Uztailaren 17tik (orduan sartu baitzen eremu gorrian) eta abuztuan zehar izandako datu txarren ostean, Gasteizko egoera egonkortuz joan da. Azken 14 egunetako intzidentzia tasa metatua 100.000 biztanleko 387,77 kasutaraino jaistea lortuta, Arabako hiriburua eremu gorritik irten da gaur bertan (Bizi Berri IV Planaren arabera, 400 kasuetatik behera). Ondorioz, lurraldeko datuek ere hobera egin dute, intzidentzia 357,96 kasutaraino jaitsiz eta eremu gorria ere atzean utziz.
Nolanahi ere, azken 24 orduetan 44 positibo berri atzeman dira Araban: horietatik 35 Gasteizen, sei Amurrion, bat Dulantzin, beste bat Laudion eta beste bat Zigoitian. Gasteizekin batera, eremu laranjan jarraitzen du Amurriok, 387,22ko intzidentziarekin; egoerak hobera egin du Laudion, 163,48ko intzidentziarekin; Agurainek, bere aldetik, osteguneko kutsatze mailari eutsi dio, 186,81eko intzidentziarekin.
Horrela, datuen bilakaera onarekin eta Eusko Jaurlaritzak asteazkenetik aurrera ezarriko dituen neurri berriekin, Araba osoak baikor ekingo dio irailari zein ikasturte berriari. Pandemiaren bosgarren olatua, beraz, atzera doa; bai gure lurraldean eta baita EAE osoan ere. Gaur arte, Araba zen 400 kasuko intzidentzia tasatik gora jarraitzen zuen lurralde bakarra.