Gasteizen bukatu da gaurgero gaztelaniak zuen nonahikotasuna, eta lagun gasteiztar ugarik aldarrikatu dute hizketa-modu beregaina izateko duten gogoa. Ospeko zenbait pertsonak adierazi dute azken urteotan hirian euskara berezia hitz egingo dela, elkar ulertzeko zerbait komuna eratu(ko) dela edota hamaika gauzaren elkarketa jaio edo jaiotzear dela. Euskal Herrian, gainera, zabaldu da azkenaldian tokian tokiko hizkeren aldeko joera. Aipatutakoagatik eta aipatu gabeko beste arrazoi batzuengatik, bolo-bolo dabil aspalditik fenomeno linguistiko bat sortzen ari dela Arabako hiriburuan. Alabaina, egindako soziolinguistikako master tesi batean zeharo desegin dugu irudipen hori.
Gasteizen euskararen bilakabidea
Gasteiz herriak atze-atzean utzi zituen behinola hiri elebakar eta gaztelaniaturen mamu gaiztoak, eta ozen esan dezakegu urteak direla gasteiztarabarron mihiotan euskara dantzan ari dela; izan Kutxin, izan Zabalganean, izan Abetxukun.
Erabileran hazi behar badugu ere, 2016ko IV. Inkesta Soziolinguistikoak argi erakutsi zigun errealitatea, hots, egun, euskaldunak %27,3 garela eta ia euskaldunak %19,7, eta 80ko hamarraldian, ordea, euskaldunak %6 baino ez zirela (6.000 bat lagun inguru).
Hainbat izan dira, jakina, azken urteotan euskararekin oholtzan ibilitako dantza-lagunak. 80ko nahiz 90eko hamarkadan, zarra-zarra azaldu ziren Gasteizen gizarte-mugimenduak, korronte kulturalak, tokian tokiko herri-mugimenduak edota elkarteak, eta horiek guztiek euskararen iratxoa dantzan lotu zuten: Euskal Herrian Euskarazen kale-agerraldiak, Bagare Euskal Txokoa (egun Errexala elkartea), Hala Bedi, Gasteizko Gaztetxea, Hertzainak...
Era berean, irakaskuntzaren ildotik, euskaltegiek eta unibertsitateek lanera ekarritako harri-koskorra handia izan zen bere apalean –ikastola zein gau-eskolez gainera–, eta gasteiztar mihi askoren dantzarako txistulari bilakatu ziren: besteak beste, AEK, IKA, Hegoalde edota Udaberria; eta Gasteizko Letren Fakultatea, IVEF nahiz Irakasleen Eskola Unibertsitatea.
Orobat, ezin ahaztuko dantzari ditugu EAEko erakunde nagusiak. Lehendakaritzak, Lakuak eta soka bereko beste zenbait erakundek bidea ebaki zioten mintzairari hiriburuan, eta hiriak garrantzia hartzeaz gainera, Euskal Herriko auzokide askorentzako supazter bihurtu zen.
Baina denetan pozgarriena da euskara, iraganeko dantza pausoez gainera, orain eta etorkizunean ere badela non dantzatu. Euskal Herri osoko ekimenen indarraz gain, "nola soinua, hala dantza" ari da gaur egun hizkuntza hiriko beste zenbait eragileri eskerrak, eta urteen poderioan aurrera eta aurrera doa: aldizkari hau berau ibili da oholtza eraikitzen; GEU elkartea; Hala Bedi Bi (euskara hutsezko kanala); Oihaneder Euskararen Etxea (eraikitze-lanetan ari den Gasteizko Kafe Antzokiaren aurrekaria); eta aipatu gabe utzi ditugun beste hainbat lagun.
Gasteizen dabilen euskaraz zabaldutakoa
Euskarak, hirian, gero eta jarraitzaile gehiago hurbildu ditu dantzara urteen errotarrian, eta horrek ekarri du, nahitaez, hari buruzkoak erabat handitzea. Gasteiz ez da dagoeneko gaztelaniaren gotorleku, ez, baina ez du aldean euskalki propiorik izan, Aramaiok ez bezala esate baterako, eta gasteiztar euskaldunek badakite hura. Euskalkiak boladan dira azkenaldian, bizitasuna, edertasuna nahiz sentimendu-indarra eskaintzen bide dutelako, eta Euskal Herrian, azken garaian, piztu da, gainera, tokian tokiko hizkeren aldeko joera, aldakortasunaren mesedetan. Beste euskaldun asko miretsita, gasteiztarabar askok aspalditik darabilte ahoan ganorazko dantza-kidea nahi dutela mintzatzeko orduan, eta geu guztiok behar dugula hizketa modu beregaina izan.
Horrek berak, azken urteotako euskararen hazkunde biziak eta ziur asko ezagutu gabe ditugun beste zenbait arrazoik eraman dute Gasteizen ibili dabilen euskara pil-pilean egotera, eta jende ugarik hizpide bihurtu izan du hura. Jende horietako zenbaitek izena eta izana du Araban –batzuek Euskal Herrian–, eta ezagun dira telebista, literatura, euskalgintza zein soziologiaren munduan.
Oraingoz ez dago deus; desegin beharra daude, beraz, lagun askok egindako baieztapen mardulak
Haien bitartez, aditzeko aukera izan dugu euskara berezia hitz egingo dela Gasteizen, eta horrek ingelesezko zatiak izango dituela, eremu batzuetan erdararen eragin handiagoa edukiko duela, euskara batutik gertuago ibiliko dela eta Gipuzkoako leku batzuetako euskara baino "garbiagoa" izango dela. Entzun ahal izan dugu, era berean, elkar ulertzeko zerbait komuna sortu(ko) dela gurean, edota hamaika gauzaren elkarketa jaio edo jaiotzear dela. Orobat, adigarri izan dugu euskalkiek eragina izan dutela egunean-egunean Gasteizen dabilen euskaran.
lkerketarako oinarriak
Pertsona horiek guztiek egindako baieztapenak eder sendoak izan ziren, baina ebatzi gabeko zenbait galdera zekartzaten berekin: alegia, noiz munduratuko da delako euskara, edo munduratu al da dagoeneko? Zertan datza(ko), eta zeintzuk dira haren ezaugarri linguistikoak?
Hori guztia argitu nahian, bete genuen Gasteizen egiten den hizkera informalaz deritzon master tesia (EHU nahiz UBMko Euskal Hizkuntzalaritza eta Filologia Master Bikoitzari dagokiona), eta, horren bitartez, aztertu genuen hamar lagun gasteiztar gazte-helduen ahozko ondarea.
Hamarrak, noski, txiki-txikitatik egon dira lotuta hirikoa den berezko euskarari, eta hura dute egunerokoan komunikatzeko, baliatzeko edota maitatzeko dantza-lagun prestua.
Hitz egiten den euskaraz
Hamar berriemaileen jarduna transkribatu eta gero, eta fonologia, morfologia, sintaxia nahiz lexikoa aztertu ostean, ondorioa argia izan da: Gasteizen ez dabil inolako fenomeno linguistikorik, eta ez da euskara berezirik hitz egiten.
Egia biribila da, izan, horretarako masa kritikorik balego, eta kohesioaren aldetik hizkuntzari balio hartuko balitzaio, aukera legokeela, baina oraingoz ez dago deus, ez dirudi laster ezer egongo denik, eta desegin beharra daude, beraz, lagun askok egindako baieztapen mardulak.
Gasteiz EAEko hiriburua da, eta Autonomia Erkidegoko erakunde publiko nagusiak hemen daudenetik, hiriko euskaldunen batua, bizkaitarren berbeta eta giputzen hizkera batera dabiltza kaleetan (nafarrek ez dute zuzeneko loturarik hiriarekin). Batua gailentzen da, eta Gipuzkoako nahiz Bizkaiko euskalkien formak nahasten zaizkie gasteiztarrei (dela gurasoengatik, dela haurretan izandako irakasleengatik, dela komunikabideengatik, dela giputzekin nahiz bizkaitarrekin izan ditzaketen hartu-emanengatik...), baina ezin dezakegu esan "berezko nahasketarik" edo "laugarren aldaerarik" eratzen ari denik oraingoz hirian, soziolinguistikoki ez duelako ikuspegirik, eta ez dagoelako inolako batasunik joera batzuen edo besteen alde.
Dena sakon ikertu ondoren, ikusi dugu gure informatzaile gasteiztar guzti-guztiek, esaterako, honako ezaugarri linguistiko hauen jabe direla: j fonemaren soinua gaztelaniazkoa dute (e.b.: gaztelaniazko jamón hitzaren lehen kontsonantea); /s, z/ eta /x,s/ fonemen ahoskeren artean ez dabil alderik, biak baitira /s/; yeistak dira (e.b.: langÌyerik); zukaz baino ez dira mintzo; gaztelaniazko kode-aldaketa darabilte barra-barra (e.b.: Es que jendea la hostia da, motel); eta Internetekin zein gizarte-sareekin lotutako lexiko handia baliatzen dute, baita euskal gazte hizkeraren esamoldeak ere (e.b: zeba, kriston...). Halaz eta guztiz, ezaugarri linguistiko horiek gasteiztarraren uzta badira ere, Eltziegon, Gaubean edota Urkabustaizen ere dantzan dabiltza haiek, bai eta Euskal Herriko beste hainbat dantzatokitan ere.
Adierazitakoa adierazi ostean, orduan, zera argitu behar dugu, bi gauza oso bestelako direla gasteiztar arrunten mintzoa eta Gasteizko IVEF, lrakasleen Unibertsitate Eskola edo Letren Fakultateko ikasle ez-arabarren mintzo nahasketa. Onartu behar dugu, ondo onartu ere, gasteiztar euskaldunen euskara informala ez dela arauetan zintzo oinarritutako eredu batua, gasteiztarrek, emaitzen arabera, nahiago bide dutelako hitzek nahiz joskerek adierazkortasuna edukitzea (zuzentasunaren kaltetan), eta euskaldunen gazte-komunitatetik gertuago sentitzea.
Duela gutxi jaiotako lagunarteko hizkera batua adieraren erakusle da haien jarduna, hots, euskara batuan oinarritutako hizkera arrunt autonomo baten hiztun dira, baina hori horrela izanik ere, gure hizketa urrun dabil oraindino euskalkia izatetik, bestelako euskara bihurtzetik, beste aldaera edo nahaste bilakatzetik eta, besterik gabe, linguistikoki berezitzat jo daitekeen dantza-laguna izatetik.