Giroa

Agur esan dio Giroari Landak, zorigaiztoko erorikoan

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2021ko mai. 12a, 18:30

Argazkia: EUROSPORT

Murgiarrak kolpe handia hartu du zazpi kilometroren faltan, eta Giroa utzi behar izan du. Dombrowskyk erdibitzaile bat adierazten ari zen laguntzaile bat kolpatu, eta errebotean Landa bete-betean harrapatu du.

Porco cane esaten genuen atzo, eguraldi txarragatik ikaragarri gogorra izan zelako etapa. Eta Porco cane esaten dugu gaur, Mikel Landak Giroa utzi behar izan duelako, zorigaiztoko erorketa baten ondorioz. Catollicako helmugara iristeko zazpi kilometro geratzen zirela kolpatu du Dombrowskyk erdibitzaile bat adierazten ari zen laguntzailea, eta errebotean Landa kolpatu du bete-betean.

Lehen azterketen arabera, sorbalda dauka hautsia Landak, eta beste lesiorik ez badu litekeena da Tourrerako osatzea

Berehala ikusi da erorikoa larria zela, arabarra minez txiribueltak ematen ari baitzen errepidean. Bizikleta hartu eta nola edo hala helmugara iristeko imintziorik ere ez du egin Bahrein taldekoak, eta hortxe bukatu da Giroa berarentzat. Espero ez bezala bukatzen den beste itzuli handi bat. Lehen azterketen arabera, sorbalda dauka hautsia Landak, eta beste lesiorik ez badu litekeena da Tourrerako osatzea. Garrantzitsuena, baina, ondo osatzea da, lehenbailehen baino.

Landismoa horrela da, onean eta txarrean, zeruan eta infernuan. Erasoa jotzen duenean, heldulekua azpitik hartuta, poza eta eromena eragiten du; eta erorketak edo hutsegiteak ematen direnean, amorrua. Landarena nahiaren eta ezinaren arteko amodio / gorroto istorioa baita. Bidean, erantzunik gabe geratu den hamaikagarren erronka da Landarentzat, eta orain Tourrean edo Vueltan bilatu beharko du kontsueloa, garaiz osatzen bada.

Ezer ez zeukan etapak zeresan handia emango du, podiuma lortzeko hautagaietako bat erretiratu egin baita. Sivakov ere erori egin da, eta minutu zakua galdu helmugan. Errusiarra, baina, jokoz kanpo geratu zen atzoko etapan.

Landismoa horrela da, onean eta txarrean, zeruan eta infernuan

Bosgarren etapak ez du zer kontatu handirik izan bestelakoan. Azken kilometroa katramilatsu samarra izan da, esprinterrak posizioa bilatzen eta sorbaldari sorbalda, maniobra arriskutsuetan. Merlierrek arazo mekanikoren bat izan du, eta Nizzolok etapa irabaziko zuela zirudienean, Ewan etorri da atzetik, eta bere goitizenari ohore egin: Rocket Pocket. Poltsikoko su-ziria, edo su-ziri txikia.

Seigarren etapa

Seigarren etapak Grotte di Fasassi eta Ascoli Piceno mendatea tartea osatuko du, 160 kilometro eta 3.000 metroko desnibela. Bigarren mailako bi mendate igoko ditu tropelak; azkena, helmugakoa, luzea, baina etzan samarra. Eta Landarik gabe, zoritxarrez. Pello Bilbao taldekidea izanen da orain euskaldunontzat jarraitu beharreko ziklista sailkapen nagusian.

Andoni Urbistondoren kronika hau AIURRI hedabideak argitaratu du eta Creative Commons by-sa lizentziari esker ekarri dugu ALEAra. Jatorrizko albistea hemen duzu ikusgai.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago