Koronabirusa

Indarrean dauden neurriak arintzeko ostiralean bilduko da LABI

Erredakzioa 2021ko eka. 17a, 10:00

LABIren aholku batzordearen aurreko bilera bat. / IREKIA

Ostiral honetan, azken bileran atzeratutako bederatzi neurri aztertuko ditu LABIk. Besteak beste, ostalaritzaren ordutegia 1:00etara atzeratzea, mahai bakoitzean sei pertsona egotea baimentzea edo elkarteen irekiera.

LABIren aholku batzordearen azken bilera maiatzaren 31n egin zen, eta neurrien azken eguneratzea ekainaren 2an sartu zen indarrean. Bertan, EAEko intzidentzia tasa metatua 150etik jaistea eta txertaketarekin aurrera egitea (50 urtetik gorakoen %90 immunizatuta dago) finkatu zuten hurrengo helburu bezala. Azken egunetan lortu da hori, eta, beraz, Bizi Berri Planaren 2. mailako agertokian gaude une honetan.

Hortaz, azken bilera hartan mahai gainean zeuden baina hurrengo agertokirako atzeratu ziren neurriak dira, besteak beste, ostiral honetan LABIren aholku batzordeak aztertuko dituenak. Neurri berriak bihar iragarriko dituzten arren, astelehenera arte ez lirateke indarrean sartuko.

Zeintzuk izan daitezke neurri berriak?

  • Jarduerak eteteko eta establezimenduak ixteko ordutegiak 1:00etara luzatzea.
  • Merkataritzan, azoketan, azoka txikietan, kanpoko kultura-ekitaldietan eta kultu-aretoetan edukiera handitzea.
  • Ekitaldietarako gehieneko edukiera handitzea: 600 barnealdean eta 800 kanpoan.
  • Ostalaritzan mahai bakoitzeko sei pertsona egotea.
  • Txokoak eta elkarte gastronomikoak irekitzea, ordutegia, edukiera eta distantzia mugekin.
  • Barruko esparruetan kirol jarduera ahalbidetzea, gehienez 10 pertsonako taldeetan.
  • Kirol ekitaldietan publikoa baimentzea. Beti %60ko edukierarekin, eta gehienez 800 pertsonako edukierarekin barnealdean edo 1.200 pertsonako edukierarekin kanpoan.
  • Bisita gidatuen, naturako turismoaren, aisialdi zentro turistikoen eta abarren kanpoko jarduerak antolatzeko pertsona taldeak handitzeko aukera ematea.
  • Edukiera %60ra handitzea igerilekuen, lorategien, hoteletako terrazen eta kanpinen kanpoaldean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago