Iñigo Urkullu lehendakariak astelehen honetako LABIren bileran hartutako erabakien berri eman du. Bost aldaketa nagusi izango dira, baina horietako bi nabarmentzen dira: ostalaritzaren eta jardueren ordutegia luzatzea eta aire zabaleko kirolean pertsona kopuruaren muga kentzea.
Neurri berriak asteazkenean, ekainaren 2an, sartuko dira indarrean, dekretu bidez, eta gutxienez hiru astez mantenduko dira, LABIren hurrengo bilera egin arte.
Honako hauek dira LABIren bileran hartu diren bost erabaki nagusiak:
- Tabernek eta jatetxeek 00:00ak arte irekitzeko baimena izango dute; kultura eta merkataritza jarduerak ere ordutegi hori izango dute.
- Aire zabaleko kirola pertsona kopuru mugarik gabe egin ahal izango da. Orain arte, gehienez sei pertsona elkartu ahal ziren; hala ere, espazio itxietan eutsiko zaio mugari.
- Garraio publikoaren gehienezko ordutegia 00:00ak arte ezarri ahal izango da.
- Aisialdiko taldeen jardueratan gehienez 10 lagun bildu ahal izango dira, baldin eta egonkorrak direla bermatzen bada.
- Aire libreko erakusketa eta gune turistikoetako bisitetan gehienez 10 lagun bildu ahal izango dira.
Indarrean zeuden gainerako neurri murriztaileak mantenduko dira, oraingoz.
Alarma egoera amaitu zenetik, Covid-19aren datuek bilakaera ona izan dute, baina azken egunetan intzidentzia tasa metatua berriro igotzen hasi da, azken asteetako joera okertuz. Adibidez, astelehen honetan intzidentzia 136koa da Araban, eta 127koa Gasteizen.
Egoera horrek neurriak arintzeko erabakia zaildu du, baina, azkenean, bide hori hartu du Eusko Jaurlaritzak, udara begira gaueko zein afarietarako ordutegia zabaltzeko asmoz. Maiatzaren 9tik aurrera, tabernek eta jatetxeek 22:00ak arte ireki ahal izan dute (ordura arte, 20:00ak artekoa zen ordutegia), baina EAEko ostalariek kritika ugari egin dizkiote Eusko Jaurlaritzari, inguruko autonomia erkidegoetan baldintza hobeak zituztelako.
"Erantzukizuna eta zuhurtzia"
Nolanahi ere, neurri murriztaileak malgutu arren, "erantzukizuna eta zuhurtzia" eskatu ditu LABIk, maskararen erabilera, eskuak garbitzea, barruko espazioak aireztatzea eta distantzia soziala bezalako prebentzio neurrien garrantzia azpimarratuz.
Atzeratutako bederatzi neurriak
Zentzu horretan, mahai gainean zeuden bederatzi neurri atzeratzea erabaki dute, harik eta EAEko intzidentzia tasa metatua 150 baino txikiagoa izan arte (Bizi Berri Planaren 2. mailako agertokia) edo 50 urtetik gorakoen txertaketa % 90era iritsi arte, betiere ospitaleetako inpaktua beherantz badoa:
- Jarduerak eteteko eta establezimenduak ixteko ordutegiak 1:00etara luzatzea.
- Merkataritzan, azoketan, azoka txikietan, kanpoko kultura-ekitaldietan eta kultu-aretoetan edukiera handitzea.
- Ekitaldietarako gehieneko edukiera handitzea: 600 barnealdean eta 800 kanpoan.
- Ostalaritzan mahai bakoitzeko sei pertsona egotea.
- Txokoak eta elkarte gastronomikoak irekitzea, ordutegia, edukiera eta distantzia mugekin.
- Barruko esparruetan kirol jarduera ahalbidetzea, gehienez 10 pertsonako taldeetan.
- Kirol ekitaldietan publikoa baimentzea. Beti %60ko edukierarekin, eta gehienez 800 pertsonako edukierarekin barnealdean edo 1.200 pertsonako edukierarekin kanpoan.
- Bisita gidatuen, naturako turismoaren, aisialdi zentro turistikoen eta abarren kanpoko jarduerak antolatzeko pertsona taldeak handitzeko aukera ematea.
- Edukiera %60ra handitzea igerilekuen, lorategien, hoteletako terrazen eta kanpinen kanpoaldean.