Sei eguzki parke sortuko dituzte Arabako kuadrilletan, energia kooperatibak bultzatuz

Erredakzioa 2021ko uzt. 19a, 13:00
Sei energia kooperatiba eratu eta aurkeztu dituzte jada. / AFA

Ekiola kooperatiba ereduaren arabera, erakundeek sei parke fotovoltaiko jarriko dituzte martxan 2022rako, Añana, Aiaraldea, Mendialdea, Lautada, Arabako Errioxa eta Gorbeialdean. 30 udal inguruk interesa agertu dute.

Ekainaren 21ean lankidetza protokoloa sinatu ostean, aurrera doa Aldundiak eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) bultzatutako Ekiola proiektua; gainera, ekimen pribatutik abiatuta Araban zabaltzen ari diren egitasmo fotovoltaikoen oso bestelako bidetik. Dagoeneko tokiko sei energia kooperatiba eratu dituzte Añanan, Aiaraldean, Mendialdean, Lautadan, Arabako Errioxan eta Gorbeialdean, eta horien aurkezpen publikoa egin dute gaur Gasteizen.

Aurkeztutako proiektuaren arabera, eguzki parkeak hamabi hilabeteko epean jarriko dira martxan. Parke bakoitzak hektarea bateko azalera hartuko du balio txikiko lurzoruetan (nekazaritza lursailak baztertuz), eta megawatt bateko potentzia izango du instalatuta.

Erakundeek abian jarritako kooperatiba horien xedea izango da herritarrek beren energia sortzeko eta kudeatzeko orduan ahaldundu eta parte har dezaten bultzatzea. "Kuadrilletako arabarrek aukera izango dute energia berriztagarriak sortzeko energia kooperatibetako kide izateko, beren ingurune hurbilenean kokatuko diren eguzki parkeen bidez", azaldu dute.

Komunitate energetikoak

Tokiko kooperatiben eredupean egongo diren sei komunitate energetiko horiek ez dute irabazi-asmorik izango, zero kilometroko energia garbia sortuko dute, sistema elektrikoaren barruan jardungo dute eta udal zein administrazio batzarrekin batera egingo dute aurrera. Gainera, beren bazkideek sortutako energia elektrikoa eskuratzeko aukera izango dute, sortzearen kostuaren pareko prezioan.

Kooperatiba bakoitzak instalazioak eraiki eta erabiliko ditu, sortze-kostu egonkorrarekin. Instalazioak tamaina ertain edo handikoak izango dira, eta eragiketa epe oso luzearekin kudeatuko dira (gutxienez 25 urte), pertsona edo familia kopuru handi baten eskutik.

Emaitzak kooperatibistei itzuliko zaizkie beren faktura elektrikoetan. Modu horretan, urtero ikusiko dute beren instalazioa sortzearen emaitza, bai termino ekonomikoetan bai elektrikoetan, eta bere inpaktua ebaluatu ahal izango dute ingurumenean, iraunkortasunean, ingurunerako aberastasuna sortzean eta kontsumoaren ekonomian bertan duen eraginean.

Berriztagarriak eta autohornikuntza

Aurkezpenean, Josean Galera Ingurumen eta Hirigintza Saileko foru diputatuak azpimarratu du lehen urrats hori bat datorrela Klima Araba 2050 Estrategiarekin. Foru diputatuak azaldu duenez, estrategia horrek "klima aldaketa arintzeko eta egokitzeko ekintzak zein karbono gutxiko eredu sozioekonomiko eta energetiko bat bultzatzen laguntzeko neurriak sustatzea" duela helburu.

Bestalde, Iñigo Ansola EEEko zuzendariak energia berriztagarria sortzeko instalazioak biderkatzeko deia egin du: "Gure mix energetikoa deskarbonizatzeko eta larrialdi klimatikoko egoerak eskatzen dizkigun helburuak lortzeko, bide horretatik jo behar dugu. Gainera, ekimena energia berriztagarrien eta autokontsumoaren bidez energia autohornikuntza errazten duen gobernantza energetiko berriaren proiektua da", adierazi du Ansolak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide