Berrituta dator udako argazki-hizki lehiaketa. Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak antolatu izan duen Gasteiztarrak Arraun The World lehenengo eta iazko Arraun the Basque's World lehiaketa ALEA eta Gauekoak aisialdi-programarekin batera sustatu dute aurten. Euskal Herriko herritar orok har dezake parte datorren astean martxan bertan jarriko den Oporklik! lehiaketan.
Udan zehar egindako bidaien kontaketa irudi eta hitzen bidez egingo dute parte-hartzaileek, lanak hilaren 15etik irailaren 15era arte aurkeztuz. Aurtengo berrikuntzetako bat da egitasmoa adinaren araberako bi kategoriatan egongo dela banatuta: 16 eta 30 urte artekoak, bata; eta 30 urtetik gorakoak, bestea.
Parte hartzeko bi aukera
Parte-hartzeari dagokionez ere, bi aukera daude: argazki bakarra eta euskarazko izenburua izango dituzten lanak aurkeztu ahalko dira; kasu honetan, ALEAren webgunean propio sortuko den atalean igo beharko dira irudiak eta atarian bertan egindako bozka herrikoiak erabakiko ditu onenak. Nahiago izanez gero, bost argazki eta azalpen testua ere badago bidaltzerik; irudi sorta eta testuak antolatzaileen webgunetan estekatuta egongo den online formulariora igo beharko dira.
Epaimahaiak Oihanederreko teknikari batek, Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolako irudi saileko irakasle batek eta Gauekoak eta ALEAko kide banak osatuko dute. Aukeraketa egiterakoan, honakoa hartuko dute kontuan: argazkien originaltasuna, kalitate artistikoa eta teknikoa; gaiarekiko lotura eta bidaiari buruzko azalpena.
Epaia irailaren 24an jakinaraziko da. Lau sari eder emango dira parte hartze mota bakoitzeko; besteak beste, Azala eta Guikuri landetxeetan gau bateko egonaldia edo La Leze kobazuloko jaitsiera zozkatuko dira. Saritutako lanekin, gainera, udazkenean argazki erakusketa egingo da Oihanederren. Lehiaketa edo oinarriei buruzko edozein galdera argitzeko oihaneder@oihaneder.eus posta elektronikora jo dezakete interesatuek, edo 615 986 831 telefono zenbakira deitu.