Koronabirusa

Normaltasuna Arabako egoitzetara ere itzuliko da ostegunean

Erredakzioa 2021ko urr. 6a, 18:00

Une honetan ez dago kasu positibo bakar bat ere Arabako egoitzetan. / ALEA

Kasu positiborik gabe eta osasun larrialdiaren amaierarekin batera, Arabako egoitzek ere normaltasuna berreskuratuko dute ostegunetik aurrera: irteeren zein bisiten gaineko murrizketa guztiak amaituko dira.

Asteazken honetan, Batzar Nagusietako kontroleko osoko bilkuran, Emilio Sola Gizarte Politiken Saileko foru diputatuak iragarri du osasun larrialdia eta neurri murriztaile gehienak amaitzearekin batera, "normaltasun berria" Arabako egoitzetara ere itzuliko dela ostegun honetan.

Izan ere, adineko pertsonentzako eta desgaitasuna duten pertsonentzako egoitza-zentroetan, egoiliarrak bisitatzeko eta irteerak egiteko aukera mugatzen duen foru agindua baliorik gabe utziko du lehendakariaren dekretu berriak. Hortaz, murrizketa horiek bertan behera geratuko dira.

Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren zentro soziosanitarioak Covid-19tik babesteko abuztuaren 23an ezarritako protokoloak indarrean jarraituko du, eguneratu eta elementu batzuk xedatu bitartean. Protokolo horrek zenbait prebentzio neurri jasotzen ditu: hala nola, maskararen derrigorrezko erabilera egoitzetara sartzen diren pertsonentzat, maskara erabiltzeko gomendioa erabiltzaileentzat, sektorizazio neurriak, pertsonen arteko bi metroko distantzia, edota sarbideen eta edukieren kontrola.

Emilio Sola pozik agertu da bisitak eta irteerak normalizatuko direlako, eta une honetan Arabako egoitzetan ez dagoelako kasu positibo bakar bat ere. "Azken 18 hilabeteotan amestu dut egoera honekin", ospatu du foru diputatuak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago