Ez da urte erraza izaten ari Gasteizko udal gobernuarentzat, ez, behintzat, mugikortasunari lotutako gaiei dagokienez. Hiriburuan, gai korapilatsua izan da betidanik, eta hala izaten jarraitzen du oraindik. Apirilean, udalak martxan jarri nahi zuen mugikortasun arau berria bertan behera utzi behar izan zuen, oposizioko talde guztiek horren kontra azaldu ostean. Plan horretan, polemika gehien piztu zuena bizikletak espaloietatik ateratzeko asmoa izan zen. Ez da izan bizikletak piztutako tirabira bakarra. Hemezortzi urtean, aurrenekoz, bizikletaren erabilera sustatzea helburu duen Gasteizko Bizikleteroak taldeak ezetz esan zion maiatzean ospatutako Bizikletaren Astean parte hartzeari, talde horrek berak ekimena sortu zuen arren. Udalarekin izandako desadostasunak asko izan dira betidanik, baina, antza, aurten egoera behin betiko lehertu da.
Osasuna eta bus elektrikoa
Testuinguru korapilatsu honetan ospatu da aurten Mugikortasunaren Europako Astea. Hilaren 16tik 21era bitartean egin dute Europako Batzordeak sustatutako ekimena. Gasteizen ez ezik, Eurasiako eta Ameriketako 3.017 hiritan egin dute 20. edizio hau. Horiek guztiek lelo komuna izan dute: Zure osasunagatik, mugi zaitez modu jasangarrian.
Lelo hori izanda, osasunari lotutako zenbait ekimen burutu dira, baina udalak bestelako kutsua ere eman nahi izan dio, eta ibilgailu pribatuari "konkistatutako espazio publikoa" aldarrikatzeko baliatu du hitzordua; seguruenera, aurtengo protagonista nagusia BEI bus elektrikoa izan delako.
Larunbatean, azoka bat antolatu zuten, eta bertan ere jarri zuten erakusgai BEIaren unitate bat. Garraio berriaren inaugurazioa, ordea, asteazkenean egin zuten, Autorik gabeko Europako Egunarekin batera. Egun horretan egin zituzten bidaiariekin izandako estreinako ibilbideak, Boulevardeko geltokitik Mendizorrotzera.
Gainerakoan, astean zehar askotariko ekimenak burutu dituzte. Inaugurazioaren egunean, "espazio publikoen konkista" hori irudikatu nahian, arte ekimen bat egin zuten Andre Maria Zuriaren plazan. Performance deitzen duten horietako bat, hain justu. Bertan, Enara Baron artistak auto baten gainean mugikortasun jasangarriari loturiko irudiak jarri zituen. Modu berean, eta "konkista" hori irudikatu nahian, auto batek hartu ohi duen espazioan zenbait objektu jarri zituen, espazio publikoaren onuren erakusgarri. "Auto batek hartzen duen lekuan oinezko ugari sar daitezke, haurrak jolastu; sar daitezke bizikleta gehiago, ostalaritza terrazak, merkataritza espazioak…", nabarmendu zuen alkateak. Alor horretan izandako "aurrerapenak" aipatzeko baliatu zuen ekitaldia. Oinezkoentzako eremuak, superetxadiak, zirkulazio baretuko 30 zonak, irisgarritasuna, garraio publikoa edota bizikletaz ibiltzeko azpiegitura berriak jarri zituen adibidetzat. Udalaren arabera, hirian izandako aldaketak "Estatuan nahiz atzerrian goraipatu izan dira", eta "eraginkorrak eta ikusgarriak suertatu dira". Horien erakusleiho izan da, hain justu, urte hauetan zehar mugikortasunari eskainitako astea.
Larunbateko azokan osasunari tartea egin zioten ere. Fisioterapeutek parte hartu zuten bertan, eta modu egokian ibiltzeko, korrika egiteko edo bizikletan ibiltzeko aholkuak eman zituzten. Buruko osasunari buruzko lantegia ere egin zuten, modu jasangarrian mugitzea "egoera psikikoaren" mesedean omen doalako.
Osasuna aintzat hartuta, oinezko martxa bat ere egin zuten hirian zehar, azken urteetan izandako hainbat aldaketa ezagutarazteko, eta, ohi bezala, hainbat hitzaldi eta lantegi egin zituzten. Horietako lantegi batean, adineko pertsonek mugitzeko dituzten zailtasunak landu zituzten; Egibideko ikasleek eta Adineko Zentroen erabiltzaileek txosten batean hainbat hobekuntza proposamen egin zituzten, eta herritarrak arlo horretan "kontzientziatzeko beharra" azpimarratu zuten. Emaitzak udaletxean aurkeztu zituzten.
Egun batez, doan
Asteazkenean ere, Diputazioak ez zion urteroko hitzorduari huts egin, eta, egun horretan, foru garraioa musu-truk jarri zuen. Horrela, foru agintariek autobusen erabilera sustatu nahi dute, "norberaren autoaren alternatiba gisa". Mugikortasun alorreko foru diputatu Blanca de la Peñak nabarmendu zuenez, autobusa egun batean doan eskainita, zerbitzua bera eta zerbitzua osatzen duten lineak "ezagutaraztea" izan dute helburu, eta baita "garraio hori ohikotasunez erabiltzen dutenei aintzatespena egitea" ere.
Estrategia horren baitan, Diputazioak gogorarazi du zenbait autobusek binilo batean jarrita dutela garraio publikoa segurua eta jasangarria dela. Modu berean. erantsi dute ere COVID-19ari aurre egiteko babes neurriak jarraitu beharra dagoela zerbitzua erabiltzean.