Araba espetxea hamar urte betetzear da. 2011ko irailean Langraizko kartzela zaharra ordezkatu behar zuen azpiegitura erraldoiaren ateak ireki zituzten, hedabideek barruak ikus zitzaten. Bi hilabete geroago heltzen hasi ziren presoak bertara. Gaur egun 500 gizonezko eta 60 emakumezko inguru daude bertan espetxeratuta. Horiekin lan egiten duten hainbat elkartek ordutik bizi eta ikusitakoaren gainean hausnartu dute, Araba espetxeak ekarri duena aztertuz. Ordea, arreta aipatu azpiegitura baino gorago jarri behar dela nabarmendu dute: espetxe ereduan, hain zuzen ere.
Denbora luzea pasa arren, eragileek berresten dute kartzela berriaren proiektua jakinarazi zenean egindako kritika: espetxe erraldoi batek presoen isolamendua handitzen du. Espetxea zabaldu eta urte eta erdira, Arabako Salhaketa elkarteak jakinarazi zuen presoentzako ohiko moduluak espetxe txikiak zirela, isolamendu erregimen estaliarekin. Preso zeuden pertsona batzuk kritikatu zuten eguneroko bizimodua moduluen barruan baino ez zela gertatzen, eta ia ez zirela bertatik ateratzen. Urteen joanarekin egoera bertsua izaten jarraitzen duela azaldu du Marta Aldanondok. "Jendeak ez ditu espazioak partekatzen beste moduluekin, eta horrek isolamendu sentsazioa areagotzen du". Isolamendu hori Covid-19agatik ezarritako neurriekin biderkatu dela gaineratu du.
Gogorarazi behar da Araba espetxeak ia 44 hektareako azalera hartzen duela. 720 ziega ditu: 72 ziegako zortzi modulu, eta 36 ziegako lau. 152 ziega osagarri daude: presoen mugimenduentzat 56, erregimen itxian daudentzat 32, eta 64 ohe erizaindegian. Bestelako eraikinekin batera, guztira 85.000 metro koadroko azalera eraiki dute. Hori guztia eraikitzeko 116 milioi euro bideratu ziren, Presondegietako Hornikuntza eta Azpiegituretako Espainiako Elkartearen datuen arabera. Horri gehitu behar zaio espetxea martxan egon dadin behar den urteroko aurrekontua, Salhaketaren ustez 40 milioi euro inguru.
Aldanondok zehaztutako bide beretik mintzatu dira Sidalava Arabako hiesaren kontrako batzordeko kideak. Azaldu dute espetxe berria ez datorrela bat haien ustez halako azpiegiturek izan beharko luketen egiturarekin. Estruktura txikiagoen alde egiten dute, giza harreman gehiago izateko aukera eskaintzen dutenak, talde txikiagoak izateko prestatuta dauden moduluekin, eta segurtasun kontrol gutxiagorekin haien ustez halako azpiegiturek; izan ere, nabarmendu dute askatasuna ukatua duten pertsona gehienek ez dutela arrisku profilik. "Espazioaren ikuspuntu gizatiarrago bat beharko litzateke, esku hartze sozio-hezitzailea, formatzailea, terapeutikoa, okupazionala edo sanitarioa emateko", zehaztu du Josemari Loizagak, Sidalavako espetxe arloko kideak.
"Ez dira moduluak partekatzen, eta horrek isolamendu sentsazioa areagotzen du"
Marta Aldanondo/Salhaketa
ADAP Preso dauden Pertsonei Laguntzeko Elkartetik gaineratu dute eraikinaren beraren diseinuak "azpiratze" sentsazioa eragiten duela bertan daudenen artean. Espetxeetako funtzionarioen gariten kristalak ispiluzkoak dira, eta ezin da barruan dagoen pertsona ikusi; are, garita horiek goian daude jarrita, presoen eta bertan sartzen diren langileen gainetik. Araba espetxean dauden emakumezkoekin egiten du lan ADAPek, eta, espetxe aldaketarekin, inguru “hotzago” batera pasa direla azaldu du elkarteak. Langraizko espetxe zaharreko azpiegiturak "abegikorragoak" zirela argitu dute, emakumezkoek beraiek apainduta baitzeuden, besteak beste.
Horrez gain, ADAPetik gaineratu dute espetxeetan, bai espetxe zaharrean bai berrian, emakumezkoak ez direla "aintzat hartzen". Espetxeak gizonengan pentsatutako azpiegiturak direla nabarmendu dute. Horren harira gogora ekarri dute espetxe zaharrean emakumeak bi modulutan zeudela, eta egoera berdina gertatzen dela Araba espetxean. Zehaztu dute horrek askatasuna ukatua duten emakumezkoen taldekatze homogeneoak galarazten duela, gizonezkoekin egiten den bezala: profil bertsuko pertsonak elkartzea, alegia.
Gizarteratze zentrorik ez
Sidalavak, Zaballako espetxeak irudikatzen duenaren aurrean, hainbat proposamen egin ditu. Gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten pertsonak espetxetik ateratzeko beharra nabarmendu dute. Buruko gaixotasunak dituzten pertsonak beste eremu batzuetan artatzeko ere eskatu dute, eta menpekotasunak dituzten presoen arreta indartzea. Halaber, espetxe barruko programak indartzeko eskatu dute, bertan dauden pertsonen gizarteratzea bermatzeko. Azkenik, erregimen irekia sustatzeko beharra ikusten du, eta gizarteratze zerbitzuak bermatzea. Horren harira, gogora ekarri dute Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dagoela Gizarteratze Zentro bakar bat ere.
Gizarteratze Zentroa egiteko asmoak hamarkada bat baino gehiago du, baina inoiz ez da aurrera eraman. Zenbait urtez Langraizko espetxe zaharrak hartu zuen lan hori bere gain, baina 2019an itxi zutenetik ez dago halako azpiegiturarik. Ordutik, nolabaiteko askatasun erregimena duten pertsonek Zaballako espetxean egiten dute lo. Espetxe politiken eskumenen transferentziaren harira, espetxe zaharra egokitzea eta asmo horietara bideratzea jarri da mahai gainean. Ordea, gaur egun, dozenaka pertsona doaz Zaballara lotara, astean zenbait egunetan.
Eremu batzuen erabilera urria
Ordea, azpiegitura berriarekin zenbait hobekuntza egon direla gaineratu dute hiru elkarteetako kideek. Espetxea eraikita dagoen ingurua hotzagoa da, baina beroketa sistema hobeto funtzionatzen duela jakinarazi dute presoek. Halaber, espetxe zaharrean zeuden arazo batzuekin amaitu da: dutxak ziega barruan dituzte, besteak beste. "Espetxe zaharreko modulu batean botilak sartu behar zituzten komunetan, arratoiak bertatik atera ez zitezen; espetxe berrian ez dugu halakorik entzun", azaldu du Aldanondok.
2011. urtean, hedabideentzat ateak ireki zituenean, lau haizeetara zabaldu ziren barruko zenbait eremuetako argazkiak: liburutegia, igerilekua… Bada, zerbitzu horietako askoren erabilera "oso mugatua" dela azaldu du Aldanondok. Batetik, azaldu du igerilekuak ez duela erabilerarik. Igerileku terapeutikoa da, eta, hori martxan egoteko, sorosle baten beharra beharko litzatekeela zehaztu du. "Urtean horretarako beharko litzatekeen inbertsioa handiegia litzatekeela-eta itxita dago". Bestetik, liburutegiaren erabilera "oso urria" dela gaineratu du, presoen esanetan. Nolabaiteko ikasketa egiten ari diren pertsonek erabiltzen dute, ikasteko "inguru lasaiagoa" delako.
"Kartzela espazioaren ikuspuntu gizatiarrago bat beharko litzateke"
Josemari Loizaga/Sidalava
Gimnasioa irekita dagoela jakinarazi du Salhaketako kideak, baina kiroldegia ahal den beste erabiltzen ez dela hausnartu dute ADAPeko kideek. Preso dauden emakumeek bertara joateko ordu zehatzak dituztela azaldu dute, eta horrek bestelako ekintzak egitea zailtzen duela. Ordea, kiroldegiaren gainean gela txikiagoak daudela azaldu dute, lantegiak egiteko aproposak, eta horiek erabilerarekin pozik agertu dira. Ordea, hori guztia aurrez aipatutako "gehiegizko segurtasun neurriek" baldintzatuta dagoela gaineratu dute.
Erizaintzari dagokionez hobekuntza bat nabaritu dute. Horren atzean espetxeetako osasunaren eskumena Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren ardurapean geratu izana dagoela hausnartu dute. Eskumenen transferentzia hori 2012an gertatu zen, eta ahalbidetu du preso dauden pertsonen historiala eskura izatea, edota eriak espezialistengana bideratzea aurretik egiten zena baino azkarrago. Dena den, Marta Aldanondok gogorarazi du Zaballako kartzelan Araba, Bizkai edo Gipuzkoakoak ez diren presoak daudela, eta euskal presoak egon badaudela aipatu hiru probintzietatik at. "Hobekuntzak egon dira, baina oraindik falta da", iruzkindu du.
Sistemak ekarritako arazoak
Hobetu beharreko egoera horietako bat iazko urte amaieran hartu zuen indar gehien hedabideetan. Beltzune hori osasun zerbitzuekin lotuta dago, hain zuzen ere. Iazko azaroan Bilboko Espetxe Zaintzako Epaitegiak arreta jarri zuen botika psikotropikoak emateko irizpideetan, eta osasun profesionalei eskatu zien bermatzeko eriek botika horiek hartzen zituztela ematerako orduan, gerora horiekin trafikatu ez zezaten. Trafiko horri egotzi izan zioten, besteak beste, espetxe barruan gertatutako heriotza batzuk. Aldanondok nabarmendu du arazo hori espetxe guztiena dela. Hots, espetxe sisteman jotzen dela behar baino botika gehiago ematera buruko gaitzak dituztenei. "Ematen du horren bitartez lortzen dela jendea lasaiago egotea, eta izorra ez dezatela".
Beste arazo sistemiko bat espetxean gertatutako heriotzak dira. 2019 eta 2020 urteetan 11 pertsona hil ziren askatasuna ukatua zuten bitartean Araba espetxe barruan. Marta Aldanondok argi hitz egin du horren harira. Haren ustez heriotza horietan ez du eragiten espetxea modu batekoa edo bestekoa izatea. "Heriotza horiek gertatzen dira ez delako programa bat egiten pertsona hori espetxean egotearen arrazoiei heltzeko".