Koronabirusa

Neurri berriak: ordutegiak 1:00ak arte eta hiriguneetan maskara derrigorrezkoa

Erredakzioa 2021ko uzt. 22a, 18:20

Indarrean zeuden neurriak berrikusteko, 16:30ean bildu da LABI. / IREKIA

Ostegunetik aurrera neurri berriak ezartzea erabaki du LABIk: jarduera guztiak 1:00etan amaitu beharko dira eta hiriguneetan maskararen erabilera derrigorrezkoa izango da. Horrez gain, edukierak mugatuko ditu astelehenetik aurrera.

Honako hauek dira Covid-19aren pandemiak azken egunetan EAEn izandako bilakaera kezkagarriaren aurrean LABIk adostu dituen neurri nagusiak. Iñigo Urkullu lehendakariak azaldu duenez, ostegunean, hilaren 22an, sartuko dira indarrean:

  • Jarduera guztiak 1:00etan amaituko dira: ostalaritzan, merkataritzan, kulturan eta sektore guztietan.
  • Edukiera gehiago mugatzea ostalaritza zein merkataritza establezimenduetan eta ekitaldietan; gehienez %35ekoa izango da (neurri hau astelehenean, hilaren 26an, sartuko da indarrean eta ez die eragingo dagoeneko kontratatutako ekitaldiei):
    • 1.600 pertsona arteko edukiera duten espazioak: gehienez 400 pertsona; kanpoaldean 600.

    • 1.600 eta 5.000 bitarteko edukiera duten espazioak: gehienez 600 pertsona; kanpoaldean 800.

    • 5.000 pertsonatik gorako edukiera duten espazioak: gehienez %20ko edukiera.

  • Hiriguneetan maskara derrigorrezkoa izango da, baita aire zabalean ere, segurtasun distantzia mantendu ezin daitekeen kasuetan. Ostalaritzan, jateko edo edateko unea izango da salbuespen bakarra; eta kirolean, aire zabaleko jarduera fisikoan, hondartzetan eta igerilekuetan ere ez da nahitaezkoa izango. Praktikan, azken hilabetean bezala.

Gaurko lehen orduetan zenbait hedabidek zabaldutako neurri polemikoena —gazteen mugikortasuna mugatzea— baztertu egin du LABIk. Halaber, "berme juridiko faltaren" ondorioz, etxeratze agindua berreskuratzeari ere uko egin dio.

Hala ere, arlo horretako neurriak gogortu ez diren arren, gaueko mugikortasuna zein jende pilaketak saihesteko dei egin du lehendakariak. Besteak beste, 1:00etatik 6:00etara bitarteko "borondatezko etxeratze agindua" proposatu du.

Oraingoz, hurrengo LABIren bileraren hitzordua ez zehaztea erabaki dute, eta egoera "egunez egun" aztertuko dutela azaldu du Iñigo Urkulluk.

Azken egunetan, datuak etengabe okertu dira EAEn eta Araban. Gure lurraldean 204 positibo berri atzeman dira azken 24 orduetan, eta intzidentzia 534koa da dagoeneko. Gaur bertan, gainera, pandemia osoko errekorrak hautsi dira: 1.801 positibo berri atzeman dira EAEn, horietako 1.078 Bizkaian.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago