Araba Euskaraz 2021

Araba Euskarazek bidea zabalduko die bertako ekoizleei

Erredakzioa 2021ko mai. 31a, 13:00

Aurtengo edizioaren denda ofiziala. / ARABA EUSKARAZ

Ekainaren 20an Laudion ospatuko da aurtengo Araba Euskaraz eguna. Besteak beste, bertako nekazari zein artisauen azoka jarriko dute, 10:30etik 15:30ak arte. Parte hartzeko eskaera egiteko epea ekainaren 6ra arte dago zabalik.

Araba Euskaraz eguna bertan da, eta Laudio horretarako prestatzen ari da. Guneetako bat iragarri dute antolatzaileek: IES Laudioko kanpoko gunean, bertako nekazari zein artisauei bidea zabaldu nahi diete, eta hamarnaka postuz osatutako baserritar azoka jarriko dute 10:30etik 15:30era bitartean. Postu horietako batzuk baserritar produktuetarako bideratuko dira, eta gainontzekoak, berriz, artisautzara.

Bertan produktuak erakusgai eta salgai jartzeko interesa duen orok formulario bat bete beharko du ekainaren 6a baino lehen. Izen-emate kopurua postu kopurua baino handiagoa baldin bada, ekainaren 7an zozketa bidez esleituko dira. Ondoren, postua jarriko dutenek 50 euroko ordainketa egin beharko dute honako kontu-zenbakien bitartez, kontzeptu gisa "AzokaAE" eta izen-abizenak jarriz:

  • Laboral Kutxa: ES26 3035 0355 0235 5001 9337
  • Kutxabank: ES62 2095 3258 2091 1912 5991

Horrez gain, jakiak saltzen dituztenen kasuan, osasun erregistroa bidali beharko dute arabaeuskaraz@ehi.ikastola.eus helbidera, ekainaren 11a baino lehen.

Segurtasun neurriak

Antolatzaileek informazio osagarria plazaratu dute azokan parte hartuko duten lagunentzat. Saltzaileen kokapena antolakuntzak erabakiko du, eta postuak zein erakustokiak antolakuntzak berak jarriko ditu. Egunean bertan, baserritar zein artisauak, 8:30etik aurrera bertaratu beharko dira azoka gunera, euren saltokia atontzeko.

Antzeko ekitaldietan bezala, segurtasun neurri guztiak bermatuko dira: postu bakoitzak desinfektatzailea izan beharko du, eta saltzailearen eta eroslearen arteko gutxieneko distantzia metro bat eta erdikoa izango da. Horrez gain, ez da laginik jarriko erosleei probatzeko aukera eskaintzeko. Azkenik, azokaren egunean, parte hartuko duten lan taldeko pertsonen izen-abizenak eta kontaktua eman beharko zaizkie antolatzaileei.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago