Udan zehar, Iturrietako Mendietatik —uztailaren 3an—, Arkamutik —uztailaren 24an— eta Labrazatik —abuztuaren 14an— igaro da Babestu maite duzun mendia dinamika. Oraingoan, Azazetako mendatera eraman dute Araban eraikitzekoak diren proiektu eolikoen aurkako protesta. Izan ere, plataformak sei ibilbide herrikoi antolatuko ditu, urriaren 23rako Gasteizen deitutako manifestaziora begira indarrak batzeko asmoz.
Une honetan, sei proiektu eoliko daude martxan —fase batean edo bestean— Arabako mendietan, Iberdrolak eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) osatutako Aixeindar sozietate publiko-pribatuaren zein hainbat enpresa pribaturen eskutik. Kokaleku horietako bakoitzera ibilaldi bat antolatu dute. Zertarako? "Sakrifikatu nahi den ondarearen balio naturala, paisajistikoa eta kulturala nabarmendu eta bertatik bertara ezagutarazteko", azaldu du plataformak.
Azazeta, natura ondarea
Irailaren 11n, larunbatean, Azazetaraino eraman dute dinamikaren laugarren martxa. Azazeta herria eta bere ingurunea Arabako natura ondareko hiru gune garrantzitsuenen erdian daude: Gasteizko Mendietako zein Entzia mendilerroko Kontserbazio Bereziko Eremuen (KBE) eta Izkiko Parke Naturalaren artean.
Horrez gain, Europako hegazti migratzaileen ibilbidearen parte da Azazeta. "Ingurune honetan horrelako industria azpiegiturak jartzea oztopo handia litzateke hegazti horien migraziorako", ohartarazi du Mendiak Askek. "Oztopo arkitektonikoa izateaz gain, haize-sorgailuekin talka egiteko arriskua baitago, zentral horiek igortzen duten kutsadura akustiko eta argi-kutsadurak ere eragin handia izan dezake".
Adin guztietako ibiltariak
Aurreko martxetan bezala, bi irteera-puntu izan zituen martxak. Lehenengoa, Aberasturi herritik abiatu zen 10:00etan; soroak zeharkatu eta, ureztatzeko putzuen parean, Okina gainera igo ziren. Ibilbide hau aukeratu zutenek 12 kilometroko ibilbidea egin zuten (300 metroko desnibelarekin).
Bigarren ibilbidea —laburragoa— puntu horretan hasi zen, Okina gainean. Izan ere, Mendiak Askek haurrentzako martxa bat prestatu zuen puntu horretatik, ibilbide oso erraza delako, familien parte hartzea ahalbidetzeko eta natura ondarearen balioa hurrengo belaunaldiei transmititzeko asmoz. Txikimartxa aukeratu zutenek bi kilometroko ibilbidea egin zuten (100 metroko desnibelarekin).
Ondoren, bi ibilbideek Kastañarri mendira igoera txikia egin zuten. Martxaren amaieran, Azazetako ordezkariek hurrengo martxarako makila edo lekukoa Añanako ordezkariei pasa zieten.
Martxa batetik bestera eskuz esku igarotzen ari den lekukoak proiektu eolikoen eraginpean dauden naturgune guztiak zeharkatuko ditu, urriaren 23an Gasteizko manifestaziora iritsi bitartean. Honako hauek dira ibilbide bakoitzaren datak. Datak hurbiltzen diren heinean emango dituzte ibilbide bakoitzari buruzko xehetasunak, abiapuntuak eta ordutegiak jakinarazteko:
- Uztailak 3: Iturrietako Mendiak (eginda)
- Uztailak 24: Arkamu (eginda)
- Abuztuak 14: Labraza (eginda)
- Irailak 11: Azazeta (eginda)
- Irailak 25: Cantoblanco
- Urriak 16: Arlaban
"Mendiak ez daude salgai. Berriztagarriak bai, ez nolanahi", adierazi du Arabako Mendiak Aske plataformak, herritarrei martxa horietan parte hartzeko gonbidapena luzatuz.