Atzo, zigor-aurrekariak zituen Zumarragako gizon batek Pilar Berrio 43 urteko emakume gasteiztarra hil zuen labankadaz, Murchanten (Nafarroa); emakumea bertan bizi izan da azken lau urteetan. Ustezko hiltzailea biktimaren ahizparen bikotekide ohia da, eta ihes egin zuen. Orduz geroztik, bere bila izan dira Nafarroako Foruzaingoa eta Ertzaintza.
Ostegun honetako eguerdian, Ertzaintzak ustezko hiltzailearen autoa abandonatuta aurkitu du Legazpin. Segurtasun Sailak baieztatu duenez, Ertzaintzaren ibilgailu kamuflatu bat lapurtu du (Seat Leon urdina) Donostian, eta, arrasto horri jarraitu ostean, Gipuzkoako hiriburuan bertan topatu eta atxilotu egin dute.
Erasoa asteazkeneko 10:24ak aldera gertatu zen, NA-6840 errepideko 4,6 kilometroan. Gizonezkoak biktimaren autoarekin talkarazi egin zuen bere ibilgailua; bertan zeuden emakumearen bi seme-alabak ere. Pilarrek gidatzen zuen autoa bidetik atera zen, eta une hori baliatu zuen erasotzaileak hurbiltzeko eta hainbat labankada emateko.
2021ean lau hilketa matxista gertatu dira Euskal Herrian; guztira, 111 izan dira 2003az geroztik.
Udalaren gaitzespena
Gasteizko Udaleko bozeramaileen batzordea ostegunean bildu da. Udalbatzako talde politiko guztiek hilketa matxista gaitzesteko eta biktimaren familiari elkartasuna adierazteko adierazpena adostu dute, eta, ondoren, elkarretaratze isila egin dute Plaza Berrian. Bertan izan dira ere Arabako ahaldun nagusia, Batzar Nagusietako presidentea, Emakundeko presidentea, gobernuko ordezkariordeak eta beste erakunde batzuetako ordezkariak, besteak beste.
"Udalak biktimaren inguruarekiko hurbiltasuna adierazi nahi du, behar dituen baliabide psikologikoak, juridikoak, sanitarioak, babesekoak eta harrerakoak bere esku jarriz eta bere interesei eragiten dien informazio guztia duela bermatuz", adierazi dute.
Mobilizazioak
Bestalde, Euskal Herrian gertatutako hilketa matxista ororen aurrean bezala, mugimendu feministak Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxako protokoloa aktibatu du, eta, beraz, datozen orduetan indarkeria matxistaren aurkako mobilizazioak egingo dira hiriburuetan eta herrietan. Gasteizko mobilizazioa ostiralean izango da, hilaren 9an, 19:00etan Loma Jeneralaren plazan.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.