Azeri bat hilik agertu da Salburua parkearen ondoan, Arkauti errepidean, joan den astean lepahori bat harrapatu zuten leku berean. Animalientzat hori "puntu beltza" dela salatu du Eguzki talde ekologistak, eta neurriak eskatu dizkio Arabako Aldundiari.
"Hainbat azterketa egin dituzte Aldundiak eta Udalak animalientzako korridoreak sortzeko, arriskurik gabe gurutzatu ahal izateko, baina ez dute ezertarako balio kaxoi batean gordeta geratzen badira eta inork ez badu erabakirik hartzen", nabarmendu du talde ekologistak. "Premiazkoa da azterketa egin eta neurriak hartzea kontzientziatzeko, eta ahal den neurrian istripuak saihesteko".