Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluaren bileraren ostean, Osasun sailburu Gotzone Sagarduik txertaketa kanpainaren hurrengo urratsa iragarri du: asteazkenetik aurrera, 12 eta 15 urte bitarteko nerabeek txertoa jasotzeko hitzordua hartzeko aukera izango dute. Azaldu duenez, Pfizer eta Moderna txertoak jasoko dituzte gazte horiek.
Egunotan 16 eta 29 urte bitarteko adin tartera zabaldu da txertaketa. Muga hori jaistea eta 12 urtetik gorako gazte guztiak txertatzeari ekitea erabaki du Eusko Jaurlaritzak, ikasturte hasierarako txertaketa prozesua osatuago egon dadin.
Horretarako, orain arte bezala, gazte horiek Osakidetzaren webgunearen bitartez eskatu ahal izango dute hitzordua. Sailburuak azpimarratu duenez, ireki berri den adin tarte horretan oraindik badira hitzordu libreak, besteak beste, oporrak edo udako olatuak gazteen artean eragindako kutsatzeak direla eta.
Lehendakariaren eskaera
Araba eremu gorrira itzuli den eta Covid-19 positibo kopuruak gazteen artean gora egin duen aste berean, Iñigo Urkullu lehendakariak etxeratze agindua eta maskaren erabilera berreskuratzea eskatu dio Espainiako presidente Pedro Sanchezi, gutun bidez. Idazkian, "premiazko neurriak segurtasun juridikoarekin" hartzeko eskatu dio.
Azken egunetako datu txarren aurrean, astelehen honetan bildu da LABI teknikoa, pandemiaren bilakaera eta balizko neurri berriak aztertzeko. Ostegunean izango da LABIren aholku batzordearen bilera, eta litekeena da neurri murriztaileak berrikustea bertan; oraingoz, ordea, Eusko Jaurlaritzak ez du ezer aurreratu, ezta hedabide nagusiek ere.