Irune Gonzalez Zabaleta

"Detektibe edo polizia frustratu gisa ikusten gaituzte sarritan"

Erredakzioa 2021ko ira. 4a, 08:00

Irune Gonzalez Zabaleta. ALEA

Hiriaren antolaketan, biktimen aldeko jardunean, birgizarteratzean eta beste hainbat esparrutan kriminologoen rola aldarrikatu du Euskrim elkarteko kideak. Kriminalak teknologia berriei egokitu badira ere, oinarrizko teknikak berdinak dira. Hortaz, halakoen aurrean lasaitasuna mantentzea aholkatu du adituak.

Topiko eta mitoez beteriko zientzia da kriminologia, eta horiek askotan kriminologoen irudia desitxuratzen dute. Halere, delituaren ikerketa eta prebentzioa helburu duen zientzia oso urrun dago filmek eta eleberriek zabaltzen duten iruditik. Irune Gonzalez Zabaletak (Gasteiz, 1990) txikitatik argi zuen kriminologoa izan nahi zuela, eta ametsa bete zuen, ikasitakoa ogibide bihurtzea lortu ez duen arren. Euskrim elkarteko kideak dioenez, haien ekarpena funtsezkoa izan daiteke gizarte hobea lortzeko.

Euskrim elkarteko kide zara. Zer asmorekin sortu zenuten?

Kriminologia jendearen esku jartzeko sortu zen elkartea, erakusteko arlo askotan lagungarriak izan gaitezkeela, eta baita zabalduta dagoen CSI mito hori kentzeko. Proiektu txikiak egiten ditugu, eta, batez ere, zalantzekin etortzen den jendeari erantzun bat ematen saiatzen gara: mitoak kendu eta informazioa eman, batez ere. Funtsean, laguntza eman nahi dugu.

CSI itxura hori oso sartuta al dago jendearen pertzepzioan?

Gehienetan, zabalduta dagoen irudia da detektibe bat edo polizia frustratu bat zarela; seguru aski, alkoholikoa, Bukowskiren liburuetan bezala, kar-kar! Filmetan eta telesailetan ematen duten kriminologoaren irudia gehienetan berdina da: erakunde batean lan egiten duen pertsona bat, batez ere polizia arloan. Askotan jendeak uste du kriminalistak edo forentseak garela, edo haien pentsamenduak jakingo ditugula.

Beraz, jende gehienak ez du argi kriminologiaren eta kriminalistikaren arteko desberdintasuna.

Hala da. Kriminalistikak argitu nahi du gauzak nola gertatu diren: nola iritsi diren mahai gainera aurrean dituzun betaurreko hauek, edo nola agertu diren hatz markak auto batean. Kriminologiak, berriz, gauzak zergatik gertatu diren argitu nahi du, eta delituak nola prebenitu. Adibidez, parkeetan adar altuagoak dituzten zuhaitzak jarri behar dira, jendeak ikuspegi zabalagoa izan dezan, eta delituak eragozteko. Horrela errazten da Begiak kalean gisa ezagutzen duguna: delitu bat ikusteko gai den jendea badago, ez da hain erraza izango sexu eraso bat edo lapurreta bat gertatzea. Modu berean, istripu bat izaten badugu eta norbaitek ikusten bagaitu, bizirauteko probabilitatea handituko da. Adibidez, Gasteizko Prado parkea diseinu aldetik oso ondo dago. Zuhaixka txikiak jartzen baditugu, ezingo dugu ikusi zer gertatzen den.

"Zuzenbidea denok ulertu beharko genuke. Baina ez da oso eskuragarria jendearentzat"

Hiriaren segurtasuna hobetzeko, kriminologiak hiriaren antolakuntza baliatu dezake?

Bai, faktore asko kontuan har daitezke. Kasurako, erreparaiozu alboan duzun errepidearen eta espaloiaren arteko tarteari: altuerarik ez dago; bada, hori oso ondo dago. Ez soilik irisgarritasunaren ikuspuntutik: biktimak korrika egin behar badu, ez du estropezu egiteko arriskurik izango. Hori da, hain justu, nire espezialitatea: krimenaren analisia eta prebentzioan egin nuen masterra. Funtsezkoa da krimena prebenitzea, hori hasierako kontua da. Gauzak ondoren konpontzea ondo dago, baina errazagoa da, adibidez, haurrak ondo haztea, ondoren heldu apurtuak konpontzea baino.

Batez ere Ameriketako Estatu Batuetan asko zabaldu da geodelitoaren kontua. 'Big data' aplikatzea krimenak prebenitzeko. Hori lagungarria izan daiteke?

Datuak ondo hartuta badaude, hau da, behatzaileek formakuntza egokia jaso badute, erabilgarria izan daiteke. Programa informatikoek kalkuluak egiten dituzte, eta esan dezakete non eta zer gerta daitekeen. Adibidez, borroka bat futbol partida batean. Jakin dezakegu zer gerta daitekeen, noski, ez zer gertatuko den.

Gasteizko Udalak antolatzen dituen ikastaroen barruan, aurten aurrenekoz euskaraz landuko duzue kriminologia. Zer espero duzu?

Uste dut aukera polita izango dela erakusteko euskaraz ere kriminologia jorratu daitekeela. Gure eskubidea da arlo guztietan euskaraz informazioa jaso ahal izatea, ez soilik etxean, lagunekin edo kulturaren alorrean. Astean bi egun izango dira, ordu eta erdiko emanaldietan. Orain arte, joan den urteetan gazteleraz izandako ikastaroetan, oso harrera ona izan dugu. Egia da hasieran jendeak uste duela kriminalistikari lotutako gauzak jorratuko ditugula. Gizartean egunez egun gertatzen zaizkigun gauzei buruz hitz egiten dugu batez ere: zer den eta zer ez den krimena, nola sumatzen dugun, zer den kontrola... Zuzenbide pixka bat lantzen dugu, gainetik. Izan ere, ematen du zuzenbidea egina dagoela goi mailako ikasketak dituen jendearentzat. Zuzenbidea denok ulertu beharko genuke, baina ez da oso eskuragarria jendearentzat. Garrantzitsua da ulertzea gauza bakoitzak zer esan nahi duen, eta herritar bezala gauzak ondo ulertu behar ditugu.

Behin zabaldu zen nazioarteko espazio estazioan egindako delitu bat ikertzen ari zirela. Krimena edonon egon daiteke, ezta?

Noski. Krimena edo delitua edozein lekutan aurkituko duzu. Kriminologiak zerak biltzen diru: erasotzaile bat, biktima bat edo desiragarria izan daitekeen objekturen bat… gauza horiek bai denbora zein espazioan kointziditzen dutenean, delitu edo krimen bat gertatzeko baldintzak ematen dira. Berez, gizarteak onartzen dituen jokaerez kanpo dauden jardunei buruz ari gara. Kulturaren arabera, desberdina izan daiteke definizio hori. Adibidez, ablazio genitala guretzat krimen latza da, baina beste herri batzuetan ez da ilegala. Berdina gerta daiteke, adibidez, emaztea erailtzeari dagokionez.

Erreferentzia nagusia, beraz, giza eskubideen aldarrikapen unibertsala izan beharko litzateke agian?

Bai; baina oso zaila da gero batzea munduan zehar zer den krimena eta zer ez den. Arlo polita da kriminologia barruan, eta hori ere aztertzen dugu. Kriminologia graduan zuzenbidea, psikologia, edota soziologia irakasten dira, baina baita antropologia ere. Tira, medikuntza pixka bat ere ikasten dugu. Diziplina anitzeko jarduna da. Horregatik, kriminologook gai gara auzitegietan biltzen den informazioa ulertzeko. Medikuaren txostena ulertzeko gai gara, eta baita abokatuak esaten duena ulertzeko ere. Baina, ikusi al duzu noizbait kriminologo bat Justizian? Ez ba, ez dugu lekurik.

Aldarrikatzen duzue, beraz, bertan egon behar duzuela?

Kriminologia ogibide bezala aldarrikatu nahi dugu, ez hobby bat moduan. Izan ere, ez dugu lekurik instituzio publikoetan. Lehen aipatu dizut hiriaren antolaketan izan dezakegun rola, baina beste esparru askotan berdina gertatzen da. Adibidez, birgizarteratzean ere gure egitekoa dugu. Espetxeetako talde teknikoetan lan egiteko baldintzetan, adibidez, kontuan hartzen dute irakaslea izatea, hezitzailea, psikologoa... bada, kriminologoak ez al gara espezialistak krimenean? Baina, tamalez, ezin dugu lan egin.

"Kriminologia ogibide bezala aldarrikatu nahi dugu, ez 'hobby' bat moduan".

Askotan, biktimologiaren esparru guztia ahaztu egiten da, ezta?

Bai. Erasotzaileez gain, biktimak eta ingurukoak aintzat hartu behar dira, eta haien sentimenduak ere kontuan hartu behar dira. Baita segurtasunaren aldetik pertsonak nola sentitzen diren ere. Ez gara zenbaki hutsak. Adibidez, norbait kaletik joaten denean, ez da berdin sentituko gaua edo eguna bada. Horrek batez ere emakumeoi eragiten digu. Horren inguruan, Euskrim elkartean proiektu pilotu bat egin genuen; online egindako inkesta batean 230 lagunen ekarpena jaso genuen. Emaitzetan agertzen zen batez ere gauez emakumeek segurtasun ezaren sentimendua zutela. Denek zuten eraso bat jasotzeko beldurra, baina, emakumeen kasuan, eraso sexuala zen kezka gehien pizten zuena.

Teknologia eta ohitura berriekin, krimenak asko aldatu dira?

Gizartean eboluzio bat eragiten dugunean, krimena horretara ere egokitzen da. Birus bat bezalakoa da. Kriminalak eta haien metodoak ere berritzen dira. Herritarrok batez ere delituen aldaera berri horiek identifikatzen ikasi behar dugu, eta lasaitasuna mantendu; adibidez, internet bitartez edo telefonoz mezu arraroren bat iristen zaigunean. Halako mezuek ezaugarri batzuk dituzte: zerbait momentuan egin behar duzu, bestela, zerbait txarra gertatuko omen delako. Normalean dirua eskatzen dute. Gerta daiteke maite duzun norbaiten datuak ematen dizkizutela. Horregatik, sare sozialen bitartez zabaltzen dugun informazioarekin ere arduraz jokatu beharra dago. Batzuetan, diru kopurua handia ez denean, norbaitek pentsa dezake ordaintzea irtenbidea izan daitekeela, arazoa bukatuko delakoan. Ez, gauza horiek salatu behar dira, bestela arazoa handitzen joango delako. Oso normala da beldurra izatea, eta kriminalek sentimendu hori baliatzen dute. Zure alaba bahitu dutela, edo zure irudi intimoak dituztela esan ahal dizute, baina hori benetan posible ote den pentsatu behar dugu.

Noizbait desagertuko al da krimena?

Ez dut uste. Guztiz desagertzea politena izango litzateke, noski. Estatistikak jaitsi daiteke, baina, tamalez, krimenarekin batera bizi behar dugu, ezin dugulako gizartea aldatu egun batetik bestera, eta legeek ez gaituzte aldatuko. Alabaina, legeek zerbait ekidin dezakete. Trafiko radar batek harrapa zaitzakeela pentsatzen baduzu, abiadura motelduko duzu, isunaren beldur. Askotan horrela pentsatzen dugu, kontuan hartu gabe nahigabean ere besteei kalte egin ahal diegula. Kontua da krimen larriak ahalik eta gehien murriztea. Baina errealistak izan behar gara. Bestetik, krimenak ez dio soilik biktimari eragiten, kontuan izan behar dugu ere biktimaren inguruan direnek ere sufritzen dutela. Gainera, ez dugu soilik kontutan hartu behar zenbat krimen gertatzen diren. Kontuan izan behar dugu ere krimen bakoitzak zenbat biktima uzten dituen. Gizartean hori garrantzitsua da, baina, tamalez, politikariei lehen kopuruak baino ez die ardura sortzen.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago