Arabako espetxeko mintzategiek hainbat aste daramatzate matxuratuta. Kristala tartean eta telefono bidez, presoek senide eta lagunekin komunikazioak egiteko hamabost mintzategi daude Zaballako kartzelan; abokatuekin komunikatzeko, berriz, zortzi daude. Salhaketak eta Borrokan dauden Presoen Elkarteak (APEL) jakitera eman dutenez, iragan astean, senide eta lagunentzako bi mintzategi eta abokatuentzako mintzategietako bakarra baino ez zeuden martxan.
Matxura horrek "komunikazioa are gehiago zaildu edo guztiz ezinezko egin" duela azaldu dute elkarteek, eta Zaballako zuzendaritzaren "arduragabekeria" salatu dute: "Ez dute ezer egin egoerari konponbidea jartzeko".
Horrekin batera, bi elkarteek espetxera deitzeko kanpaina bat jarri dute martxan, mintzategi bidezko komunikazioak "erabat berrezarri arte". Horretarako, herritarrei eskatu diete 9:00etatik 14:00etara bitartean zuzendaritzara eta zentralitara deitzeko, hainbat irizpiderekin: mintzategiak ez konpontzearen arrazoiak zeintzuk diren galdetzea, konpondu ditzatela exijitzea, eta presoei elkartasuna adieraztea.