Azken hilabeteetako gorabeheren ondoren, bertan da aurtengo Araba Euskaraz, hogei egun eskasetara. Ekainaren 20an ospatuko da Laudion, Zabal bideak lelopean, eta Laudio Ikastolak astearte honetan aurkeztu du egunerako programa anitza, Arabako Ikastolen Federazioarekin eta Euskal Herriko Ikastolen Elkartearekin hartutako erronkari eutsita.
Osasun egoera hobetu den arren, orain arte jai egun erraldoi baten inguruan abiatzen zen ekimena berrasmatu behar izan dute, egoerara egokitutako formatu bat eskaintzeko. Beraz, aurtengo nobedadeetako bat izango da jaialdian parte hartzeko izena eman beharko dela Araba Euskarazen webgunean, "parte hartzaileen osasuna eta segurtasuna ahalik eta gehien zaintze aldera". Gainera, bertaratzen diren lagunei "modu arduratsuan" jokatzeko eskaera egin diete.
Ezohiko Araba Euskaraz
Edonola ere, Jon Bengoetxea eta Aiara Murga Laudio Ikastolako zuzendariek Araba Euskaraz ekimenaren garrantza azpimarratu dute, "Arabako ikastolen hezkuntza proiektuak garatu ahal izateko, eta are gehiago pandemiak horrenbeste kaltetu dituen euskara eta euskal kulturari bidea berriro zabaltzeko".
Horregatik, erronka bikoitza proposatu dute aurtengo jaialdirako. Batetik, Laudio Ikastolaren hezkuntza proiektua "ezagutaraztea eta hauspotzea". Bestetik, berrasmatu eta egungo egoerara egokitu behar izan arren, Araba Euskaraz eguna bera "biziberritu eta indartzea, ikastolako komunitatearen eta herriko elkarte zein erakundeen arteko harremanak sakonduz".
Zentzu horretan, Liher Larrea Arabako Ikastolen Elkarteko lehendakariak Laudio Ikastolak hartutako erronka eta "oztopoak oztopo egindakoa" txalotu nahi izan du. "Aurten ezingo gara nahi beste euskaltzale elkartu, baina ziur, bertaratutakoek egun polita pasatuko dutela", adierazi du. Gainera, datozen urteetarako Araba Euskaraz nolakoa izango den prestatzen ere dabiltzala aurreratu du Larreak.
Bi gune eta azoka bat
Aurtengo Araba Euskaraz ez da egun bakarrera mugatu, eta hainbat izan dira ikasturtean zehar antolatutako jarduerak. Ekainaren 20ko egitaraua jarduera sorta horri itxiera emateko aukera izango da, ibilbiderik eta kontzertu erraldoirik gabe.
Horretarako, "lantaldeetan, auzolanean eta herriko eragileekin elkarlanean, irudimenaz eta ilusioz", bi gune nagusi prestatu dituzte: alde batetik, Euskararen Plaza, parte hartze zuzena eta aktiboa eskatzen duten jarduerekin; bestalde, Euskararen Basoa, ikusi edota entzunez gozatzeko ikuskizunekin.
Aiara Murgak azaldu duenez, "elkarlanari, ilusioari, kulturari, auzolanari, aniztasunari, parte hartzeari, euskarari eta parekidetasunari" bidea zabaldu nahi izan diote euskararen aldeko programa oparo honen bitartez. Adin guztietarako pentsatutako egitaraua prestatu dute, baina bereziki familian gozatzeko eguna izango da etaedukiera mugatua izango du proposatu diren bi gune handi horietan:
EUSKARAREN PLAZA (herrigunea)
Herriko plaza
- Edukiera: 114 pertsona.
- 10:00: irekiera ekitaldia. Ohi bezala, instituzioetako eta gizarte eragileetako ordezkariak izango dira bertan.
- 11:00 eta 13:00: Eidabe taldearen Gora kasete ikuskizuna, EDPren eskutik.
- 16:00: dantza emanaldia, Laudioko Akelarre, Itxarkundia eta Untzueta dantza taldeen eskutik.
- 17:30: zunba tailerra, eskualdeko Izaskun del Cerroren gidaritzapean. Saio honetan, Araba Euskaraz kantaren koreografia dantzatzeko aukera egongo da.
Aldai plaza
- Edukiera: 120 pertsona.
- 11:00 eta 13:00: 3 kluba, Go!azen kontzertua, EITBren eskutik.
- 17:30: Maider Zabalegi, kontzertu akustikoa.
EUSKARAREN BASOA (parkea)
Kultura etxeko lorategia
- Edukiera: 75 pertsona.
- 11:00 eta 13:00: tailerrak eta jolasak. Bertan herriko Kirikino Aisialdi taldeak eta Aiaraldeko Kokoriko hezkuntza faktoriak tailerrak zein jolasgunea eskaintzeaz gain, Eroskik sukaldaritza ikastaroa eskainiko du.
Kasinoa
- 11:00, 12:00 eta 13:00: ihes gela, 18 pertsonarentzako edukierarekin.
- 16:00: karaokea, 40 pertsonarentzako edukierarekin.
Pergola
- Edukiera: 100 pertsona.
- 11:00, 12:00 eta 13:00: Kaiku: elikagaien taupadak antzerkia, Kaikuren eskutik.
- 16:00: bertso saioa, Laudio eta Arabako bertsolariekin: Izar Mendiguren, Manu Bendala eta Iñaki Viñaspre bertsolariak eta Ainhoa Comas gai-jartzailea.
- 17:30: Ene bada! musika emanaldia, Aiama eta Ane Guriaren eskutik.
Lamuza frontoia
- 10:00: Arabako herriarteko eskupilota txapelketako finalak jokatuko dira, Pilota Federazio eta Laudioko Herriaren pilota elkartearen eskutik. Egun indarrean dauden neurriak kontuan hartuta, ikuslerik gabe izango da.
- 16:00: Dekatloia, euskal kulturan sustraituta dauden euskal joko eta kirolez osatutako topaketa ludikoa.
AZOKA
Aipatutako gune eta jarduerez gain, bertako ekoizleei ere bidea zabaldu nahi izan diete, eta 41 postuz osatutako azoka jarriko dute Laudioko institutuko jolastokian. Kasu honetan, azoka ikusi nahi dutenek ez dute aldez aurretik izena eman beharrik izango.
Halaber, tonbola bat osatuko da Lamuza plazan, ikastolako familiek zein langileek egindako ekarpenekin eta herriko merkatari zein ostalariek eskainitako laguntzarekin. Bertatik pasatzen den orok saria jasoko du euskara babestearen truke.
Azkenik, abendutik bezala, ekainaren 20an Araba Euskaraz Denda ere zabalik egongo da. Bertan eskuragarri izango da kanpaina honetarako ekoiztu eta diseinatutako material guztia: kamisetak, botilak, izerditakoak, kirol kamisetak, motxilak eta abar luze bat.