Euskal Herrian ekimen ugari antolatu dira asteotan Saharako Herriaren Askatasunaren Martxarekin batera. Espainiako Estatua zeharkatzen ari den protesta Madrilera abiatu aurretik, Araban egingo zaio harrera. Hala, ekainaren 5ean, 12:00etan, kotxe karabana egingo dute Laudioko plazatik Amurrioko Juan de Urrutia plazara. Ekainaren 6an, berriz, Gasteizen, jai giroan, ibilaldia egingo dute, 11:00etatik aurrera, Bilbo Plazatik Andre Maria Zuriaren plazara; eta 16:45ean, kotxe karabana abiatuko da Miranda Ebrora. Eli Eizagirre martxaren antolatzaileak Saharako gatazka "ezkutatzeko" Marokoko gobernua egiten ari den ahalegina salatu du.
Hilaren 20an hasi zen martxa, Irunen. Zelan doa ekimena?
Hasieratik ikusi genuen Euskadi mailan zaila zela kilometroak egin ahal izatea, eta egiten ari garena toki bakoitzean ekintza desberdinak antolatzea da. 48 elkarte biltzen gara Saharako Herriaren Askatasunaren Martxan, eta Irunen hasi ginenetik gaur arte ekintza ugari egin ditugu. Pozik gaude jendeak izan duen erantzunagatik; Tolosaldean eta Bilbon izan ginen eta bi tokietan harrera oso ona izan zuen martxak, bai sahararren aldetik, eta, noski, euskal herritarren aldetik ere.
Zer helburua du martxak?
Helburu desberdinak ditu. Garrantzitsuena eta printzipalena da Espainiako Estatu osoan gauzatzen ari den martxa ekainaren 19an bukatuko dela Madrilen, eta manifestua entregatuko zaiola Espainiako Gobernuari. Izan ere, Sahara deskolonizatzeke dagoen lurralde bat da, Afrikako azken lurraldea, eta auzi horretan oraindik ere erantzukizunak ditu Espainiako Estatuak, eta erantzukizun horiek bete ditzan eskatu nahi zaio. Helburu nagusia hori da, eta paraleloki, martxa dihoan toki bakoitzean Saharako egoera kaleratzea eta euskal herritarrak informatzea.
"NBE-k alperrik dauka Minurso, Saharan oinarrizko eskubideak egunero zapaltzen baitira"
Ceutako gertakariek balio izan dute berriro ere Saharako gatazka mahai gainean jartzeko.
Nola edo hala guretzat aukera bat izan da telebistan eta prentsan ateratzeko, eta hori positiboa da. Zoritxarrez, Saharako presidentea gaixo dago Logroñoko ospitale batean, eta den-dena nahastu egin da, baina gutxienez isilik mantentzen den Saharako gaia kaleratzeko aukera izan dugu. Oso zaila da Saharako auzia hedabideetan ateratzea. Marokoko Gobernuak eta erregeak hainbat eta hainbat marokoar ditu bere zerbitzura komunikabideetan ateratzen diren informazioak isilarazteko eta sare sozialetan agertzen diren informazioak ezkutatzeko. Hortaz, martxaren bidez edo Ceutako desgraziaren bidez edota Brahim Ghali presidentea gaixorik dagoelako, Saharako auzia berriro medioetan egotea pozgarria da.
Urritik hona Saharan dagoen egoera ezkutuan pasatzen ari dela uste duzu?
Horixe da. Marokoko Gobernua diru asko gastatzen ari da Saharako gatazka isilarazteko, eta argi gelditu da azken egun hauetan Espainiako hainbat komunikabide erosita dituela; jarraitu ditugun albisteetan ikusi dugu zein kazetari eta zein enpresa dauden Marokoko Gobernuaren soldatapean. Askotan salatu dugu hori baita sare sozialak kutsatzeko hainbat teknikari dituela Marokok ere. Orain atera dira aurpegi horiek, eta orain argi geratu da zer gertatzen ari den.
Saharaz gain, egoera larria da munduko beste herrialde batzuetan.
Egia da. Mundua hankaz gora dago eta edozein albiste ateratzen dela aurreko albisteari lekua kentzen dio. Hori, argi eta garbi. Palestina, Kurdistan, Kolonbia, Sahara… Den denak gaude ipurdiz gora, eta azkenean informatiboetan Sahara beste bat da.
Zer eskatzen diozue une honetan Espainiako Gobernuari?
Behingoz bete ditzala lurraldearen potentzia administratzaile gisa dituen betebeharrak, eta NBE-ri exijitzea autodeterminazio eskubidearen erreferenduma gauzatzea. Bukatu dadila egoera hau, eta baldintza guztiak jar ditzala guztia ondo amaitzeko.
Enegarren aldia da horrelako eskaera egiten dela. Erantzunik izango duzuen itxaropena duzu?
Oposizioan dauden bitartean oso mezu politak egiten dituzte denek, baina gero gobernura iristen direnean mezu horiek ahaztu egiten dira. Itxaropena ezin da galdu. NBE-k hor dauka Minurso, alperrik dauka, egunero-egunero oinarrizko eskubideak zapaltzen direlako Mendebaldeko Sahara okupatuan. Hau ez da duela mila urteko historia bat, gure amonek kontatu digutena, orain dela 45 urteko kontua da eta oraindik bizirik daude exodoa bizi zutenak eta kontatzeko gai dira. Exijitzen dena betearazteko legeak eta arauak badaude. Ez gara ezer asmatzen ari, baizik eta legeak esaten duena exijitzen, deskolonizatzeko lurraldea dela Sahara eta potentzia administratzailea Espainia dela. Legeak hala dio, beraz, legea bete dadila; batzuentzat betetzen den bezala beraientzako ere bete dadila.
"Isilik mantentzen den Saharako gaia kaleratzeko aukera izan dugu Ceutako gertakariekin"
Enfrentamendu armatuari ere irtenbidea eman beharko zaio?
Su-etena marokoarrek hautsi dute; sahararrak urte asko eta asko egon dira itxaroten, eta pazientzia bukatu zaie. Su-etenean zeuden bitartean, kalera ateratzen ginen Mendebaldeko Sahara okupatuan su-eten hori modu batera edo bestera hautsita zegoela salatzeko, egunero-egunero marokoarrek sahararrak jipoitu, torturatu eta bortxatzen zituztelako; eta hala eta guztiz ere munduak eta NBE-k ez dute ezer egin. Joan den azaroaren 13an, Guerguerat-en gertatutakoa eta gero, sahararrek esan zuten "honaino iritsi gara", eta ondorioz bonbardaketak egunero daude Maroko eta Sahara artean.
Egoera horretan, martxak zertan lagunduko du?
Saharan gertatzen ari dena Espainiako Estatuaren erantzukizuna da, eta eskatu nahi zaio egungo egoerarekin amaitzeko behingoz, giza eskubideak errespetatu daitezela. Ez da oparirik bilatzen, baizik eta justizia, eta soluzio erraz batekin: sahararrei aitortu behar zaie duten eskubidea, besterik gabe. Badakigu azpitik badaudela negozio asko eta azpijoko asko, baina auzi hau Espainiako ardura da. Hori aldarrikatu nahi du martxak.