Erreportajea

Apusturako deia, langileen auzoetatik

Anakoz Amenabar 2021ko ira. 19a, 08:00

Apustu etxeen eta errentaren arteko harremana aztertu dute. / Pixabay

Haritik Hirira lantaldeak agerian utzi du apustu etxeen eta horien kokalekuaren arteko harremana, auzo batzuen eta besteen arteko bereizketa nabarmenarekin; horiek mugatu eta arautzeko beharraz ohartarazi dute Asajer errehabilitazioan diren Arabako jokalarien elkartetik.

Haritik Hirira izeneko proiektuak plazaratu ditu datu gordinak, apustu etxeen, errentaren eta auzoen tipologiaren arteko harremana aztertuta. Donostian egin dute lehendabiziko azterketa, eta agerian geratu da apustu makina gehienak errenta baxuena duten auzoetan daudela. Are nabarmenagoa da, ordea, fenomeno hori Gasteizen. Arabako hiriburua aztertuta, apustu makinak dituzten 222 lokal identifikatu dituzte, Donostian halako bi, eta Koroatzea eta Adurtza auzoak dira biztanleko makina gehien dituztenak; errenta baxua eta erdi-baxua duten auzoetan biztanleko lokalen kopurua auzo aberatsenetan baino askoz handiagoa da. "Zur eta lur utzi gaitu egoerak; 250.000 biztanle inguruko hiri batentzat datu nahiko kezkagarriak dira hauek".

Jon Macias eta Josu del Campo geografo gipuzkoarrek egin dute analisia, Twitter bidez (@HaritikHirira) zabaldu dutena. Askotariko gaien inguruan Euskal Herriko hiriburu desberdinetako errealitatea ezagutu nahi dute, betiere geografiaren ikuspuntua nabarmenduta, eta irakurleen artean eztabaida kritikoa sortzeko gogoz. Apustu etxeen gorakadak kezkatuta egin dute honako azterketa, eta Bilbo izango dute hurrengo aztergaia. "Donostian ikusi dugu Anoeta estadioaren inguruan lokal ugari pilatzen direla, eta Bilbon ere hori betetzen den jakin nahi dugu, San Mames inguruan metatzen ote diren, eta estadioak berak mugiarazten ote duen apustua egitea". Gasteizen, aldiz, Mendizorrotza inguruan ez dago apustu lokalik, baina beste faktore batzuk ere kontuan izan behar dira honetan; errenta altuena duen auzoa da Gasteizen, eta hirigintza ereduak ere baldintza dezake. "Gure hiriburuetan errenta altuenak dituztenak familia bakarreko etxebizitzetan bizi dira, eta urbanizazio hauetan oso zaila da lokalak eta dendak jartzea. Beraz, zeharka bada ere, apustu etxeak ekiditen dituzte". Kontrara, etxebizitza blokeetan bizi diren auzoetan, konpaktuak direnetan, errazagoa da bertan lokalak jartzea, nabarmendu dutenez, "eta, beraz, errazagoa da bertako bizilagun batentzat apustu etxe batera joatea".      

Kokapen estrategikoa

Macias eta Del Camporen ustez, apustu etxeak batean edo bestean jartzeko erabakiak ez dira ausaz hartutakoak, estrategikoki hartutakoak baizik, eta horregatik daude langile auzoetan gehiago. "Azken batean, badakite beharrak ere jokatzera eramaten zaituela. Hilabete amaierara heltzeko arazo ekonomiko ugari izaten da, eta askotan apustua aukera gisa ikusten da, aukera faltsua izan arren, errealitatetik urrun; aldiz, badakite, beharrik ez duten auzoetan normalean jokatzeko joera ere txikiagoa izango dela, ez zaiela hainbeste interesatzen".

Analisiaren arabera, Gasteizen Koroatze auzoa izan daiteke apustu makinekin dagoen arazoaren erakusgarri nagusietako bat. Errenta baxua eta langabezia tasa altuena duten auzoen artean kokatzen da, eta, bertan, apustuetarako makinak dituzten 19 lokal aurki daitezke. "Langile auzoa izatearekin batera, zentralitatea ere bada garrantzitsua auzo honetan, Gasteizko erdigunean, eta mugimendu gehien dagoen kaleetatik gertu, eta ondorioz ostalaritzako lokal ugarirekin", azaldu dute. Adurtzako egoera ere "oso kezkagarria" da, biztanleko lokal gehien aurki daitezkeen auzoa baita: 12 lokal daude 6.000 biztanlerako. Aretxabaletan, berriz, biztanle kopuru berdintxua izanda, ez dago apustu makinak dituen lokalik.

Biztanleko lokal gehien ditu Adurtzak: 12 lokal daude 6.000 biztanlerako

Jasotako datuek agerian uzten dutenez, gainera, apustu etxe baten ostean beste bat etorri ohi da. "Pentsa daiteke lehia handia izan daitekeela euren artean, lokal batek besteari kalte egingo diola, baina elkar elikatzen dute. Makina bat den tokian gehiago sortzen dira, eta jende gehiago erakartzen dute. Pilatze gune horiek Euskal Herrian eta hemendik kanpo ere ikusi ditugu".

Makina kopurua "neurri gabe" ugaritu ez dadin araudia ezarri bitartean, legeak beste hainbat zirrikitu uzten dituela uste dute Maciasek eta Del Campok, besteak beste, ikastoletatik distantzia jakin batera horiek kokatzeko neurririk ez dagoela. "Eta 18 urtetik gorakoek bakarrik jokatu dezaketen arren, nahiko lausoa da erregulazioa; gazteentzat arazo larria izan daiteke".    

Lokaletan, etena

Euskal Autonomia Erkidegoan 2008an ireki zuten lehengo apustu etxea, eta ordutik nabarmen hazi dira; apustu etxeak eta ostalaritza lokaletan dauden joko eta apustu makinak kontuan hartuta, 10.500 inguru daude egun. Sektorea erregulatu arte, behin-behinean, apustu etxeetarako lizentzia berririk ez ematea erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak 2020 hasieran. "Gazteen eta nerabeen artean jokoaren erabilera desegokiaren arriskuak murriztea eta, ahal den neurrian, mendekotasun-arazoak saihestea da araudiaren berrikuspenaren helburua", azaldu zuen garai hartan Jaurlaritzaren Segurtasun sailburua zen Estefania Beltran de Herediak.

Aurtengo otsailean berriz ere izan da aferaren inguruko eztabaida Eusko Legebiltzarrean; lege proposamena egin zuen Elkarrekin Podemosek jokoa arautzeko 1991n ezarritako araudia aldatzeko. Aurrera egin ez bazuen ere, araudiaren eta planifikazioaren bitartez legea eguneratu eta "jokoaren gaur egungo errealitatera" egokitzearen alde egin zuten alderdi guztiek. Iñigo Martinez legebiltzarkideak azaldutakoaren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 43.000 lagunek dituzte jokoarekin loturiko arazoak, eta gazteen %5ek dute jokoarekiko menpekotasuna. Besteak beste, probintziako gehienez kasino bat, gehienez ere 100 joko etxe eta 50 apustu etxe izatea proposatzen zuen Podemosek, eta lokal baten eta bestearen artean gutxienez 500 metroko distantzia izatea, baita joko etxeen eta eskola, unibertsitate, gazte lokal eta jokalarien errehabilitazio zentroen artean ere.

Covidaren pandemia tarteko, ordea, azken hilabeteetan establezimendu fisikoetan beharrean, Interneten jokatzeko joera areagotu da bereziki. "Apustu etxeen loraldia nolabait apaldu egin da, erritmoa ez da hain handia, bezeroek eta apustu etxeek badakitelako etxetik jokatzea gero eta errazagoa eta erakargarriagoa dela, publizitate jarioak lagunduta", gogoratu dute Haritik Hirira taldeko kideek.

Ildo horretan, joan den abuztuaren 31az geroztik, sektoreko enpresen publizitateari muga jarri die Espainiako Gobernuak. Ezarritako dekretuaren arabera, telebista eta irratiek soilik goizeko 01:00ak eta 5:00ak bitartean emititu ditzakete enpresa horien iragarkiak, kirol emanaldietan ez da apustu-etxeen iragarkirik eskainiko beraz, eta kirol taldeek ez dute kamisetan haien izenik eramango.

Araudiaren beharra

Azken urteotan menpekotasunak nabarmen gora egin duela gogoratu dute Asajer errehabilitazioan diren Arabako jokalarien elkartetik, eta apustu etxeen eta online jokoa mugatzeko beharra nabarmendu dute. "Gasteizen lokal gehiegi daudela uste dugu, legeak hala baimentzen duen arren", azaldu du Idoia Axpe elkarteko lehendakariak. "1989. urtetik ari gara elkartetik eta beste zenbait kolektibotik neurriak har daitezen eskatzen; txanpon makinekin hasieran, apustu makinekin gero, online jokoarekin orain... Araudiak beti oso atzetik datozen sentsazioa dut, benetako arazoa direnean bakarrik jartzen direnak". Kirol apustuekin arazoak dituzten gazteen kopuruari "adi" jarraitzeko beharra aipatu du Axpek, eta mendekotasuna garatzeko denbora gehiegi behar ez dela ohartarazi, "bereziki sarearen bidez orain, edozein lekutan, edozein momentutan jokatzeko aukerarekin".

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago