Koronabirusa

Neurri berriak irailerako: zortzi lagun mahaietan eta edukiera handiagoak

Erredakzioa 2021ko abu. 30a, 11:30

Taberna eta jatetxeetako mahaietan zortzi lagun elkartu ahal izango dira. / ALEA

Asteazkenetik aurrera, zortzi lagun eseri ahal izango dira taberna zein jatetxeetako mahaietan. Horrez gain, edukierak handitzea erabaki du LABIk: %50ekoa ostalaritzan, %30ekoa estadioetan eta %60koa gainerako jardueretan.

Astelehen honetan berriro bildu da LABIren Aholku Batzordea, irailera begira Covid-19aren aurkako neurri murriztaileak berrikusteko. Espero zen bezala, azken egunetan pandemiak EAEn izandako bilakaera ona dela eta, indarrean zeuden neurri nagusiak arintzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak.

Bizi Berri IV Planaren gomendio zientifiko-sanitarioak aintzat hartuta, Iñigo Urkullu lehendakariak sinatuko duen dekretu berria irailaren 1ean, asteazkenean, sartuko da indarrean, 00:00etan, eta bi aldaketa nagusi ezarriko ditu:

  • Edukiera muga berriak: %50ekoa ostalaritzan (barrualdean), %30ekoa estadioetan eta %60koa gainerako jardueretan.
    • Oro har, gizarte, kultura edo kirol ekitalditarako esparruetan, gehienez ere 600 pertsona bildu ahal izango dira barnealdean eta 800 pertsona kanpoaldean.
    • 600 eta 5.000 pertsona arteko edukiera duten esparruetan: gehienez ere 800 pertsona barrualdean, eta 1.200 pertsona kanpoaldean.
    • 5.000 pertsonatik gorako edukiera duten esparruetan: gehieneko edukiera ezin izango da %30 baino handiagoa izan.
  • Zortzi mahaikideren muga ostalaritzan, mahai edo mahai-talde bakoitzeko; bizikideen kasuan izan ezik.

Ostalaritza ixteko eta jarduerak amaitzeko ordutegiaren muga 1:00etan mantentzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak. Horrez gain, barran edo zutik kontsumitzeko debekuari eusten zaio, barruan zein kanpoan.

"Tentsio soziala" mantentzea

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak prentsaurrekoa eman dute LABIren gaurko bileraren ostean. Neurri berriak iragartzeaz gain, pandemiaren bosgarren olatua gainditzeko "erabakigarriak" izango diren hurrengo asteetan "tentsio soziala" mantentzea eskatu dute.

Gainera, Sagarduik ohartarazi duenez, joera aldaketa ikusi arren, beheranzko fasea ez da hain agerikoa asistentzia presioari dagokionez. Txertaketa kanpaina, berriz, "behar bezala" garatzen ari dela ziurtatu du sailburuak: "Dosiak iristeko erritmo horretan, xede-biztanle guztiei gutxienez dosi bat jarriko zaie hilabete pasatxoan".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago