Bus Elektriko Adimentsuak (BEI) bidaiariekin bere lehen hiru bidaiak egingo gaur —13:00etan, 17:00etan eta 19:00etan—, Mugikortasunaren Europako Astearen barruan, Hiria nire autoa gabe egunarekin bat.
Herritarrek Boulevardetik Mendizorrotzerainoko ibilbidea egin ahal izan dute, eta ibilgailuak eskainiko dituen abantailak ezagutu; besteak beste, errei esklusiboak eta semaforo lehentasunaren onurak.
Garraio sistema jasangarriagoa, irisgarriagoa, berritzaileagoa eta seguruagoa lortzeko asmoz, Udalak 9 milioi euroko inbertsioa egin du —Eusko Jaurlaritzaren eta Aldundiaren finantzaketarekin— BEI martxan jartzeko. Puntako teknologia duten hamahiru ibilgailu elektriko berriek Gasteizko hamalau auzo lotzeko zerbitzua eskainiko dute, Tuvisaren 2. linean; guztira, hiru milioi erabiltzaileri zerbitzua emateko ahalmena izango dute.
Gero eta hurbilago
Aldez aurretik izena emanda zuten herritarrez gain, Gorka Urtaran alkatea, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escudero eta Tuvisako Maria Jose Ajuriaguerra ere igo dira BEIra. "BEI hurbilago dago egunetik egunera. Irrikan gaude herritarrek probatzerik izan dezaten. Gaur lekuak bete dira eta oso laster ikusi ahalko dugu funtzionatzen gure kaleetan", adierazi du alkateak.