Lepahoria (Martes martes) mustelidae familiako haragijalea da, isatsa luzea eta iletsua du eta ia Europa osoan bizi da. Espezie arraro gisa katalogatua dago mehatxatutako espezieen euskal katalogoan.
Eguzki talde ekologistak jakin duenez, duela hamalau hilabete Landan gertatu zen bezala, aste honetan espezie horretako beste ale bat hil da Salburuan, ibilgailu batek harrapatuta.
Gertakariaren berri emateko zabaldutako oharrarekin batera, iazko harrapaketa baten irudia helarazi die Eguzkik hedabideei: "Oraingoak oso esplizituak direlako, odolari eta erraiei dagokienez zirraragarriak, eta sentsazionalistatzat jo daitezkeelako", azaldu dute.
"Albiste txarra da basafaunarentzat: heriotza honek balio handiko galera dakar. Are gehiago errepide hori giza hesia den eremuan, non habitaten konexioak eta bide-trafiko ugariak bat egiten duten, jarduera naturala eta aisialdia direla eta. Espezie babestuak igarotzen direla ohartarazi behar da", deitoratu du Eguzkik.
Naturguneen arteko konektibitatea
Talde ekologistaren arabera, animalien harrapaketen auzia "bide segurtasuneko arazo bat baino zerbait gehiago da". Izan ere, faunari eragiteaz gain, kalte materialak eta giza kalte nabarmenak ere eragiten dituzte, eta, beraz, Eguzkiren ustez, "prebentzioak guztiontzako segurtasuna hobetzen du".
Zentzu horretan, "ingurunearen kudeaketa arazo bat" salatu dute, bi arlotan:
- Alde batetik, naturaguneen konektibitaterik eza. Errepideek "aizto" funtzioa betetzen dute, eta, ezinezkoa ez bada, oso zaila bihurtzen dute eremu batetik bestera igarotzea, espezie babestuen populazioak isolatuz edo, kasu honetan bezala, hilez.
- Fauna basatiarentzat, oro har, eta bereziki babestuarentzat, errepideek eta ubideek sortzen dituzten oztopoak gainditzeko pasabideak prestatzeko "premia larria" aldarrikatu du Eguzkik.
Horretarako, erakundeen "inplikazio handiagoa" exijitu dute, bereziki Arabako Foru Aldundiari dagokionez, natura ingurunearen eta errepideen kudeaketaren arduradun gisa. Animalia babestuen heriotzak geldiarazteko "premiazko neurriak" hartzea eskatu du Eguzkik, "fauna basatiarentzako pasabideak sortuz, kasuak berrikusiz, puntu beltzak eta eragina izan zezaketen beste arrazoi batzuk identifikatuz.
Zer egin harrapaketa baten aurrean?
Bestalde, naturguneetako bisitariak eta, oro har, herritarrak basafaunaren kalteberatasunaz kontzientziatzea eskatu dute, gerta daitezkeen harrapaketen aurrean. Sentsibilizazioarekin batera, animalia batekin istripuren bat izanez gero, trafikoko poliziari jakinaraztearen beharra aldarrikatu dute, hark atestatua egin dezan.
Animalia bizirik baldin badago, probintziako berreskuratze-zentroarekin harremanetan jartzea da aukerarik onena, beraiek arreta emango baitiote.
Animalia hilda baldin badago, garrantzitsua da espeziea, errepidea, kilometroa eta dataren inguruko informazioa biltzea, errepideetan puntu beltzak detektatzeko eta neurri zuzentzaileak proposatzeko. Kasu honetan ere, aukerarik onena berreskuratze-zentroarekin harremanetan jartzea da.