ANDER IBAÑEZ

"Argiaren kultura asko aldatu da azken urte hauetan, onerako"

Erredakzioa 2021ko ira. 11a, 08:00

Ander Ibañez. ALEA

Haitzuloetan bizi zenetik, gizakiak argiztapenaren beharra izan du, baina, askotan, igarri ere ez da egiten. Hala izan behar da argiztapen egokia, Ander Ibañez argitzaileak aitortu duenez. Badaki zertaz ari den: Santa Maria Katedrala, Gasteizko harresiak eta beste hainbat espaziotara eraman du argiaren magia.

Aitak instalazio elektrikoen enpresa martxan zuen 1955. urtetik, eta berak nahi zuen semeak haren ogibidea jarraitzea. Alabaina, Ander Ibañezek (Gasteiz, 1957), bestelako bidea hartzea erabaki zuen, betiere, familia tradizioan jasotakoa alde batera utzi gabe. Argiztapenaren mundua horrela aurkitu zuen, eta 1985. urtetik jardun horretan dabil, Ibañez Arana argiztapen estudioaren bidez. Urte hauetan guztietan, aldaketa handiak ikusi ditu argiztapenaren esparruan, bai teknika aldetik eta baita jendeak argiaren kulturaz duen pertzepzioaren aldetik ere.

Asko aldatu al dira gauzak lanean eman dituzun 36 urte hauetan?

Bai. Hasi nintzenean, arkitekturaren eta interiorismoaren munduan argiztapenaren mundua bigarren mailako kontu bat zen. Batetik, zeuden baliabideek ez zuten zerikusirik gaur egun ditugunekin. Bonbilla tradizionala, hodi fluoreszentea edota lanpara halogenoak; bitarteko horiekin argiztapen proiektuak egiten hasi ginen, baina, betiere, bigarren mailako gremio bat bezala. Zorionez, urteen poderioz hau zeharo aldatu da. LED teknologia oso modu indartsuan sartu da. Bestetik, profesionalen artean ere argiaren kultura asko aldatu da, arkitekto edo interioristen artean, adibidez. Publiko zabala ere, gero eta gehiago, sentikorragoa da proiektu hauekiko.

Profesionalen artean, nolakoa izan da aldaketa hori?

Erreferente diren arkitektura estudio handietan –kasurako, Norman Foster, Frank Gehry edo David Chipperfield– azken urteetan profesional espezializatuak sartu dituzte haien proiektuetan. Kasu gehienetan etxeko kolaboratzaileak dira: klimatizazioan, soinuan, akustikan eta baita argiztapenean adituak. Izan ere, elementu hauek guztiek sortzen dute interiorismo edo arkitektura proiektu bat, eta ez baduzu jasotzen arlo horietan egindako ekarpena, ez dira proiektu bikainak izango; aurrekontu handiak izan arren. Hemengo profesionalek ez dute estudio handiek duten gaitasun hori, eta, beraz, azpikontratatu egiten gaituzte. Behin baino gehiagotan ikusten dira inbertsio handia duten proiektuak, baina arlo hauek kontuan hartu ez dituzten egitasmoak, eta horrek pena ematen du. Zorionez, horrelakoak gero eta gehiago aintzat hartzen dira.

Nola moldatzen zarete espazio bakoitzaren araberako estrategiak zehazteko?

Oso garrantzitsua da argi izatea proiektuaren aurrekariak zeintzuk diren, eta, egilearekin batera, jakitea zer erabilera eta ezaugarri izango dituen. Nori bideratuta dagoen… Izan ere, proiektu bakoitza desberdina da, eta hala izan behar da gainera, sektore berdinaren barruan egonda ere. Ahalik eta informazio gehien eskuratzen saiatzen gara, argiztapen proiektuari pertsonalitate bat emateko. Arkitektura eta interiorismo eskoletan gero eta gehiago ari da lantzen argiztapena, baina, arlo honetan, eskarmentua ezinbestekoa da. Esaterako, lankide batek argiztapen masterra egin zuen, eta gero esan zidan, benetako masterra hemen egina zuela. Arlo praktikoan, programa informatikoekin lan egiten dugu, planoetan abiatuta, eta errealitate birtual bat lortzen dugu pantailan, hiru dimentsioetan. Datu horiekin, aurkezpen birtualak egiten ditugu; hala, bezeroak lana ia bukatuta balego bezala ikusten du.

Tipografia on batek pertsonalitatea izan behar duela esan ohi da, baina arreta erakarri gabe. Argiztapenean ere horrela al dira gauzak?

Guztiz. Hori da gakoa guretzat. Badira bezero batzuk esaten digutenak: "Zuek ez al duzue lanparak saldu nahi, ala?". Argiztapena diseinuaren eta arkitekturaren baitan txertatzen denean, eta lehen begi kolpe batean bederen atzematen ez duzunean, horrek esan nahi du proiektua arrakastatsua izan dela. Hori da argiaren magia deitzen duguna: argia ikusten duzu, baina ez zara konturatzen bertan argi puntu bat dagoela. Gero badira ere berez dekorazioaren barruan sartzen diren elementu batzuk. Lanpara edo luminaria bat. Eta horiekin arreta berezia izaten dugu. Izan ere, elementu horiek oso agerikoak izango dira. Gaizki aukeratzen baduzu, objektu horrek egunero gogoratuko dizu huts egin duzula. Horregatik askotan gomendatzen dugu edozein gauza ez jartzea, gauzak birritan pentsatzea, eta, aurrekontua arazo bat bada, itxarotea. Bestela, damutzeko arriskua izango duzu.

"Asko salduta ere, enpresa handiek diru gutxi irabaz zezaketen ohiko bonbillekin".

Zer suposatu du LED teknologiaren agerpenak?

LEDaren sarrera informatikarena edo telefoniarena bezalakoa izan da. Izugarrizko abiaduran egin du aurrera. LED berriek urte gutxitan potentzia eta ezaugarri berdinekin errendimendua gainditzen dute; askotan, kontsumoa gutxituz. Aitortu behar dizut gu eszeptikoak ginela, hasieran ez zirelako batere eraginkorrak. Diodoak baino ez ziren, eta, oso gutxi kontsumitzen zuten arren, ez zituzten argiztapen arazoak konpontzen. Ez zuten ez intentsitaterik, ez kolorerik, ezta beharrezko argi sortaren zabalerarik. Urteen poderioz, baina, muga horiek guztiak gainditu dira, eta argiztapen gehiena LEDetan oinarritzen da orain. Dena dela, LEDaren bilakaera ez da kasualitatea izan. Prezio aldetik, bonbilla arruntek dagoeneko beheko langa ukitua zuten. Biltegi batean hogei zentimoren truke-edo eskuratzen zenuen. Bonbilla asko salduta ere, multinazionalek negozio gutxi egin zezaketen zentimo apur horiekin. Beste zerbait behar zen. Bestetik, gaur gaurkoz, nik zenbait instalazio berezitan bonbilla goriren bat jarriko nuke. Tira, bonbilla tradizionala debekatu dute efizientea ez delako. Baina niretzat kandela bat jartzearen modukoa izan daiteke. Kandelak ere ez dira batere efizienteak, baina ez dituzte debekatu.

Ezaguna da AEBetako suhiltzaile parke batean dagoen bonbilla bat, ehun urte baino gehiagoz piztuta…

Eta egunean 24 orduz, gainera! Funtsean, General Electric edo Phillips bezalako enpresa handiek nolabait hartua zuten erabakia bonbillek ezin zutela gehiago iraun, negozioa bukatzen zitzaielako. Beste hainbat eta hainbat esparrutan ematen dena martxan jarri zuten: zaharkitze programatua, hain justu. Asko zainduta ere, ez duzu lortuko gaurko gailuek asko irautea.

LEDen iraultza honetan, udaletan gauzak ondo egiten ari al dira?

Hutsune nabarmenak daude. Gasteizko zenbait erakin publikotan, adibidez, argiteria ez da batere eraginkorra. Argiteria berdina erabiltzen da, egunaren ordua eta argiztapen naturala edozein izanda ere. Green hiriburu batean, erakunde publikoek horren adibide eman beharko lukete. Txagorritxuko kanpo kontsultetan ere, lanpara zaharkituak jarri dituzte. Kontsumo handiagoa izango dute, eta, seguruenera, hemendik bospasei urtera berriro dena aldatu beharko dute, horrek dakarren gastuarekin.

Aire zabaleko proiektuetan, argi kutsaduraren aldagaia kontuan hartzen al duzue?

Bai, kanpo espazioetan jartzen ditugun luminariek zero emisioa dute lanpararen goiko hemisferioan. Horrela, Gasteiz bezalako hiri batean, hodeiek aukera ematen digutenean bederen, izarrak ikusteko moduan egongo gara. Halere, faktore hori kontuan hartu behar dela uste dut, baina, neurriz.

Agian zuhurregiak bihurtu gara gai horrekin?

Baliteke horrela izatea, bai. Gaia muturrera eramaten badugu, hiriak espazio monotono eta tristeak bihurtuko ditugu. Eta, hirietan, badira hainbat puntu argia behar dutenak. Ez gara hain efiziente eta errespetutsuak izango agian, baina halako puntuei balioa eman behar zaie, baita argiztapenarekin ere.

"Hirietako zenbait punturi balioa eman behar zaie, baita argiztapenarekin ere".

Hau da, Alhambra gauez ere urrutitik ikusi behar da, bere handitasun ederrean...

Hori da kontua. Eiffel dorrea gauez argiztatuta ikustea luxu bat da, hori batere efizientea ez bada ere. Hiri guztia horrela egotea astakeria litzateke, noski, baina pertsonalitatea duten elementuei, nire ustez, argiztapen egokia jarri behar zaie. Eta, zenbait kasutan, agian gehiegizko tentuz ibiltzen ari gara azken urteetan.

Antzeko zerbait gerta daiteke eguberrietako argiekin?

Hor arazoa da askotan hiriburuetako alkateak zentzugabeko lehia batean sartzen direla, eta norberak bere hirirako argi ikusgarrienak nahi dituela. Halako kasuetan, irizpide eta nortasun gehiago izatea faltan botatzen dut nik.

Besteak beste, katedral zaharra argiztatu duzu. Horrek nolabaiteko ardura ekarri behar du... zentzu batean, artisau batek eraikinean utzitako aztarna ere bada.

Egia esanda, egin genuenean antzeko zerbait pentsatu nuen, bai. Ilusio asko egin zigun. Pentsa, ni bertan bataioa jaso nuela! Santa Maria fundazioko jendeak ere ederki artatu gintuen, eta lan horregatik aitortza ugari jaso ditugu. Kriptan, adibidez, argia erabilgarria da bisitaldietan. Izan ere, bisitariak arreta jartzen du argiak erakusten dion bidetik. Guardiako Erregeen Andre Mariaren elizaren portikoan ere antzeko zerbait egin genuen: elementu desberdinak argitzen dira gidariak istorioa kontatu ahala. Dakigunagatik, jendea oso gustura ateratzen da bertatik.

Harresien argiztapena ere zurea da, eta baita beste leku askotakoa ere...

Harresia oso berezko lekua dugu. Kripta baino askoz gehiago ikusten da, eta, zentzu horretan, ardura berezia da. Hor daude ere Sancho El Sabio Fundazioan egindako esku hartzea, edo Vital Fundazioaren aretoan. Azken urteetan, asko lan egiten ari gara upategietan. Ardoaren munduan ere aurrerapauso nabarmena izan da: dagoeneko jendea ez da soilik joaten ardoa egiten den leku bat bisitatzera. Halaber, upategiak esperientziak bizitzeko guneak bihurtu dira orain, eta argiztapenaren bitartez saiatzen gara esperientzia horiek are atseginagoak izan daitezen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago