Erreportajea

Hezkuntza, gertu espazioak berreskuratzeko

Jon Rejado 2021ko ira. 24a, 07:00

Gasteizko Rogelia de Álvaro Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxean eman zion kurtsoari hasiera Jaurlaritzak. / Irekia

Ilusioz eta itxaropenez aurre egiten diote ikasturteari eragileek. Urte bateko eskarmentuak eta egungo testuinguruak babestuta, zuhurtziaz, baina galdutako eremuak berriz okupatzeko asmoa agertu dute.

Erritmoa hartu du ikasturte berriak, hezkuntza ziklo guztietan: haur eskoletatik unibertsitateraino. Erritmoa hartu du, duela urte bakar bat pentsaezina zen giro batean. Iazko ikasturtearen hasieran "ziurgabetasuna" zen gehien entzuten zen hitza hezkuntza eragileen artean, pandemiaren balizko bilakaeraren aurrean; horri gehitu zitzaizkion beste hamaika hitz: "lan eskerga", "informazio falta", "bakardadea"… Hamabi hilabete eta Covid-19aren lau olatu eta gero "eskarmentua", "itxaropena" eta "ilusioa" dira gehien errepikatzen direnak. Ilusioa 2020ko martxotik hezkuntzak galdutako espazioak berreskuratzen hasteko.

2020-2021 ikasturtean bizitakoak eta gaixotasunak Araban izan duen bilakaerak aurrera begiratzeko indarra eman dietela aitortu dute eragile gehienek. Etorkizunerako asmo horien artean, hezkuntzaren muinean arreta jartzearen alde egin du Eñaut Arriaranek, Mariturri HLHIko zuzendariak. "Ikasturte honetarako eginbeharra da guztiok topatzea zein den gure esentzia; ildo metodologikoa zehaztu, arlo pedagogikoari gogor ekin, eta oinarrietara jo".

Arriaranek hausnarketa hori oinarritu du iragan ikasturtean sortutako eztabaidetan. Ikastetxe guztietan talka gertatu zen segurtasunaren eta ikastetxearen izaera eta proiektuaren artean. "Segurtasuna bermatu bai, baina ez ginen ikastetxera joaten egoera ahal zen moduan salbatzeko". Mariturriko lantaldeak aurrez zituzten proiektuak eta segurtasuna uztartzen asmatu zuela iruzkindu du bertako zuzendariak, segurtasuna bermatuz, baina nortasunari helduz. Bada, Arriaranen ustez, ikastetxe guztiek baliatu beharko dituzte sor daitezkeen aukerak, nork bere "esentzia" indartzeko. 

Hori lortzeko, ordea, irizpide bateratuen beharra aldarrikatu du Mariturriko zuzendariak. Izan ere, ikastetxeek askotariko moduan funtzionatu izan dute, protokoloak ezartzen zituzten agiriak interpretatuz. "Gasteizen bertan zaintza ahalbidetzen eta eskaintzen duten ikastetxeak daude, protokoloak argi esaten duenaren kontra". Eskola batek erabaki hori hartzean, irizpide bateratuen aurka egiteaz gain, inguruko ikastetxeen gaineko presioa handitzen duela hausnartu du Arriaranek. "Hori gertatzen denean, ematen du besteak direla gogoa ez dutenak hori eskaintzeko". 

Buru osasuna eta kirola

Lurdes Errastik, Denon Eskolako presidenteak, etorkizunerako prest egoteko beharra ere nabarmendu du. "Egoerak normaltzera joko du, eta argi izan behar dugu testuinguru berri horretan zer gauza aldatu beharko diren". Arabako Ikasleen Gurasoen Elkarteko Federazioko presidenteak bi ardatzetan jarri du arreta, nagusiki. Lehena ume eta nerabeen buruko osasunari arreta berezia eskaintzea. Errastik zenbait ikerketa eta datu ekarri ditu gogora: elikadurarekin lotutako nahasmenduak handitu dira, suizidatu diren gazteen gorakada… "Gure umeen buruko osasuna kaltetu ote den ikertu behar da, behar diren tresnak abiarazteko".

Indarrean dauden protokolo eta segurtasun neurriak azaltzen dituzten oharrak, EHUn. / EHU

Bigarren ardatza sedentarismoari aurre egiteko lan ildoen beharra dela azaldu du Denon Eskolako presidenteak. "Azken urte eta erdian kirol gutxi egin eta ordenagailu ordu asko izan dituzte ikasleek, direla eskolako lanak egiteko, edota bideo-jokoetan aritzeko; hori guztia aldatu behar dugu". Ildo horretan, urrian eskolaz kanpoko jarduerak abiarazteko aukera egongo dela uste du, azken ordukorik gertatu ezean. Edonola ere, eskolaz kanpokoen parte-hartzea gertutik begiratu beharko dela gaineratu du. Oraindik ez dago argi zenbat umek parte hartu ahalko duten. "Zortzi ume baino gutxiagoko taldeak zehazten badituzte, ekintza horiek diru galera ekonomikoak eragin ditzakete, eta kolokan gera daitezke", azaldu du Errastik.

"Gure umeen buruko osasuna kaltetu ote den ikertu behar da, behar diren tresnak abiarazteko"

Lurdes Errasti, Denon Eskola

EHUko erronka beste bide batetik doa, Manoli Igartua Arabako Campuseko errektoreordearen hitzetan. "Erabateko presentzialtasunera itzuli nahi dugu ikasturte honetan; esaten dutenagatik, ematen du berandu baino lehen gertatuko dela hori". Hala eta guztiz ere zuhurtziaz jokatzearen alde egin du Igartuak. Ikasturtea iazko erritmoan hasi dute, egokitutako presentzialtasunarekin: ispilu klaseak, ikasgela eta etxean txandakatuz… "Aurretik seguruak ziren campusak, eta orain are gehiago txertaketarekin".

Protokoloen bermea

Aurrera begiratzeko ilusio horrek iazko ikasturteak utzitako ondorioen bermea duela hausnartu dute eragileek. Batetik, protokoloen baliagarritasuna nabarmendu dute; gehien-gehienek azpimarratu dute protokolo horiek eraginkorrak direla, eta horrek "lasaitasuna" ematen duela. Are, Jose Ignacio Egizabal Egibideko zuzendari nagusiak azaldu du ikasturte hau aurreko ikasturtearen amaieran zeuden neurriekin hasi dutela; hala ere, ez du baztertu egoeraren arabera aldaketaren bat edo beste egotea etorkizunean. "Iaz hutsetik hasi genuen dena, eta aurten dena prest zegoen hasi aurretik". 

Egizabalek datuak jarri ditu mahai gainean, protokoloen balioa arrazoitzeko. Egibideko ikastetxeetan 4.100 ikasle inguru daude, eta, guztira, iragan ikasturtean 3.000 berrogeialdi inguru gertatu ziren ikasle horien artean. "Batzuk berrogeialdi bat baino gehiago egin behar izan zuten, beraz, oro har, bi ikasletik bat eman zituen gutxienez hamar egun etxean, aurrez aurreko eskolarik gabe". Ordea, berrogeialdiekin kontrajartzen den datu bat gaineratu du: ikastetxe barruko gertuko harremanen ondorioz gertatutako kutsatzeak "hutsaren hurrena" izan zirela aipatu du. "Ikasturte osoan dozena bat kasu baino gutxiago izan ziren, eta horrek hartutako neurrien balioa erakusten du".

Pandemia garaian indarra hartu duen beste alor bat informazio eta komunikaziorako teknologien erabilera handiagoa da. 2020ko martxotik luze hitz egin zen hezkuntza birtualaren gainean, elkarren arteko harreman fisikorik gabe. Manoli Igartuak, EHUko Arabako Campuseko errektoreordeak, arlo horretan egindako aurrerapenak nabarmendu ditu. "Adituen arabera hilabete gutxian gertatu zen aurreko urteetan egin ez genuen urratsa". Presentzialtasunaren aldeko apustua berresten badu ere, ikasitako guzti hori baliagarria gerta daitekeela gogorarazi du.

Eñaut Arriaran Mariturri ikastetxeko zuzendariak, baliabide teknologikoen erabileran bainoago, hezkuntzako profesional askok eta askok egindako lan eskergan jarri ditu begiak, aurrez aipatutakoa gogora ekarriz. Gogora ekarri du irakasleen lanari esker mantendu ahal izan direla hein handian hezkuntza proiektuak eta metodologiak. "Ikusi behar da nola ikastetxeetan jendeak burua apurtzen duen egitasmoekin jarraitzeko; testuinguru zail batean dena berrasmatzeko". Mariturriko irakasle taldean antzemandako konpromisoa jarri du adibidetzat. "24 urteko gazteak izanda prest daude, inork ezer eskatu gabe, ostiralero 19:30ak arte ikastetxean geratzeko, astelehenean ikasleek ikasgela-inguru berria prest izan dezaten".

Ildo beretik mintzatu da Egibideko zuzendari nagusi Jose Ignacio Egizabal. "Eskolak ematea giza harreman bat da irakasle eta ikasleen artean, eta hori egitea maskararekin oso zaila da". Are, azken hilabetetan hori aurrera eramateko egindako lanagatik eskerrak eman die.

"Ikasturte osoan ikastetxe barruko  kutsatzeak dozena bat kasu baino gutxiago izan ziren"

Jose Ignazio Egizabal, Egibide

Azkenik, pandemia testuinguruan gertatutako aurrerapauso batzuk ekarri ditu gogora Eñaut Arriaran Mariturri ikastetxeko zuzendariak. 2020-21 ikasturte hasieran zuzendaritza taldeetako kideek "bakardadea" sentitzen zutela haien lana egiterakoan, hein handi batean Hezkuntza Sailarekin komunikaziorik ez izateagatik. Bada, egoera nabarmen aldatu dela azaldu du Arriaranek. "Hezkuntza Saila entitate gertuagoa da orain, pandemia hasi zenean baino; hainbat neurri agindu zizkiguten, eta norbaitek hitza betetzen duenean aitortu behar zaio".

Horren harira, Arriaranek azaldu du lantalde egonkorragoa eta giza baliabide gehiago izan dituztela, eta horrek hobeto lan egiteko aukera eman diela. Baliabide horietako asko pandemiak euskararen ikasketan eragindako kalteei aurre egiteko bideratu dira.

Ordea, Mariturriko zuzendariak gogorarazi du ikastetxe askotan zailtasun horiek aurretik ere bazeudela. Hau da, pandemiaren kalteei aurre egiteko baliabide gehigarriak kentzeko arriskuaz ohartarazi du, zailtasunak mantenduko diren arren. "Gure testuinguruan euskararekin dauden zailtasunak pandemia gertatu aurretik ere egon bazeuden".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago