Enplegu publikoa kontsolidatzea eskatuz, kalera itzuli dira sindikatuak

Erredakzioa 2021ko eka. 7a, 08:00
Gasteizko manifestazioa, larunbatean. / ESK SINDIKATUA

Ehunka herritar bildu ziren Gasteizen larunbatean, zerbitzu publikoen pribatizazioarekin amaitzea eta behin-behineko enplegua konsoldidatzea eskatzeko, ELA, LAB, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuek deitutako manifestazioan.

Milaka pertsona bildu dira asteburu honetan Bilbo, Donostia eta Gasteizko manifestazio jendetsuetan. ELA, LAB, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuen deialdian, zerbitzu publikoak indartzea, enplegu publikoa sortzea eta EAEko sektore publikoko behin-behineko 60.000 langile baino gehiago kontsolidatzeko eskatu dute.

Sektore publiko osoaren mobilizazioen eta apirilaren 22ko greba egunaren ostean, sindikatuek salatu dute Eusko Jaurlaritzak, instituzioek eta alderdi politikoek ez dutela erantzunik eman "milaka langileek egindako eskaerei". Horren aurrean, azken egunetan hainbat bilera egin dituzte alderdi politikoekin. "Eusko Jaurlaritzari eta Eudeli ere bilera eskatu diegu, baina, tamalez, bilera horiek ezin izan dira egin; Eudelen kasuan bilera ukatua izan dela azpimarratu nahi dugu", kritikatu dute, jarrera hori "lotsagarria" dela salatuz.

Behin-behinekotasun altua

Sindikatuen arabera, "EAE Europako behin-behinekotasun ranking-aren lehen postuan dagoen bitartean, Eusko Jaurlaritzak pribatizazioaren aldeko apustuarekin jarraitzen du".

"Legebiltzarrean, Kidegoen eta Eskalen Lege Proiektuan barneratutako proposamen baten alde egiten jarraitzen du. Proposamen hori ez da nahikoa, eta behin-behinekotasunaren gaitza pairatzen duten langile gehienak bere aplikaziotik at uzten ditu. Ez Mahai Orokorrean, ez eta mahai sektorialetan ere, ez du enplegu publikoa kontsolidatzeko bidean aurrera egiteko borondaterik agertzen", salatu dute sindikatuek.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide