Paula Casas

"Alzheimerrak sentsibilizazio politikoa eta soziala behar du"

Mirian Biteri 2021ko ira. 23a, 08:03

Paula Casas, elkarteak Gasteizen duen egoitzan. AFARABA

Afaraba elkarteko gizarte langile Paula Casasek detekzio goiztiarrean zein kontziliazio politiko eta sozialean lan egin behar dela adierazi du.

Alzheimerra eta bestelako dementziak dituztenekin zein bere gertukoekin lan egiten duen Afaraba elkarteko gizarte langile Paula Casasek errealitate honen erretratua egin du, eta dituzten jardueren berri eman du.

Behar besteko garrantzia ematen diegu egunerokoan izaten ditugun deskuidu txikiei?

Ez. Gauza bat da deskuidu txikiak izatea, blokeo edo muga egoera baten aurrean guztiok izaten ditugunak. Eta beste gauza bat da pertsona bat etxeko edo laneko zereginak egiteko zailtasunak izaten hasten denean, oraintsuko memoria galtzen duenean, data zehatzak gogoratzen ez dituenean, objektuak galtzen hasten denean edo hitz egiteko zailtasunak edo hitz aproposak erabiltzen ez dituenean. Sintoma txiki horiek agertzen direnean hasi behar dira senideak jardunean; medikuarenera joan behar dute balorazio bat egin dezan.

Prebenitu daiteke?

Gaitzaren arabera. Badira zenbait dementzia, tentsio altuarekin lotuta dagoen dementzia baskularra esaterako, prebenitzea eragin dezaketen balio fisiologikoak dituena. Baina alzheimerraren gaixotasuna, jatorria oraindik ere ezezaguna denez, zaila da prebenitzea; egin daitekeena da ahal den neurrian atzeratzea, burua trebatuz. Frogatuta dago pertsona batek mentalki bizitza osasuntsu eta aktiboa badu, gaitasun kognitiboak lantzen ari denez, hobeto mantendu daitekeela denboran.

Zer nolako ondorioak uzten dituzte patologia horiek?

Pentsamenduaren, arrazoiketaren eta denbora eta espazio-orientazioaren mailari eragiten dio; oro har, eguneroko bizitzan eta zereginetan eragiten du. Gainera, pertsona horiei umorea aldatzen zaie eta nortasunean aldaketak dituzte. Sumingarriagoak izan daitezke. Zentzu horretan, ez da erraza, hasieran batez ere, dena "ez" delako eta ekimen-falta dagoelako. Zaila izaten da haiekin komunikatzea.

"Elkartea laguntzeko dago, horrelako prozesuekin hasten ari diren pertsonei eta baita familiei ere".

Eta Afaraba elkartea egoera horren aurrean aholkua emateko dago, ez da hala?

Elkartea laguntzeko dago, horrelako prozesuekin hasten ari diren pertsonei eta baita familiei ere. Detektatu bezain laster, garrantzitsua da elkartera joatea, informazioa, aholkuak eta laguntza ematen baititugu; eta familiek ezagutu beharreko prebentzio-neurriak badaudela jakin behar dute. Gainera, garrantzitsua da pertsona bat gaitzaren hasieran dagoenean eta oraindik kontzientzia-maila duenean, etorkizunari begira dituen nahiak zehaztea.

Horrelako gaixotasunek ez dute bakarrik adinekoetan eragiten, ezta?

Hala da. Oro har, 65 urtetik aurrera agertzen da, baina adin txikiagoetan ere azaldu daiteke; adituen arabera, gaixoen %2 inguru gazteagoa da. Badaude oraindik lanean dauden gaixoak eta gurasoak direnak, ez aitona-amonak; elkartean ezagutu ditugu 40 eta 50 urteren bueltan dabiltzan lagunak. Kontuan izan behar da horrelako dementzien ondorioak oso garrantzitsuak direla, eta kasu horietan funtsezkoa da detekzio goiztiarra, prebentzio neurriak aplikatu ahal izateko.

Araban, zenbat lagunek dituzte alzheimerra edo bestelako dementziak?

Prebalentzia-datuekin eta Eustatekin datuak gurutzatzen aritu gara eta 6.000 bat daudela ematen du; baina, nire ustez, motz geratzen da datu hori.

Horietatik, zenbat daude landa-eremuan?

Esku artean ditugun datuen arabera, 1.500 landa-eremuan bizi dira, eta gainerakoak Gasteizen. Kasu horretan, azpimarratzekoa da landa-ingurunean biztanleria zahartzen ari dela. Aiaraldea da eremu zahartuena eta Lautada du atzetik. Eta, hain zuzen ere, eremu horretan hasi gara esku hartzen, oso garrantzitsua iruditzen zaigulako arabar guztiengana iristea.

"Botikariekin, kuadrilletako gizarte-zerbitzuetako profesionalekin eta denda txikietako profesionalekin hasi gara harremanetan jartzen".

Nola?

Maiatzean Alzheimerrarekin aktiboak programa jarri genuen martxan. Udalerriak aktibo egon daitezen eta elkartea ezagutu dezaten nahi dugu, eta Aiaraldean eta Lautadan hasi gara. Botikariekin, kuadrilletako gizarte-zerbitzuetako profesionalekin eta denda txikietako profesionalekin hasi gara harremanetan jartzen. Kontuan izan pertsona bat establezimendu batera joaten denean eta diruaren balioa ezagutzeko zailtasunak dituenean, dendariek edo tabernariek edo dena delakoek zeinu horiek detektatu ahal dituztela eta familiekin harremanetan jar daitezkeela zerbait gertatzen dela jakinarazteko. Kontzientziazio lana egiten hasi gara.

Asteartean alzheimerra eta bestelako dementzien eguna izan zen eta egitarau zabala prestatu duzue horren bueltan. Aurten, lautadan jarri duzue begirada...

Bai. Aipatutako programaren barruan, eragile ezberdinekin kontaktuan jartzearekin batera, beharrak jasotzeari ekin genion. Eta datozen asteotan, narriadura kognitibo arinari, alzheimerra eta bestelako dementzia batzuei buruzko jardunaldiak antolatu ditugu Lautadan, Nor garen ahaztu ez dezagun lelopean. Ostiralean Araian emango diogu hasiera horiei, eta jarraian, Ozetan, Azilun, Burgun, Agurainen, Dulantzin, Erdoñanan eta Zalduondon izango gara. Urriaren 14ra arte ibiliko gara Lautadatik. Familiekin harremanetan jarrita, haien beharrak jasotzea nahi dugu saio horietan; gero, hurrengo urratsa gaur egun dauden programak osatzea izango da, haien nahiak, balioak eta ohiturak errespetatuz. Izan ere, Lautadan eskatzen digutena agian ez datorrelako bat Aiaraldean edo Mendialdean eskatzen digutenarekin. Jasotzea nahi duguna, gero itzultzeko.

"Familiekin harremanetan jarrita, haien beharrak jasotzea nahi dugu saio horietan; gero, hurrengo urratsa gaur egun dauden programak osatzea izango da, haien nahiak, balioak eta ohiturak errespetatuz".

Horrez gain, unitate mugikor bat ere jarriko duzue martxan...

Hala da. Irailaren 30a Agurainen emango dugu eguna, Harresi areto ondoan. Urriaren 1etik 6ra bitartean, Gasteizen ibiliko gara; eta 7an, Dulantziraino gerturatuko gara. Unitate mugikor honekin, nahi duten herritar guztiei proba kognitiboa egiteko aukera eskaini nahi diegu. Asmoa pertsona bat nola dagoen baloratzea da, eta, beharrezkoa bada, tratamendu kognitiboko programetara bideratzea.

Amaitzeko, Arabako mahai sozial eta politikoan dago honako gaia?

Lan asko dago egiteko detekzio goiztiarraren gaian, dementzia aurreratuak dituzten familia asko iristen baitzaizkigu. Bestalde, erakundeei gurekin elkarlanean jarraitzeko eskatzen diegu. Sendatzeko tratamendurik ez dagoenez, gero eta kasu gehiago ikusiko ditugu, eta, beraz, horren gertu dugun arazo honek sentsibilitate sozial eta politikoa behar du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago