Tubacexeko langileen grebak aurrera jarraitzen du, enpresak epaia bete bitartean

Erredakzioa 2021ko uzt. 8a, 10:20
Epaia poz handiz hartu zuten Tubacexeko langileek. / Argazkia: AIARALDEA.eus

Bilera bat egitea eta EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiek ebatzitakoa betetzea exijitu dio Tubacexeko enpresa batzordeak zuzendaritzari. Bitartean, grebarekin jarraitu eta uztailaren 14an manifestazioa egingo dute Laudion.

Plantillaren azken hilabeteetako greba luze bezain gogorraren ostean, Tubacexek Aiaraldeko bi lantegietan (Laudioko TTI eta Amurrioko Aceralava) ezarritako EEEak eta 129 kaleratzeak baliogabetu ditu aste honetan. Epaileek erabaki hori hartu dute enpresaren egoera koiunturala dela ondorioztatuta, eta ez, enpresak argudiatzen zuen bezala, egiturazkoa.

Hortaz, langileak berriro onartu eta kaleratu zituenetik zor dizkien soldatak eman beharko dizkie enpresak. Horretarako bost eguneko epea eman dio epaileak, baina enpresak helegitea iragarri du, eta, beraz, ez dago ziurtatuta langileak berronartuko dituenik.

Lanpostuen aldeko greba mugagabea otsailaren 11n hasi zen, eta azken 148 egunetan luzatu egin da jada. Oraingoz, enpresa batzordeak ez ditu lanuzteak bertan behera utzi, EAEko Auzitegi Nagusiak kaleratzeak baliogabetu izana "oso positiboki" baloratu duen arren. "Sententziak argi utzi du ez zegoela EEEa ezartzeko inolako justifikaziorik", adierazi dute, epaitegiak arrazoia eman diela azpimarratuz.

Tubacexeko zuzendaritzak Espainiako Auzitegi Gorenera joko du, baina prozesu hori urtebetez luza daiteke. Egoera horren aurrean, epaiak ebatzitakoa bete dezan, langileak berriro onar ditzan eta epaiei jarritako errekurtsoa kentzeko exijitu dio langileen batzordeak enpresari. Eskaera horiek bideratzeko eta agertoki berriaz hitz egiteko, bilera bat egitea proposatu diote zuzendaritzari.

Instituzioei ere lan erreformak indargabetzea eskatu diete, "langile gehiago egoera berdinean aurkitu ez daitezen".

ELA sindikatuaren prentsaurrekoa.

 

ELA sindikatuaren ustez, "epaiak agerian utzi du enpresaren iruzurra, Tubacexek galerak puztu baitzituen kaleratzeak justifikatu ahal izateko". LAB sindikatuak, bere aldetik, "lanpostu guztiak bermatu arte" borrokan jarraituko duela iragarri du. CCOO sindikatuak "langileen borrokak eta irmotasunak zuzendaritzak inposatutako EEEa bertan behera utzi duela" ospatu eta "kaleratze politika gupidagabeei amaiera ematea" eskatu du.

Uztailaren 14an, manifestazioa

Halaber, Tubacexeko langileen borrokan Aiaraldeko herritarrek erakutsitako elkartasuna eskertzeko manifestazioa deitu du enpresa batzordeak. Datorren uztailaren 14an, asteazkenean, Laudioko lantegitik abiatuko da 18:30ean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide