Esku trebeak ditu Asier Kidam magoak (Gasteiz, 1984), baina, modu berean, solaskide bikaina ere bada. Ez da kasualitatea: dioenez, trukoak menderatu ez ezik, mago on batek komunikatzaile ona izan behar du ere. Teknologia berriek jada edozein gauzarekin harritzeko gaitasuna atrofiatu duten honetan, txanpon edo hari soil batekin harridura pizteko gai da. Eta hori baino magikoagoa den kontu gutxi geratzen dira munduan.
Barkatuko didazu seguruenera mago bati egin dakiokeen galderarik topikoena egiteagatik: Magia Borras jolasarekin hasi zinen?
Ba, ez. Telepizzan, bi pizza familiar eskatuta, magia truko bat oparitzen zizuten. Anaiak eta biok astean behin eskaria egiten genuen, trukoak eskuratu ahal izateko, kar kar! Aurretik, magiarekiko lehen kontaktua izan nuen mago batek belarritik txanpon bat atera zidanean. Zur eta lur geratu nintzen horrekin. Lehen emanaldia ikastolan eman nien klasekideei. Gero, Gasteizko gizarte etxeetan Jose Angel Suarezek [egungo Magialdiaren zuzendariak] ematen zuen magia ikastaro batean izena eman nuen. Denborarekin informazioa eskuratuz joan nintzen, liburuen bitartez eta VHS bideoen bitartez... Maisu-ikasle harreman horretan abiatuta ikasi zuen azken belaunaldikoa naizela esango nuke.
Orain, errazagoa izango da magia ikastea, ezta?
Gaur egun, jende gehienak internet bidez ikasten du magia. Iraganean, desberdina zen. Adibidez, urtebetetze batean gurasoek Bartzelonara bi egunez joateko aukera oparitu zidaten, bertan Magicus izeneko magia denda ezagun bat zegoelako, eta hor gozatu ederra hartu nuen. Urtebete inguru eman nuen magia denda batera joateko ilusio horrekin. Gaur egun, askotan hamar segundoko ilusioa da, zerbait Googlen jartzen ematen duzun denbora, hain zuzen.
Esan duzu zure lehen emanaldia klasean eman zenuela. Nola atera zen?
Nahiko ondo atera zela esango nuke. Tira, urte batzuk pasata, dagoeneko magia ondo ikasia nuela, hori baino emanaldi eskasagoak eman ditut. Noiz konplikatzen da ba emanaldi bat? Askotan, gurekin zerikusirik ez duen zerbait gertatzen denean. Badira urte batzuk kalean emanaldiak ematen ez ditudala. Kalean batzuetan tokatu ahal zaizu, adibidez, emanaldiaren erdian kristoren ekaitza botatzea; haizea, izugarrizko eguzkia eguerdian, eta ume guztiak hor, erdi deshidratatuta... Edo gauez jo behar duen musika taldea alboan edukitzea, soinu probak egiten. Batzuetan zailena ez da magoa bera, ezta publikoa ere, horrelako baldintzak baizik.
Aitortu behar dizut espero nuela zure erantzuna izatea ondo atera ez den truko baten inguruan...
Batzuetan hori gerta daiteke, bai. Batzuetan disimulatu daiteke, eta, beste batzuetan, ez. Gertatzen bada, zerbait ez dela ondo atera aitortu eta listo. Egia da normalean hasiberriak diren magoentzat hori drama bat izan daitekeela, baina, gero, ia egunero emanaldiak ematen ari bazara, horrelakoak normalizatu egiten dituzu.
Hor, lortzen duzuen giroa funtsezkoa izango da, ezta?
Zentzu batean, aktore ere bazaretelako... Beste espektakuluetan bezala, landu behar dituzu erritmoa, ahotsa proiektatzeko modua, musika egokia, trukoen ordena... Halakoak funtsezkoak dira emanaldi entretenigarria egiteko. Teknikoki oso mago ona izan zaitezke, baina, komunikatzaile ona ez bazara, jendea aspertu egingo da. Jendea magiarekin txundituta uzteaz aparte, garrantzitsuena da jendeak ondo pasatzea.
"Antzinatean, erlijioetan, magia erabiltzen zuten jendearen gaineko kontrola izateko"
Zaila izan zen afizioa ofizio bihurtzea?
Ez. Niretzako magia ogibidea da, eta orain arte beti lan pila izan dut. Nire kasuan behintzat esan dezaket bide erraza izan dela. Hemeretzi urterekin hasi nintzen. Ikasketak bukatu ostean, erabaki nuen saiatuko nintzela ogibide bihurtzen. Urtebetez Madrilen egon nintzen, baina, egia esanda, lan gehiago izan dut Euskal Herrian. Madrilen izandako urte hura, halere, oso polita izan zen, gauza asko ikusi nituelako.
Zer nolako lanak izan ohi dira?
Magiak duen abantaila da formatu desberdinetara egokitu daitekeela. Batzuetan, hurbileko magia izan daiteke: udalen batek antolatutako magiapoteoa izan daiteke, edo ezkontza baten ondorengo koktela. Antzokietan ere espektakulu handiagoetan ere ibil zaitezke, eta baita ikastetxe bateko gimnasioan ere. Zentzu horretan, magia oso malgua da.
Mago ona izateko, magia asko ikusi behar da ere, ala hobe da norberak bereari eustea?
Berez magia ikustea ona da ideiak hartu eta beste magoek egiten duten lanetik ikasteko aukera duzulako. Hasi nintzenean, eskura nuen magia apurra behin eta berriz ikusten nuen. Gai nintzen ikusteko bi orduko telebistako saio bat, jakinda mago zehatz bat aterako zela bi minutuko emanaldi txikia egiteko. Beste denboraldi batez saiatu nintzen magia ez ikusten, ahalik eta originalena izateko. Besteek egiten dutena errepikatzeko beldur nintzen. Une honetan tarteko egoera batean nago: magia ikusten dut, baina ez gehiegi.
Joerak al daude magian? Adibidez, puristak al daude, demagun, teknologia berriekiko?
Magiaren munduan purismo hori ez da existitzen. Baina bada mago guztiok onartzen dugun ideia da: konpintxeak ez erabiltzea. Telebistaren kasuan, magia kamera trukoak edo edizioak ez erabiltzea. Hor marra gorri bat dago, inoiz magoren batek pasatzen duena, baina magoen %98k onartzen ez duguna. Hori egiteko ez duzu zertan mago izan behar, aktore izatearekin nahikoa duzu. Guretzat, zerbait itsusia da.
Hor, truko deigarrienak itxuran sinpleenak izango dira, ezta? Elkarrizketa hasi aurretik, hiru txanpon ziztrinekin aho zabalik utzi nauzu!
Bai. Askotan jendea ez dago ohituta horrelako trukoetara; hurbileko magiara. Denok ikusi ditugu kontzertu pila, pelikula pila… baina jende askok inoiz ez du ikusi mago bat berari truko bat egiten. Telebistan ikusiz gero, jendeak askotan pentsatuko du kamera trukoak direla. Zuzenean egiten dizutenean, bat-batean elementu horiek ukitu ahal izatea... horrek potentzia handia du.
Truko hori duela 2.000 urte egin izan bazenit, naturaz gaindiko ahalmenak zenituela sinetsiko nukeen...
Hori da. Lehenengo magoak xamanak eta horrelakoak izan ziren. Sekretu batzuk jakinda, horiek erabiltzen zituzten jendearen gainean kontrola izateko. Adibidez, Antzinako Greziako eta Erromako tenpluetan, apaizek eskuekin halako imintzio bereziak egiten zituzten, eta oso harri pisutsuez eraikitako ateak irekitzen ziren. Azpian sistema hidrauliko bat zegoen, noski. Horrela, jendeari beldurra sartu ahal zioten, jendeak uste zuelako ahalmen bereziak zituztela.
"Urtebete eman nuen magia denda batera joateko ilusioaz. Orain, hamar segundoko ilusioa da"
Gure Zirkuan ari zara. Zer nolako erantzuna jasotzen ari zarete jendearen aldetik?
Oso harrera ona. Emanaldi ia guztietan sarrerak agortu dira. Dakizunez, Iker Galartzak hasitako proiektua da, eta orain arte egon den zirku ibiltari euskaldun bakarra izan da. Bertan lan egiteko aukera izatea zorte handia da, bizitzak ematen dizun opari horietako bat. Espektakulua agian ez da izango Cirque du Soleil-en ekoizpen bat bezalakoa, baina sortzen den giroa oso berezia da. Askotan ikusi ditugu helduak negarrez. Behin etorri zitzaigun bikote bat esanez aurreko urtean seme-alabekin etorriak zirela, eta ederki pasa zutela. Hortaz, oraingoan seme-alabak aitona-amonekin utziak zituztela, beraiek bikote plana egiteko. Bada, plan horren barruan, Gure Zirkua zegoen.
Araba inguran mago pila dago ala nire sentsazioa da?
Gizarte etxeek antolatutako ikastaro horien ondorioz mago zaletu pila bat dago, bai. Gasteizen mago elkarte bat baino gehiago dago. Baina kontua da mago gehienak zaletuak direla, eta agian profesionalak ez gara hainbeste: Araban, hiruzpalau izango gara. Biztanleko, nahiko proportzio handia da.
Magialdiak lortu al du zaletasun hori bultatzea?
Magiaren inguruko zaletasuna sortzeko lagundu du, bai, baina ez horrenbeste magoak sortzeko, magia ikusleak sortzeko bazik. Magialdira etortzen diren mago asko Estatu mailakoak eta Europakoak dira, eta gasteiztar askok jakin badakite urtero Principal antzokian gala potente bat izango dutela, munduko magorik onenetakoekin. Horri esker, gero urtean zehar beste hainbat espektakulutara joateko ohitura hartuko dute.
"David Copperfieldek harrituta utzi ninduen: inoiz ikusi dudan espektakulurik onena izan zen"
Zure trukorik gogokoena?
Truko bat sortzeko prozesua batzuetan luzea da. Ideia bat duzu, baina, eraikitzen edo entseatzen hasten zarenean, teknikoki edo fisikoki beti ez da posible lortzea, eta ideia hori beste zerbaitetan eraldatu behar duzu. Orain sortzen eta fintzen ari naiz truko bat: norbaiti karta bat pentsatzeko esan eta hori izatea nire zorroan idatzita agertzen den bakarra. Ez da guztiz originala, beste mago batzuen ideiak ere hartu ditudalako, baina ideia horiek egokitzeko eta batzeko diseinua nirea da. Gaur egun seguru aski hori izango da niri gehien gustatzen zaidan trukoa.
Ba al duzu erreferentziazko magoren bat?
Duela bi urte, Las Vegasen, David Copperfieldek harrituta utzi ninduen: inoiz ikusi dudan espektakulurik hoberena izan zela esango nuke. Egia esanda, joan aurretik pentsatzen nuen Copperfield erdi erretiratuta egongo zela, betiko gauzak egiten, baina ez zen horrela izan. Gauza berriak ikusi nituen, niretzat azalpenak ez zituzten trukoak, eta hori magoen artean lortzea oso zaila da. Beste bat Derren Brown mentalista da. Ingalaterran oso ospetsua da, eta Netflix-en haren emanaldiak ikus daitezke. Hirutan joan naiz Londresera hura ikustera, eta Copperfieldek bezala, ni harritzea lortzen du.