Koronabirusa

Ekainaren 26tik aurrera, maskara ez da derrigorrezkoa izango aire zabalean

Erredakzioa 2021ko eka. 18a, 11:42

Argazkia: PIXABAY

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri du ekainaren 26tik aurrera amaituko dela maskara aire zabaleko espazioetan erabiltzeko derrigortasuna. Datorren osteguneko Ministroen Kontseiluan formalki onartu beharko da erabakia.

Ministroen Kontseiluan onartu ostean, lege dekretu bat ezarriko da eta Espainiako Kongresuak uztailean baliozkotu beharko du. Nolanahi ere, Pedro Sanchezek aurreratu du ekainaren 26tik aurrera maskararen erabilerak derrigorrezkoa izateari utziko diola aire zabaleko espazioetan. "Aire zabaleko espazioetan maskara erabili beharko dugun azken asteburua izango da hau", ziurtatu du Sanchezek. 

Erabakia azken asteetan aurreratzen joan da Espainiako Gobernua, eta pandemiaren datuen zein txertaketaren bilakaera ona kontuan hartuta egin du aurrera. Izan ere, Gobernuaren aurreikuspena da abuztuan Espainiako biztanleriaren %70 immunizatuta egotea.

Espazio itxietan edota segurtasun distantzia mantentzea ahalbidetzen ez duten zenbait espaziotan, maskara erabiltzeak derrigorrezkoa izaten jarraituko du. Hala ere, datorren ostegunean, Ministroen Kontseiluaren bilera egiten denean, xehetasun gehiago ezagutuko dira.

Arratsaldean, LABIren bilera

EAEri dagokionez, gaur arratsaldean, indarrean dauden neurriak arintzeko bilduko da LABI. Besteak beste, ostalaritzaren ordutegia 1:00etara edo 2:00etara atzeratzea, mahai bakoitzean sei pertsona egotea baimentzea edo elkarte gastronomikoen irekiera aztertuko dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago