Edozein momentutan, edozeinek, azkar, edonondik. "Berehalakotasun horrek portaeran kontrola galtzea eragin dezake eta zorpetzea areagotzea, jokoarekin harrapatuta geratzeko aukera eta adikziorako prozesua bizkortuz".
Zein da une honetan Asajerrek duen buruhauste handiena?
Gazteak dira, batik bat, erronka nagusia. Denbora daramagu nerabeei arreta eskatzen, arriskuaz ohartarazten. Apustu makinetara gerturatzen diren moduak kezkatzen gaitu; lagun arteko jarduera moduan hartu dute, kirolarekin lotuta, diru pixka bat irabazteko aukera moduan... oraindik ondo ikusia dago. Horrela gerturatzen dira jokora, poliki-poliki, eta arazoa hasten da kontrolik gabe jokatzen denean, pertsona hori banatzen hasten denean, eta gainera modu anonimo batean sarearen bitartez. Gazteak dira gure ardura nagusia, baina emakumeak ahaztu gabe; jakin badakigu jokatzen ari direla, baina laguntza gutxi eskatzen dute, eta oharkabe mantentzen da. Kasu honetan, apustu makinekin beharrean, bingo eta txanpon makinekin du lotura.
Nolako arrastoa utzi du pandemiak jokoan?
Joko presentzialak behera egin du, noski, eta nabarmen egin du gora Internet bidezkoak. Establezimenduak ixtearekin batera, online jokorako joera handitzea ekarri du jardueran hasten diren pertsonen kasuan nahiz ohiko jokalarien artean.
Nola atzematen da benetako arazoa?
Bi elementuk ematen digute pista: denborak eta diruak. Horiek nabarmen hazten direnean dator arazoa. Eta, denboraz ari garenean, ez gara ari bakarrik jokoan egiten dugun denboraz, horren atzean dagoen guztiaz baizik: kirol taldeen portzentajeak ikusi, emaitzak jarraitu...
Kontrolatu beharko litzateke Internet bidezko jokoa?
Oso zaila da, baina uste dut esfortzu bat egin behar dela sarbideak kontrolatzeko, adin txikikoak badira, eta gehiegizko denbora ematen duen pertsona hori ere kontrolatu beharko litzateke nolabait. Badaude har daitezkeen zenbait neurri, norberak bere buruari debekua jartzea esaterako; hala eskatuz gero, ezingo da sartu edozein apustu etxetan, kasinotan edo online operadoretan. Hezkuntza arloarekin ere denbora dezente daramagu lanean, ezinbestekoa delako; beste adikzioen inguruan hitz egiten dugun modu berean hitz egin behar da jokoaz, arrisku faktoreak zeintzuk diren argi izateko.
Inguruko lagunak garrantzitsuak izango dira momentu horretan...
Familia, lagunak... gure jokamoldeen eredu dira, eta oso garrantzitsuak dira. Alde horretatik, hezkuntza ezinbestekoa da familian; badira apustua euren gurasoekin egiten duten gazteak...
Errehabilitazio lan handia egin behar da egoerari buelta emateko?
Beste edozein adikzio moduan, lan handia egin behar da ludopatiatik atera ahal izateko. Ez da bakarrik jokatzeari uztea, aldaketa bat eman behar da; denbora kudeatzeko moduan egin behar da aldaketa, hainbat egoerari aurre egiteko moduan, eta askotan pentsatzeko moduan ere beharrezkoa da aldaketa hori. Ez da erraza, noski. Duela egun gutxira arte apustu makinen eta jokoaren inguruko iragarkiak ikusten jarraitzen genuen telebistan; pizgarri horiei guztiei entzungor egitea lan zaila da.