Zaballako komunikazioak berrezarri dituzte, hainbat asteko matxuren ostean

Erredakzioa 2021ko uzt. 5a, 17:12
Zaballako espetxea. / ALEA

Zaballako kartzelako mintzategiak matxuratuta egon dira azken asteetan. Espetxera deitzeko kanpainak bere fruituak eman ditu, eta komunikazioak berrezarri direla baieztatu dute Salhaketa eta APEL elkarteek.

Duela bi aste, Salhaketak eta Borrokan dauden Presoen Elkarteak (APEL) salatu zuten Zaballako kartzelako mintzategiak matxuratuta zeudela. Egoera denboran luzatzen ari zela ikusita (ordura arte, sei aste; guztira, zortzi), presoei laguntzeko bi elkarteek espetxera deiak egiteko kanpaina abiatu zuten, "komunikazioak erabat berrezarri arte".

Astelehen honetan plazaratutako ohar batean, komunikazioak dagoeneko berrezarri direla jakinarazi du APEL elkarteak, gertatutakoaren irakurketa eginez, "presoen eskubideen eta ongizatearen aurkako erasoa" salatuz, eta protesta kanpainan parte hartu dutenei eskerrak emanez. Presoek beren familiekin, lagunekin eta abokatuekin komunikatzeko aukera dute berriz ere, eta, beraz, dei-kanpaina eten dute oraingoz. Hala ere, APEL elkarteak ohartarazi du gertatutakoa ez dela kasu isolatu bat: "Espetxe sistemaren dinamika naturalei erantzuten die, eta ez da izan presoei komunikatzeko eskubidea urratu zaien aldi bakarra".

Gainera, presoei elkartasuna adierazten jarraituko duela iragarri du elkarteak: "Jasan dezaketen edozein erasoren aurrean, behatzen, salatzen, sareak ehuntzen eta mobilizatzen jarraitu beharko dugu; izan ere, gizarte mobilizazioa da edozein kolektiboren eskubideak betearazteko eta hobekuntzak bermatzeko modu eraginkor bakarra". Horrekin batera, Zaballako zuzendaritzaren "erantzukizun falta eta utzikeria" salatu dute.

Kristala tartean eta telefono bidez, presoek senide eta lagunekin komunikazioak egiteko hamabost mintzategi daude Zaballako kartzelan; abokatuekin komunikatzeko, berriz, zortzi daude. Azken zortzi asteetan, senide eta lagunentzako bi mintzategi eta abokatuentzako mintzategietako bakarra baino ez dira martxan izan. Denbora horretan, matxurak "komunikazioa are gehiago zaildu edo guztiz ezinezko egin" duela azaldu dute elkarteek.

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide