Mikel Landak agur esan dio Vueltari

Erredakzioa 2021ko ira. 2a, 13:00

Mikel Landak erasoa jo zuen atzoko etaparen hasieran. / Argazkia: @BHRVictorious

Mikel Landa txirrindulari zuiarrak erasoa jo zuen atzoko etaparen hasieran, baina ez zuen Covadongako Aintziretara igotzea lortu. Hori dela eta, Vuelta uztea erabaki du.

Burgoseko Itzuliko sailkapen nagusian lortutako garaipenaren ostean, txirrindulari arabarra gogotsu iritsi zen Vueltara. Hala ere, lehen etapan (erloju kontrakoan) segundo batzuk galdu ostean, seigarren eta zazpigarren etapetan minutu erdi inguru galdu zuen; ondoren, bederatzigarren etapan, beste lau minutu galdu zituen txirrindulari faboritoekiko.

Horrek guztiak bere aukerak zapuztu zituen, baina, gogoari eutsiz, Landak erasoa jo zuen asteazken honetako etapan, etaparen bat irabazten saiatzeko eta Jack Haig taldekideari podiumean sartzen laguntzeko.

Denboraldi zaila izaten ari da Murgiako txirrindulariarentzat; izan ere, Giroa ere utzi zuen eroriko baten ondorioz. Lesio haren ostean maila onena berreskuratu gabe jarraitzen duela ondorioztatu du Landak. "Gaur eraso batekin saiatu naiz, baina ondo sentitu gabe jarraitzen nuen. Orain hurrengo helburuetan kontzentratu behar dut eta nire mailarik onenera itzuli", adierazi du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago