Sei energia kooperatiba sustatuko dituzte, Arabako kuadrilletan eguzki parkeak eraikitzeko

Erredakzioa 2021ko eka. 21a, 13:30

Ramiro Gonzalezek eta Arantxa Tapiak sinatu dute lankidetza hitzarmena. / AFA

Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Mondragon Taldeak sinatutako hitzarmenaren arabera, herritarrek energia berriztagarriak sortzen parte hartu ahal izango dute, Arabako kuadrilletan kokatuko diren eguzki parkeen bidez.

Aiaraldea, Añana, Lautada, Mendialdea, Arabako Errioxa eta Gorbeialdeko kuadrilletan hektarea bateko sei eguzki parke kokatu nahi dituzte Arabako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Mondragon Taldeak. Gainera, herritarrei energia berriztagarriak sortzen parte hartzeko aukera eman nahi diete, horretarako eratuko diren sei kooperatiben bitartez; hau da, kuadrilla bakoitzeko bat. Parke bakoitzak MW bat ekoiztuko luke, 500 etxebizitza ingururentzako ahalmenarekin.

Araban herritarren kooperatiba energetikoak eta parke fotovoltaikoak bultzatzeko, hiru erakundeek lankidetza hitzarmen bat sinatu dute astelehen honetan, Ekiola Kooperatibak egitasmoaren barruan. Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzalez eta Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburu Arantxa Tapia izan dira aurkezpenean, Enargi sozietate publikoaren eta Ekiola egitasmoaren ordezkari gisa, hurrenez hurren.

Kooperatibek ez dute irabazi asmorik izango, eta bazkideek instalazioek sortutako energia elektrikoa eskuratu ahal izango dute, haiek sortzeko kostuaren pareko prezioan. "Autohornikuntza bultzatzea, kanpoko iturriekiko mendekotasuna murriztea eta energia berriztagarri iraunkorrak sustatzea" dira egitasmoaren helburu nagusiak, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak azaldu duenez.

Datozen egunetan, Ingurumen eta Hirigintza Saileko ordezkariak interesa duten udalerri eta kontzejuekin bilduko dira.

Energia estrategien egokitzapena

Enargik Araban iturri berriztagarrien bidez energia sortzen duten instalazioak sustatu, eraiki eta ustiatzea du helburu; Ekiolak, berriz, energia jasangarria sortzeko herritarren kooperatibak sustatzeko sozietate bat da, Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) eta Krean Mondragon Taldeko ingeniaritza sustatzailearen partaidetzarekin.

Lankidetza protokolo honen xedea Klima Araba 2050 Estrategiarekin bat datorrela azpimarratu du Ramiro Gonzalezek. "Izan ere, estrategia horretan lanean ari gara klima aldaketa arintzeko eta egokitzeko ekintzak bultzatzeko, eta karbono gutxiko eredu sozioekonomiko eta energetikoa bultzatzeko". Tapiak, bere aldetik, egitasmoa Europako energia politikekin eta 2030erako Euskadiko Energia Estrategiarekin bat datorrela nabarmendu du.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago