Asteazken honetan, gizon batek Pilar B.J. hil du Murchanten, Nafarroako hegoaldean, labankadaz. Ondoren, ihes egin du eta Nafarroako Foruzaingoa bere bila dabil une honetan, Nafarroako Foru Erkidegoan eta baita inguruko lurraldeetan ere. 43 urteko gasteiztarra bere hiltzailearen koinata ohia zen, eta Murchanten bizi izan da azken lau urteetan.
Erasoa 10:24ak aldera izan da, NA-6840 errepideko 4,6 kilometroan. Gizonezkoak biktimaren autoarekin talkarazi egin du bere ibilgailua; bertan zeuden haren bi seme-alabak ere. Gasteizko emakumeak gidatzen zuen autoa bidetik atera da, eta une hori baliatu du erasotzaileak hurbiltzeko eta hainbat labankada emateko.
Momentuz, Foruzaingoaren ikerketak ez du kasua hilketa matxista gisa aintzat hartu. Espainiako Genero Indarkeriaren aurkako Legeak soilik bikotekidearen edo bikotekide ohiaren aurkako erasoak hartzen ditu kontuan genero indarkeria gisa; beraz, ikerketa familia barruko hilketa edo delitu gisa bideratu dute.
2021ean lau hilketa matxista gertatu dira Euskal Herrian; guztira, 111 izan dira 2003az geroztik.
Mobilizazioak
Murchanteko Udalak eta Tuterako Koordinadora Feministak 20:00etan deitutako mobilizazioez gain (Murchanteko udaletxearen aurrean eta Tuterako Foru Plazan), Gasteizko Udaleko bozeramaileen batzordea ostegunean bilduko da, eta 12:00etan elkarretaratzea deituko du Plaza Berrian, hilketa gaitzesteko eta biktimaren familiari elkartasuna adierazteko.
Bestalde, Euskal Herrian gertatutako hilketa matxista ororen aurrean bezala, mugimendu feministak Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxako protokoloa aktibatu du. Beraz, datozen egunetan mobilizazioak deituko dituzte hiriburuetan.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (EAEn) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.