietan kuriosoena da gola kantatu eta estadioak erantzutea. Jendeak guztia barkatzen du, ez dago speaker-a esaten duenari entzuten. Zaleak esperientzia, partidu bat bizitzen ari dira, eta esataria bigarren mailan dago. Baina, egia da, baita ere, batzuetan interakzioa dagoela harmaila eta nire artean, bereziki golak kantatzen ditugunean; nik gola kantatzen dut eta harmailak erantzuten dit, bere izena edo goitizenarekin; joko hori badago. Harreman ona daukagu.
Zein da zehazki zure lana?
Ni neu ordubete lehenago iristen naiz estadiora. Eskaleta bat daukagu, eta bertan, besteak beste, publizitatea eta normalean klubarenak diren mezuak daude aurreikusita. Alegia, dendako eskaintza bereziak, sarrerak edo abonatu kanpaina. Mezu instituzionalak ere badaude horretan; orain, koronabirusarekin lotutako mezuak eta gomendioak dira gehienak. Horrelakoekin poliki goaz partiduaren hasierara iristen. Behin azken hamar minutuetan gaudela, musikarekin berotzen dugu giroa eta partidua aurkezten hasten gara: ongi etorria eman eta kanpoko taldearen eta arbitro taldearen aurkezpena egiten dugu. Jokalariak zelairatzen direnean, berriz, taldearen himnoa entzun eta gure hamaikakoa kantatzen dugu. Hor amaitzen da nire lehen interbentzioa.
Eta norgehiagoka hasita dagoenean?
Argi egon behar naiz. Zerbait berezia edo oharren bat egonez gero, esan beharko nuke. Horrez gain, aldaketak egiten ditut eta, pandemian ez geundenean, zelai erdira ere ateratzen nintzen jokoren bat edo zaleekin partekatzeko momenturen bat zegoelako.
Hasi nintzenetik gaur arte euskara erabiltzen dut. Ni euskaltzalea naiz, eta sekula ez dut mugarik topatu.
Zer presentzia du euskarak Mendizorrotzean?
Hasi nintzenetik gaur arte euskara erabiltzen dut. Ni euskaltzalea naiz, eta sekula ez dut mugarik topatu; ez dago klubean horren gaineko barne araudirik. Bi hizkuntzak erabiltzen ditugu. Berez, gure taldearen aurkezpena eta aldaketak soilik euskaraz egiten ditugu. Gainerako guztia euskaraz eta gazteleraz, eta kanpoko taldearen aldaketak gazteleraz. Euskarak badu presentzia. Nik beti esaten dut orain dela 24 urte Mendizorrotzera etortzen ziren askok agian ez zekitela euskara, baina hizkuntza bera bazela zigilu bereizgarri bat; euskarak nortasuna ematen zigun eta ematen digu. Ni oso eroso sentitu naiz euskaraz hitz egiten Mendizorrotzean, eta uste dut jendea ere eroso sentitzen dela.
Nolakoa da Mendizorrotzeko giroa?
Azken urteotan, bereziki, Iraultza 1921 taldeak eragin handia eduki du Mendizorrotzeko harmailetan sekulako giroa sortzeko. Badaude hainbat estadio izugarrizko giroa dutenak eta zale sutsuak dituztenak, eta gurea horien artean gorenean dago. Oso estadio ona da etxeko taldearentzat, eta horretan lan handia egin du Iraultzak, eta baita beste taldeek ere. Bateratasuna erabatekoa da, eta kritikak badaude ere, amaierara arte ez dira entzuten; partidu hasieratik amaierara normalena da harmailak taldea babestea, bultzatzea eta laguntzea. Hortaz, oso harro egon gaitezke, Mendizorrotzean dagoen giroa oso estadio gutxitan aurkitu daitekeelako.
Koronabirusaz hitz egingo dugu jarraian...
Salbuespen egoera bat izan da, eta, beraz, denboraldi eta erdian oso garai ilunak bizi izan ditugu. Ni hemen lanean egon naiz, eta speaker baten ikuspegitik estadio bat eta harmailak hutsik ikustea oso tristea izan da; 200 bat pertsonarentzako hitz egiten nuen. Kanpoko taldekoen eta etxekoen ordezkaritzek, hedabideetakoek eta langile gutxik osatzen zuten talde hori. Duda barik, sekulako poztasunez hartu dut zaleak berriro ere etxean ikustea; hain justu ere, publikoak ematen dio zentzua bai nire lanari eta baita futbola berari ere.
Nola hartu zaitu Mendizorrotzak?
Ondo, baina nik beraiek hobeto. Urte eta erdi horretan faltan bota ditut, eta esan diet bai megafoniatik eta baita beste medio batzuetatik ere. Zaleen itzulera guztiontzako izan da izugarria, eta nahi duguna da %100eko normaltasuna. Itzul gaitezen ahalik eta azkarren lehengo futbolera eta gizartera. Eskertuko dugu.
Bestalde, denboraldia ez da oso ondo hasi Alavesentzat... Nola ikusten duzu taldea?
Egia esan, hasiera ez da oso ona izan; eskerrak Atletico Madrilen kontra ekipoak itxura ona eman zuela eta irabazi egin genuela. Dena dela, San Mamesen berriro ere galdu genuen Athleticen kontra. Espero dezagun etorkizunean garaipen gehiago iristea eta kirol egoerak hobera egitea. Alaves gara eta sufritu beharko dugu, baina nik uste dut lehen mailan mantendu ahal izateko taldea badugula. Badaude oinarri sendoak taldeak aurrera egiteko eta poliki-poliki guztion laguntzarekin egoerari buelta emateko.
Alaves alde batera utzita, zure ibilbide profesionalari errepasoa egingo diogu jarraian, izan ere, urte asko daramatzazu komunikazioaren alorrari lotuta...
Komunikaziora lotuta egon naiz beti, bai. Radio Vitorian bekadun moduan ibili ostean, Debagoieneko Goienara joan nintzen, eta han albistegietako arduradun bezala jardun nuen hainbat urtez. Arteman sortu eta handik gutxira sartu eta han eman ditut azken hogei urteak. Komunikazioaren arloan diharduen Aretxabaletako (Gipuzkoa) enpresa bat da; bereziki komunikazio zerbitzuak eskaintzen ditugu enpresentzat. Asko hazi den enpresa bat gara, dagoeneko hogei langile gaude eta bertan. Horrez gain, Alavesek emandako beste aukera batean ere egiten dut lan: aurkezlearena. Beste erakusleiho bat da niretzako. Speaker ogibidea Alavesen ikasi dut, eta hortik gero beste jarduera asko egin izan ditut, hala nola, Gasteizko triatloia, emakumearen lasterketa, Martin Fiz maratoia edo Hiru Handiak mendi proba.
Speaker ogibidea Alavesen ikasi dut, eta hortik gero beste jarduera asko egin izan ditut, hala nola, Gasteizko triatloia, emakumearen lasterketa, Martin Fiz maratoia edo Hiru Handiak mendi proba.
Horrekin lotuta, urriko agenda beteta duzu, ezta?
Bai. Hilaren 9an, esaterako, Araian izango naiz, Hiru Handiak probarekin; oso lasterketa luzea da, helmugan ordu asko emango ditugu mikroarekin, eta, beraz, Aitor Elduiain eta biok izango gara bertan. Irteeran, Murgian, ere bietako bat egongo da. Horrez gain, urriaren amaieran Martin Fiz maratoian izango naiz, eta tartean, baita enpresen lasterketan ere. MiÒaoko parke teknologikoan egingo da hori urriaren 23an. Eta astebete lehenago, hilaren 17an, Asamma elkarteak antolatzen duen bularreko minbiziaren aurkako lasterketa solidarioan ere arituko naiz esatari moduan. Hori guztia Alavesi zor diot, speaker lanetan bertan hasi eta ikasi dudalako, eta gerora, publiko aurrean hitz egitea askoz samurragoa izan delako.
Zer izan behar du speaker batek? Komunikatzaile ona izan behar du?
Nire ustetan, esperientziak publikoaren aurrean egoteko patxada emateaz gain, kritikak kudeatu ahal izateko lasaitasuna ere ematen dizu, eta baita hanka sartzen baldin baduzu, urduri ez jartzeko aukera. Komunikatzaile ona izateari dagokionez, izan zaitezke. Nolabait iritsi behar zara publikoarengana, ondo hartu behar zaituzte, baina hori guztia esperientziarekin ikasten duzu. Non zauden, zelan zauden, zelan hitz egin behar duzun esperientziak ematen dizu. Hori, agian, bada komunikatzaile ona izatea. Ez dakit. Nik ez daukat nire burua komunikatzaile ontzat, ezta txartzat. Uste dut nik egiten dudan lana edonork egin dezakeela entrenamenduarekin; baina munduan egiten duzun guztia hobetzen da entrenamenduarekin; eta speaker lanetan, gauza bera. Esperientzia da gakoa.